2026-04-23
HomeEkintza SindikalaEudelen mahai-negoziatzailearen bezperan ELA eta LABek egin dugun 2 ordutako lanuzteak jarraipen...

Eudelen mahai-negoziatzailearen bezperan ELA eta LABek egin dugun 2 ordutako lanuzteak jarraipen zabala izan du

75 mobilizazio baino gehiagotan EUDELi eta EAJ, EH Bildu eta PSE-EEri exijitu diegu Udalhitzeko eta udaletako mahaietan edukiak orain ekartzeko

Gaurko egunerako, EUDELek Udalhitzeko mahai-negoziatzailea deitua duen bezperarako, ELA eta LAB sindikatuek 2 ordutako lanuztea deitu dugu Udalhitzeko zein hortik kanpoko udaletako (hiriburuak eta udal handiak gehien bat) negoziazioetan udal langileek eskatzen ditugun aldarrikapenak mahaietara ekarri ditzaten.

2 ordutako lanuzte honek 75 udal baino gehiagotan mobilizatzea eragin du, lanuztean udaletako zein udal erakunde publikoetako langileek parte hartu dutelarik. Ehunka izan dira gaurko egunez tokiko admininistrazioen aurrean mobilizatu diren langileak eta tokiko administrazioei, hauek gobernatzen dituzten alderdi politikoei zein EUDELi exijitu diete mahai-negoziatzaileetara edukiak orain ekartzeko, soldata eta enpleguari dagozkion gaiak hemen negoziatu behar direla aldarrikatzearekin batera.

Udal eremuan urte asko daramagu lan baldintzak hobetuko dituen akordio integralik gabe eta mahai gehienak ez daude martxan. Bitartean, aurreko urtean Udalhitzeko negoziazio mahaia martxan jarri zen eta orain dela 16 urte berritu gabeko lan-baldintzak adosteko aukera irekita dago. Alabaina, Udalhitzen negoziazioan urte eta erdi pasa den arren, oraindik orain EUDELek eduki eskasak jarri ditu mahai gainean eta orokorrean konkreziorik gabekoak dira. Udalhitzen kanpo dauden udaletan berdina gertatzen ari da.

Testuinguru horretan negoziazio-mahaietara edukiak eraman eta lan-baldintzen hobekuntza negoziatzea exijituz ELA eta LAB sindikatuok adosturiko aldarrikapen komun batzuen baitan mobilizazio eta greba dinamika abiatu genuen. Zentzu horretan, gaurko lanuzteak eta langileek erakutsitako indarrak alderdi politikoak mugiarazi dituen edo ez ikuskizun dago, biharko mahai negoziatzaileko edukiek argituko digute hori. Langileon aldarrikapenak mahai gainera ekarri bitartean, langileok argi daukagu abiatu dugun borrokarekin jarraitu behar dugula eta horregatik maiatzaren 14ean eta ekainaren 4ean egun osoko grebak burutuko ditugu EAEko udaletxe guztietan.

Hauek dira gaurko lanuztean eta mobilizazioetan egin diren aldarrikapenak:

  • Soldatetan azken urteetan galdutako eros ahalmenaren berreskurapena, aurretik galdutakoaren zorra onartu eta berreskuratzeko konpromisoa barne. Eta udaletan azpikontrataturiko langilerik ez egotea 1500€ko gutxieneko soldataren azpitik.
  • Enpleguari lotuta pribatizazio gehiagorik ez egitea eta publifikazioak burutzea, egiturazko lanpostuak aitortzea, sektore feminizatuetan jardunaldiak %100ekoak izatea eta behin-behinekotasun tasa errealak jaistea prozesu bidez eta langileak kontsolidatuz.
  • Gazteberritze neurriak adostea: batetik, adinagatiko lanaldia murrizteko eskubidea aitortzen duten neurriak soldata eta kotizazioak murriztu gabe; eta bestetik, errelebo kontratua bermatzea langile guztiontzat.
  • Jardunaldia jaistea eta musika eskoletan zein euskaltegietan irakastorduak jaistea ere.
  • Lan Osasunari loturiko neurriak adostea: baja bukatzen den arte %100 ordainsari konpentsazioa jasotzea; bajen kudeaketa publikoa egitea eta ez mutualitateen bitartez; lan kargak arintzeko neurri zehatzak adostea ordezkapenak barne; eta arrisku psikosozialen eta arrisku ergonomikoen ebaluazio adostuak egitea zein honi loturiko neurriak ezartzea.
  • Hautaketa prozesuak tokiko erakundeek egiteko derrigortasuna ezartzea, suhiltzaileak eta tokiko poliziak prozesuak barne, eta hauek gutxienez 3 urtean behin egitea, lekualdatze lehiaketekin batera.
  • Euskarari dagokionez, lanpostu guztiak elebidunak izateko neurriak ezartzea; batetik, sarbidean bi hizkuntzak derrigorrezkoak izanik; eta bestetik, egun lanean ari direnak euskalduntzeko, euskara planak adostuz.
  • Berdintasun neurriak adostea: soldata arrakalekin amaitzeko neurriak; jazarpen protokoloen jarraipena, aplikazioa eta ebaluazioa egitea; LGTBIfobiaren kontrako protokolo eraginkorrak; edota kolektibo maskulinizatuetan, neurri eraginkorrak egoerari buelta emateko.
  • Kontziliatzeko neurriei dagokienez, batetik, zaintzeko lanaldi murrizketak eta eszedentziak adostea, zaindutako pertsonaren adin mugarik gabe; eta bestetik, loturagramen bidezko baimenak onartu eta aitortzea.
  • Trantsizioa ekosozialerako neurriak adostea.

Bukatzeko, lanuztea egin eta mobilizazioetan parte hartu duten langile guztiak zoriondu nahi ditugu. Gero eta gehiago gara, jarraitu dezagun lanean eta landu ditzagun maiatzaren 14ko zein ekainaren 4ko greba egunak. Udalhitzen zein udaletako negoziazioetan edukiak orain eskuratzeko modu bakarra da! Beraz, presionatu ditzagun alderdi politikoak langileoi dagokiguna eskuratu arte!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Matia Fundazioak lehenengo bajaren %100eko osagarria kentzea erabaki du

LAB sindikatuak Gipuzkoako herritarrei Matia Fundazioko langileen egoeraren berri eman nahi die, azken erabaki batek sortu duen kezka dela eta. Fundazioko zuzendaritzak lehenengo bajaren %100eko...

LABek Arabako adingabeen eta emakumeen babes-sarean murrizketak salatu ditu eta Urtarani erakundeen utzikeria eteteko exijitu dio

Gizarte Ongizateko Foru Erakundearen (GOFE) mendeko Beti Gizartean Fundazioak kudeatutako baliabideetako LABeko langile eta elkarretaratze bat burutu dute gaur. Gorka Urtaran eta bere Gizarte...

LABek Tubos Reunidosen enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda erregistratu du, eta azalpenak eskatu ditu prozesuaren opakutasunaren aurrean

LABek gaur aurkeztu du epaitegian Tubos Reunidosek planteatutako enplegu-erregulazioko espedientearen aurkako demanda, beste urrats bat emanez lanpostuen defentsan eta justifikaziorik ez duten enpresa-erabakien aurrean. Demanda...