2026-10-02
HomeEkintza SozialaG7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatuko dugu...

G7ak ordezkatzen duen ereduaren aurrean, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatuko dugu Irun eta Hendaian

G7ko agintariak Biarritzera etorriko dira abuztuaren 24, 25 eta 26an, goi gailurra egiteko. Hori dela eta, “G7 EZ! Euskal Herritik beste mundu bat sortzen” plataformak kontragailurra antolatu du Irun eta Hendaian, abuztuaren 21 eta 23 artean, zenbait mobilizaziorekin batera. Hainbat eragilek osatzen dute aipatutako plataforma, eta LAB sustatzaileen artean dago. Hain zuzen ere, LABeko idazkari nagusi ondoko ez ezik, plataformako ordezkari ere bada Igor Arroyo. Hala, Irungo Ficoban abuztuaren 21ean abiatuko den kontragailurraren nondik norakoak azaldu ditu.

“Borroka ideologikoari, eztabaidari eta mobilizazio baketsuari lehentasuna emango diogu, eta antolatutako eremuan hori izango da planteatuko den jarduera”. Hala berretsi du Igor Arroyok Euskadi Irratiko Faktoria saioan egindako elkarrizketan, Irun eta Hendaian egingo diren jarduerei buruz aritzerakoan. Hain justu, ekimenez bete-beteta dator G7 EZ! plataformak prestatutako egitaraua.

Igor Arroyoren hitzetan, “alternatiben lurraldea eremu aske bat izango da, non guztiak elkartu ahalko garen eztabaidatzeko, mobilizatzeko, alternatibez hitz egiteko eta premiazkoa den alternatiben inguruan indarrak biltzeko, ikuspegi estrategiko batetik. Guretzat, hemen jokoan dagoena ez da egun batzuetako kontua, gure munduarekin, gure herriarekin, gure etorkizunarekin zer gertatuko den baizik”.

G7 EZ! plataformako ordezkariaren esanetan, “G7ak bi gauza ordezkatzen ditu, batez ere. Lehenik, sostengarria ez den eredu bat ordezkatzen du, etekin enpresarialak lehentasun jartzen duen eredu kapitalista bat. Hau ez da bidezkoa, baina ezta sostengarria ere ikuspegi ekologiko, sozial eta ekonomiko batetik. Beraz, aldaketa soziala, eredu aldaketa bat, beharrezkoa da. Bigarrenik, ikusten ari gara demokratizazioari buruz hitz egiten ari dela mundu mailan, baina errealitatea da etekinak eta aberastasuna pilatzen diren neurri berean pilatzen ari dela boterea; alegia, gero eta jende gutxiago gero eta boteretsuagoa dela, eta G7ak hori ere ordezkatzen du”.

Horren aurrean, demokrazia zentzu sakonenean aldarrikatu behar dela iritzi du: “Herriaren gobernua aldarrikatu behar dugu, herrien gobernua, burujabetza, erabakitzeko eskubidea; gure gorputzen inguruan, gure bizimoldearen inguruan, herri bezala dugun etorkizunaren inguruan. Bi ardatz horien inguruan, alternatibak beharrezkoak eta posible direla aldarrikatzea beharrezkoa da”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.