CAFek 2025ean berriro irabazi milioidunak izan ditu, baina horrek ez du islarik izan langileen lan baldintzetan. Horregatik, lan baldintzak hobetu eta bateratzeko eskatu dio LABek CAFeko zuzendaritzari.
CAF etengabe agertzen da hedabideetan kontratu milioidunen titular handiekin. Baina irudi horren atzean, CAF Taldeko lantoki askotako langileak ari gara gure lan-baldintzak hobetzeko borrokan, askotan baldintza prekarioetan. Eta errealitate hori ez da agertzen titular horietan.
Gaur egun negoziazio prozesu ugari daude irekita taldeko hainbat enpresatan: CAF SA (Beasain eta Irun), CAF TE (EuskoTren eta Gasteizko tranbiaren mantentze-lanak), Geminys, CAF Signalling, CAF Power… Prozesu bakoitzak bere berezitasunak ditu, baina guztiek dute komunean elementu bat: CAFeko zuzendaritzaren itxikeria negoziazio mahaiak blokeora eramaten ari dela.
Egoera honen aurrean, geratzen zaigun tresna bakarra mobilizazioa da. Horrela, EuskoTrenen eta Gasteizko tranbiaren mantentze-lanetan diharduten CAF TEko plantetan, langileak martxoaren 30etik greba mugagabean daude. Eta CAF SAko Beasain eta Irungo plantetan, aste honetan bertan hasi da 67 orduko lanuzteak jasotzen dituen mobilizazio egutegia.
CAF erreferentziazko enpresa da, industria-ikur eta motor ekonomikoa. Baina irudi hori ez da bateragarria taldeko langileen lan-baldintzak enpresak berak proiektatzen duen errealitatera egokitzeko borondate faltarekin.
CAFek 5.500 langile inguru ditu Euskal Herrian, 18 enpresatan banatuta. Talde berekoak izan arren, lan-baldintzak oso desberdinak dira enpresen artean. Adibidez: batzuek 1.732 lan-ordu egiten dituzte urtean, eta beste batzuek 1.592. Desberdintasun handiak daude, halaber, soldatetan, behin-behinekotasunean, baimenetan eta, oro har, lan-baldintza guztietan.
LABek exijitzen dio CAFeko zuzendaritzari taldeko enpresa guztietan irekita dauden negoziazio kolektiboak berriro martxan jartzea, eta langileen eskaerei erantzun positiboa ematea. Ez da onargarria CAFek 2025ean berriro irabazi milioidunak izatea; eskaera-zorroak 16.000 milioi euro gainditzea; akziodunen artean %14 gehiago banatzea… eta horrek guztiak ez izatea inolako islarik langileen lan-baldintzetan, gainera askotan prekarioak izaten jarraitzen dutenean.
Enpresa bakoitzean eskubideak irabazten jarraitu behar dugu, CAF Talde osoan lan-baldintzak bateratzeko helburuarekin.
Gure babes eta elkartasun osoa helarazi nahi diegu euren eskubideen alde mobilizazioetan ari diren langile guztiei, eta bereziki Lebario, Gasteiz eta Sopelako CAF TEko langileei, greba mugagabean jarraitzen dutenei.
Era berean, zuzenean interpelatzen dugu CAFeko zuzendaritza, langileen eskaerei erantzun diezaien eta gatazka larrienak lehenbailehen konpon ditzan.
CAFeko Europako Enpresa Batzordea
Bestalde, CAF Taldeko Europako Enpresa Batzordea osatzeko prozesuaren berri eman nahi dugu.
CAFek 14.500 langile baino gehiago ditu gaur egun, 18 estatu europarretan banatuta. Euskal Herriak ez duen arren estatu propioa, hemen dago taldearen langile kopururik handiena: 5.500 pertsona, 18 enpresatan.
Bi urtez aritu gara negoziatzen enpresako zuzendaritzarekin eta sindikatu ezberdinekin (bertokoak, Espainiako Estatukoak eta europarrak) batzorde horren araudia. Baina zuzendaritzaren itxikeria eta CCOOen interes korporatiboak lehenesteko jarrera direla eta, ez da posible izan akordiorik lortzea. Ondorioz, apirilaren amaieran eratuko da Europako Batzordea, gutxieneko araudi legalaren arabera, eta alde guztien arteko akordiorik gabe.
Negoziazioaren oztopo nagusiak izan dira Euskal Herriko langileen ordezkaritza propioa ez onartzea eta sindikatu batzuen nahia foro profesionalizatu eta baztertzaile bat sortzeko.
Orain ordezkaritza sindikala izendatzeko fasean sartzen gara. LABek exijitzen du CAF Taldeko Europako Batzordearen osaerak errealitateari dagokion pisua bermatzea: ordezkaritzak islatu behar du Euskal Herriko plantillen benetako pisua eta hemen dagoen ordezkaritza sindikala. Ordezkaritza erreala, proportzionala eta eragiteko gaitasuna izango duena.
*LABek CAF taldeko 13 lantokitan du ordezkaritza, eta CAF taldeko lehen indar sindikala da, baiordezkari kopuruan, bai sindikatua presente dagoen lantoki kopuruan ere. Indar nagusia da ekoizpenplantetan (CAF Beasain, CAF Irun edo Trenasan), eta baita bestelako tren zerbitzuak garatzendituzten enpresetan ere (Signalling, CAF TE, Geminys, CAF TTC, CAF RDS, CAF EM edo Rail Line).Gaur hemen enpresa horietako LABeko ordezkariak bildu gara adierazpen hau egiteko.

