2026-10-26
HomeEkintza SindikalaLABen ustez sektorearen aktibazioa beharrezkoa izango da Arabako metalgintzan eduki onak nahi...

LABen ustez sektorearen aktibazioa beharrezkoa izango da Arabako metalgintzan eduki onak nahi badira

SEAk ez du bere proposamena erretiratu eta atzerapauso larriak dituen posizioa mantendu du.

Gaur, apirilaren 14an, Arabako metalgintzako hitzarmenaren bilera egin da. Azken bileran, SEAk atzerapausoz betetako proposamena eraman zuen mahaira (gaixotasun osagarriak okertzea, malgutasuna 100 ordutik 260ra pasatzea, etab). Horrela LABek exijitu zion eraman zezala gaurko mahaira murrizketarik gabeko proposamen bat. Bestela, enpresen negoziatzeko borondate eza agerian geratu eta mahaia blokeatutzat emango zuela sindikatutik. Hitzarmenaren negoziazioa azken akordiotik hasi behar da, inola ere ez atzeragotik. Hori oinarrizkoa da.

Baina SEAk eta enpresek entzungor egin diote eskaera honi eta beren proposamena mantendu dute. Hori bai, negoziatzeko borondatea dutela eta hasierako posizioa baino ez denaren erretorika erabili dute, horrelako aitzakiak baliatuz.

LABek uste du oso larria dela SEAk Arabako metalgintzarako duen proposamena atzerapausoetan eta murrizketetan oinarrituta egotea. Prekaritatean sakontzean, alegia. Horregatik, beharrezkoa ikusten du sindikatuak sektorea aktibatzea eta mobilizatzea. Pultsu honekin, sektorea gatazkara bultzatzen dute. Esango dute gero sindikatuek gatazka bilatzen dutela. Zer espero dute?

Instituzioetatik ere hausnartu beharko lukete zer eragin duen Arabako industriako sektore garrantzitsuenaren lan baldintzak erregulatzeko proposamen hauek egiten dituen patronal atzerakoia finantzatzen jarraitzeak.

Azkenik, LABek jakinarazi du bere ordezkariak elkartuko dituela eta dinamika oso bat martxan jartzeari ekingo diola. Argi dago eskubideak borrokaren bidez eskuratu beharko dituela. Sektoreari dei egin dio: “prest egon behar dugu bere alde borrokatzeko”.

Negoziazio mahaiaren hurrengo bilera maiatzaren 7an izango da.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Nafarroako bulegoetako hitzarmenean patronalaren blokeoa salatzen dugu

Nafarroako bulegoetako hitzarmen sektorialari 2025eko abenduaren 31an amaitu zitzaion iraunaldia. Negoziazio mahaia urte hasieran osatu zen. Geroztik hamaika izan dira patronalarekin izan ditugun bilerak, horietatik gehienak benetako aurrerapenik gabe. Uda aurretik, lau sindikatuok negoziaketan aurrera egiteko asmoz, oinarrizko puntuen proposamen bateratua helazari genion patronalari, honek konkrezioa eskatzen zigun bitartean.

Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren egoera prekarioaz ohartarazten dugu

LAB sindikatutik berriz ere salatzen dugu Tuterako Osasun Barrutiko plantillaren narriadura. Lan publikoaren eskaintza batzuetako hautaketa-prozesuak amaitu ondoren, berriz agertzen hasi dira premiak, zailtasunak eta aspalditik datozen arazoak. Egoera ez da berria, eta errepikakorra izateaz gain, eskualdeko beste eremu eta ospitale batzuei ere eragiten die, Lizarrako Garcia Orcoyen ospitaleari, adibidez. Osasun arreta Iruñean zentralizatzeak, pizgarririk ezak eta plantillaren atxikimenduaren aldeko apusturik ez egiteak eragin kezkagarria dute eskualdeko ospitaleetan eta landa-inguruneko zerbitzuan.

Etxebizitza politika okerren eta utzikeriaren ondorioa da Gasteizko etxegabetzea

Gasteizko Udalak larrialdi egoerei aurre egiteko baliabideak eta etxebizitza parke publikoa ez zaintzeak ekarri du egoera hau.