2026-04-14
HomeEkintza SindikalaLABek CAFi eskatzen dio Jerusalemgo trenaren proiektua bertan behera uzteko

LABek CAFi eskatzen dio Jerusalemgo trenaren proiektua bertan behera uzteko

Jerusalemgo Tren Arinaren proiektuan duen inplikazioagatik, gizarte zibileko hainbat erakundek osatutako koalizio batek CAFen aurkako salaketa aurkeztu du. Horren aurrean, LABek adierazten du proiektua legez kontrakoa dela nazioarteko zuzenbideari dagokionez, eta berresten du hasieratik defendatu duen posizioa, proiektua bertan behera uztearen aldekoa.

LAB sindikatua hasiera-hasieratik agertu da CAFek proiektu hau egitearen aurka, eta bere posizioa behin eta berriz adierazi izan du. Enpresa proiektuaren lizitazioan parte hartzen ari zela jakin bezain pronto, LABetik iniziatiba hartu eta enpresa batzordeak lizitaziotik erretiratzea eskatu zuen 2019ko urtarrilean. Beranduago, 2019ko abuztuan, CAFek lizitazioa irabazi zuela jakinda, enpresari lan horiei uko egitea eskatu zion, eta azkenik, 2025eko uztailaren 8an, Sidenorrek Israelekin harremanak etetea erabaki zuenean, Sidenorrek hartutako bide berdinetik, CAFeko zuzendaritzari proiektuari uko egiteko eskatu zion, beste behin. Enpresak, ordea, behin eta berriz entzungor egin die langileen eta sindikatuen eskakizunei.

Azken urteetan CAFeko langileek Palestinaren aldeko hamaika ekimen egin dituzte; lanuzte orokorrean enpresa geldiarazi, Palestinako herriaren aldeko diru bilketak, genozidioa salatzeko mobilizazioak eta enpresak proiektuan, eta hortaz Palestinako lurren okupazioan, duen erantzukizunaren salaketa, besteak beste.

Gaur publiko egin den CAFen aurkako salaketa, Nazio Batuen Erakundeak Palestinako lurralde okupatuetarako duen errelatore bereziak 2025ean aurkeztu zuen txostenarekin lotura duela uste du LABek. Bertan adierazten zenaren arabera, hainbat enpresak, tarteak CAFek, Palestinaren okupazioarekin negozioa egiten zuten.

Gauzak horrela, LABek betidanik defendatu duen bera adierazten du gaur ere, eta CAFeko zuzendaritzari proiektu horretatik erretiratzea eskatzen dio, azpiegitura hori Palestinako lurretan legez kanpo eraikita dauden Israelgo asentamenduak lotzeko erabiliko delako. NBEk berak Jerusalem ekialdeko lurren okupazioa legez kanpokotzat hartzen duen neurrian, proiektua bera legez kontrakoa da nazioarteko zuzenbideari dagokionez.

LABek Palestinako herriari bere elkartasuna adierazi nahi dio, eta lurren okupazioan, kolonizazioan eta genozidioan Euskal Herriko enpresek duten konplizitatea salatzen du, genozidio baten kontura negozioa egitea ez delako zilegi.

Azkenik, LABek kezka adierazi nahi du patronalaren eskrupulurik ezak etorkizuneko beste proiektu batzuetan izan ditzakeen ondorioengatik eta horrek  langileengan eragin dezakeen kalteagatik. Israelekin lankidetzan aritzeko hartutako erabakia, CAF NBEren zerrenda beltzean agertzea
—kolonialismoarekin kolaboratzen duten enpresen artean— eta, azkenik, enpresako zuzendarien aurkako salaketa hau ez dira CAF bezalako enpresa baterako erakusleiho egokiena balizko proiektu berriei begira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek UEMAren Esnatu dinamikan parte hartuko du eta euskararen egoera iraultzeko konpromisoak hartu ditu

Gaur aurkeztu du UEMAk Orion Esnatu dinamika, eta bertan izan da LAB sindikatua ere, dinamikan parte hartuko duten beste hainbat eragilerekin batera. Garbiñe Aranburu...

Estaños Matienako langileen grebak Donostiara eraman du protesta

Zumaiako Estaños Matiena enpresako langileek abian duten grebaren testuinguruan, gaur elkarretaratzea egin dute Donostian, enpresaren bulegoaren aurrean, laneko osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurri eraginkorrak...

LABek desgaitasuna duten pertsonak artatzen dituzten lantokietako langileak babestu ditu eta hitzarmenaren blokeoa salatu du

LAB sindikatuak bere babesa agertu die desgaitasuna duten pertsonak artatzen dituzten zentroetako langileei, haien hitzarmen kolektiboaren negoziazioa blokeatuta dagoela salatuz, bi urte baino gehiago...