LABeko koordinatzaile orokorrak elkarrizketa eman du gaur goizean Naiz Irratiko mikrofonoetan. Greba Orokorraren osteko egoeraz, lan osasunaz, euskara eskakizunen aferaz edota, nola ez, biharko, Maiatzaren Lehenerako, sindikatuak eginiko deialdiez mintzatu da, besteak beste.
Langileen aldeko politiken beharra ipiniko dute erdigunean biharko, Langileen Nazioarteko Egunerako, LAB sindikatuak eskualdez eskualde deitutako mobilizazioek. Ildo horretan, hiru aldarrikapen nabarmenduko dira: etxebizitza eskubidea, kalitatezko zerbitzu publikoak eta soldata nahiz pentsio duinak. Izan ere, Arroyok nabarmendu duenez, “sistema bidegabe eta gero eta bideraezinago batean bizi gara” eta, horren aurrean, “alternatibak planteatu eta mugatuak diren baliabideak modu justuan banatu behar dira”.
Enplegua, zaintza eta etxebizitza, langileontzako bermatuak egon beharko liratekeenak, etekinak eskuratzeko bitarteko gisa erabiltzen diren honetan, Arroyok uste du agintari eta instituzioek harturiko neurriak guztiz eskasak direla eta gaur-gaurkoz ez dagoela langileen aldeko sakoneko neurriak hartzeko borondaterik; bai, ordea, patronalaren interesetara lerratzekoa. Bada, jarrera horrek gero eta ondorio politiko handiagoak izango ditu LABeko koordinatzaile orokorraren ustez, langileak ez baitaude prest desoreka hori luzaroagoan jasateko.
Aipaturikoaz gain, absentismoaren gezurra erabilita patronalak langileak desprestigiatzeko abiaturiko kanpaina hartu du ahotan Arroyok, eta gogorarazi du enpresariei merke ateratzen zaiela lan osasunaren arloan legea ez betetzea. Bada, ikuskari kopurua, “guztiz urria” dena, areagotu behar dela aldarrikatu du.
Bolo-bolo dabilen euskara eskakizunen gaiari ere heldu dio LABeko koordinatzaile orokorrak, aipatu duelarik, LABen ustez, euskarak gaztelaniaren estatus bera izan behar duela eta oinarri hori aintzat hartuta ezarri behar direla hizkuntza eskakizunak enplegu publikoan, herritarren hizkuntza eskubideak bermatuko badira.
Horregatik guztiagatik, bihar kalera ateratzearen eta langileon eskubideen alde borroka egitearen garrantzia azpimarratu du Arroyok.

