2026-11-07
HomeEkintza Politikoa: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan...

[ARGAZKI GALERIA]: Birbanaketa politikak eta langileen aldeko neurriak aldarrikatu ditugu Euskal Herri osoan egindako 26 manifestaziotan

Eskualdez eskualde mobilizatu gara Maiatzaren Lehenean, etxebizitza eskubidearen, kalitatezko zerbitzu publikoen eta soldata nahiz pentsio duinen aldarrikapenak ardatz hartuta.

Langileok eragin leloa izan da LABek aurtengo Langileen Nazioarteko Egunerako hautatu duena. Izan ere, gerrak eta ezengonkortasun ekonomikoak jotako nazioarteko testuinguruaren ondorioak langileon bizkar jarri nahi dituzten honetan, behar-beharrezkoa da bizitza duina izateko ezinbesteko neurriak bermatu, eta enplegua, zaintza lanak eta ondasuna banatzeko politikak abian jartzea.

Gauzak horrela, gaurko mobilizazioetan hiru aldarrikapen nagusi haizatu ditugu: zerbitzu publikoak indartzea (kalitatezko hezkuntza, osasun zerbitzua eta zaintza langileen eskura jartzeko); etxebizitza eskubidearen defentsa espekulazioaren kontra eta pentsio nahiz soldata duinak, bizitzaren garestitzeari aurre egiteko. Horrekin batera, langileak euskaraz lan egin eta bizitzeko eskubidearen alde mobilizatzera deitu ditu Donostiako manifestazioan parte hartu duen Garbiñe Aranburu LABeko koordinatzaile orokorrak, eta enpleguaren defentsan borrokan diren langileak ere gogoan izan ditu.

Gerra inperialisten eta kapitalisten aurkako mezu argia utzi nahi izan dugu aurtengoan. Oligopolioek “eskandaluzko irabaziak” dituztela adierazi du Aranburuk: “Iberdrolak 2025ean inoizko irabazirik handienak izan ditu; Repsolen irabaziak %154 igo dira aurtengo lehen hiruhilekoan, eta bitartean, bizitza garestitzen eta langileok pobretzen ari gara; ez dugu gerraren aitzakian enplegu-galerarik onartuko, ez lan-baldintzak okertzerik; ez zerbitzu publikoak ahultzerik”.

Hain zuzen ere, bizimodu duin baterako 1.500 eurok gutxieneko soldata propioa aldarrikatu, eta gogor kritikatu du Aranburuk Pradalesen gobernua, martxoko greba orokorrari emaniko erantzunagatik: “Elkarrizketa sozialeko mahaian iragarritako akordioak agerian uzten ditu Pradalesek dituen hipotekak termino sozialetan Confebaskekin, eta termino nazionaletan PSErekin”. Lehendakariari egotzi dio “Confebask zuritzea; sindikalismo otzana hauspotzea eta klase-sindikalismo soberanista zigortzea”.

Langileen aldeko neurriak hartzea faxismoari eta oldarraldi erreakzionarioari ateak ixteko modua da, eta arrakala matxista, arrazista eta belaunaldi arrakalei aurre egitekoa.

Ildo beretik, Euskal Herrikoak ez ezik, munduko langileak ere gogoan izan ditugu; hala, Kubak pairatzen duen blokeoa arbuiatu dugu, saharar herriaren autodeterminazioa eskatu, eta, nola ez, apartheidaren eta genozidioaren krudelkeriaren aurrean Palestinari elkartasuna erakutsi diogu beste behin ere, Israelgo estatu kriminalak Flotillaren kontra egingiko erasoa salatu dugularik. Injerentzien aurka herrien burujabetza eta herritarren ongizatea defendatzen ditugu LABen.

Sindikalismo borrokalari, independentista, feminista eta antirrazista jorratzen segitzeko konpromisoa berresteko eguna izan da. Azken horri dagokionez, koordinatzaile orokorrak iragarri du LAB inplikatu egingo dela langile migranteen erregularizazio prozesuetan, bere ekarpena eginez.

Euskal langileei antolakuntza eta borrokarako deia ere egin diegu gaurkoan, euskal sindikalismo eraldatzailea sustatzen jarraitzeko konpromisoa berrestearekin batera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.