2026-08-12
HomeEkintza SindikalaCAFeko zuzendaritzak hitzarmenari buruzko negoziazio erreala ahalbidetu bitartean borrokari eutsiko diogu

CAFeko zuzendaritzak hitzarmenari buruzko negoziazio erreala ahalbidetu bitartean borrokari eutsiko diogu

Beasain eta Irungo lan zentroetan hitzarmena berritzeko martxan den prozesuan zuzendaritzak bi proposamen aurkeztu baditu ere, ez da adostasunik lortu; ondorioz, enpresa batzordeak eta langileek mobilizazio eta lan‑uzteen dinamika mantenduko dugu.

Hirugarren mobilizazio astean murgilduta, atzoko lan‑uzteekin batera, CAF Beasaingo biltegi nagusiko sarrera egun osoan blokeatu genuen, kamioien sarrera-irteerak eragoztea lortu genuelarik. Gaur, asteazkena, lan‑uzte tartean manifestazio jendetsua egin dugu Beasaingo lantokiaren inguruan.

Langileen asanbladek 67 orduko lan‑uzteak babes zabalez berretsi zituzten. Zuzendaritzak langileen beharrak jasoko dituen hitzarmenik proposatzen ez badu, borrokan jarraitzeko prest gaude.

Zuzendaritzaren azken proposamenaren ostean, enpresa batzordeak bere eskaerak egokitu ditu, eta orain zuzendaritzari dagokio negoziazio mahaia berriro deitu eta prozesuan aurrera egitea. LAB lehen indar sindikala da lan zentro hauetan, eta dagokigun erantzukizunarekin, negoziatzeko prestutasuna berresten dugu.

Hala, LABen honako hauek jotzen ditugu funtsezkotzat hitzarmenaren negoziazioan, besteak beste:

-Lanpostuen defentsa lana kanpora ateratzen den kasuetan

-Enplegu sorrera eta egonkortasuna

-KPIaren gainetik egongo diren soldata‑igoerak

-Plantilla osoarentzako 1.592 orduko urteko jarduna ezartzea

-Lanaldia murrizteko bideak irekitzea

-Azpikontratazioaren aurkako neurriak

-Atzerrirako bidaietako baldintzen hobekuntza

-Azkenaldian berrituak izan ez diren langileak berronartzea

-Antzinatasunaren ordainketan lan egindako epe osoa kontabilizatzea

-Lizentzia eta baimenen hobekuntzak

-Errelebo kontratuaren aplikazioa

Gauzak horrela, zuzendaritzaren esku dago negoziazioan urrats errealak ematea eta langileen eskaerei erantzutea, lan‑harreman bidezkoagoa ahalbidetze aldera. Horrela ez bada, LABek argi dauka: negoziatzeko dugun prestutasun bera erakutsiko dugu borrokarako ere.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kaleratutako 13 lankideak berronartzea eskatu dute Konecta BTOko langileek

Lanuztea egin dute eta El Correo-ren Bilboko egoitzaren aurrean mobilizatu dira. Vocento da, Iberdrolarekin batera, Konecta BTOko bezero nagusia. Gaurkoa izan da langileek egin...

Osasunbideak ez ditu hizkuntzak baloratzen langile fakultatiboen deialdietan

Hizkuntzen balorazioa ezartzen duen araudi berriaren aplikazioari zor zaio. Azken hau euskararen dekretu gisa ezagutzen da. 2025ean horren inkoherentzia eta bidegabekeriak salatu genituen, eta...

Konecta BTO telemarketin enpresako langileek lanuzteak egingo dituzte abuztuaren 11n eta 17an ezkutuko EEEaren kontra

Enpresaren bezero nagusi diren Vocentori eta Iberdrolari erantzukizuna exijituko diete. Gueñesen kokatuta dagoen Konekta BTO telemarketin enpresako langileek salatzen dute enpresa ezkutuko Enplegu Erregulazio Espediente...