2026-03-31
HomeEkintza PolitikoaAberri Eguna 2026. Burujabetza. Gerrarik ez. Eskubideak

Aberri Eguna 2026. Burujabetza. Gerrarik ez. Eskubideak

Aberri Eguna da Euskal Nazioaren eguna. Euskal Herriari, gure herriak askapen nazional eta sozialean aurrera egiteko dituen aukera eta gaitasunei, begiratzeko eguna. Munduan zehar laino ilunak zabaltzen ari diren bitartean, Euskal Herrian eguzki izpiek dirdira egiten jarraitzen dute; horren lekuko izan da martxoaren 17ko greba orokorraren arrakasta, aberastasuna birbanatzeko, burujabetzan sakontzeko nahiz lanbidearteko gutxieneko soldata propio eta duinaren alde egindakoa.

Inperialismoaren oldarraldiak baldintzaturiko testuinguru konplexuan dator aurtengo Aberri Eguna. Etengabeko hazkundean oinarritua, eta ekologikoki sostengaezina dena kapitalismoan energia iturrien kontrola gatazka-gai bilakatu da. Kapitalismo heteropatriarkal, kolonial eta ekozidari —bideraezina eta sozialki injustua— eusteko nahiak ekarri du krisiak bata bestearekin kateatzea, eta mundua murgildu du fase kapitalista gero eta basatiagoan.

Testuinguru honetan, Venezuelako lehendakaria eta diputatu bat bahitu eta Kubaren aurkako blokeo ankerra areagotzearekin batera, Estatu Batuek eta Israelek Ekialde Hurbilean enegarren eraso inperialista abiatu dute. Gerra, Iran eta Libanoko milaka herritarren heriotza eta hondamendia eragiteaz gain, langileon poltsikoei erasaten ari da dagoeneko. Lehenagotik ari ginen bizitzaren garestitzea pairatzen, eta orain, gasoilaren, argindarraren edo gasaren prezioaren gorakadak beste eskailera maila bat igotzea ekarriko du. Gerra luzatzen bada, desberdintasun sozialak areagotzeko arriskua handia izango da.

Injerentziaren aurrean, nazioarteko orden berri bat defendatzen dugu, zeinak herri guztien burujabetza eta herritarren ongizatea aintzat hartuko duen. Euskal langileok irmoki diogu: Gerrari ez! Eta irmotasun berarekin erantsi: ez gaude ordaintzeko prest gurea ez den gerraren faktura. Ildo berean, NATOren inguruko herri-galdeketa irabazi eta 40 urtera, NATO Euskal Herritik kanporatzearen eta, oro har, desegitearen aldeko jarrera berresten du LABek. Eta errefusatu egiten dugu Europako nahiz hemengo gobernuak egiten ari diren apustua militarismoaren eta armagintzaren alde.

Euskal Herria ez dago arrisku globaletatik salbu. Dena den, ziurgabetasunari aurre egiteko badugu ziurtasun bat: antolakuntza eta borroka kolektiboa da herritar guztientzat bizi baldintza duinak bermatuko dituen eredu ekonomiko eta soziala eraikitzeko bidea. Herri bizia eta borrokalaria da gurea. Euskal Herrian badugu beharra eta aukera jendarte eredu justuago bat eraikitzeko.

Hamarkadetako borrokari esker, Euskal Errepublika, independente, euskaldun, sozialista eta feministaren eraikuntzan aurrera egiteko baldintzak borrokatzen jarraitzen dugu. Honela, Euskal Herriaren nazio aitortzan eta erabaki ahalmenean urratsak emateko aukera irekia dago.

Ipar Euskal Herrian azken hauteskundeetako emaitzek hauspoa emango diete aspirazio soberanistei. Lurralde Elkargoak baino eskumen handiagoak izango lituzkeen egitura administratibo baten aldeko jarrerak indartzen ari dira, eta eztabaida horretan posizio sindikal argia dugu: negoziazio kolektiborako esparru propioa eratzeko proposamen zehatza lantzen ari gara eragile desberdinekin.

Hego Euskal Herrian, berriz, egungo marko juridiko-politikoak gainditzeko baldintzak sortzen ari dira. LABen ikuspegitik hiru dira erronka nagusienak: Euskal Herriaren nazio izaera aitortu eta gure hizkuntza nazionalaren, euskararen, ofizialtasun erreala bermatzea; erabakitzeko eskubidearen formulazioa zehaztea; eta gaur egungo autogobernu maila gainditzea, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko eskuduntza berriak eskuratuz.

Bai bizitzaren prekarizazioari aurre egiteko, bai ultraeskuina eta faxismoaren gorakada indargabetzeko, langile guztien aldeko neurriak borrokatzen ari gara, arrakala matxistei, arrazistei eta belaunaldi arteko arrakalei aurre eginez. Aurrera doa gehiengo sindikaletik abian jarri dugun ekimena lanbidearteko gutxieneko soldata propioa izan eta soldatak hobetzeko: greban bildutako indarrarekin negoziazio kolektiboari bultzada bat emango diogu eta, era berean, zabalik eusten diogu gutxieneko soldata ezartzeko eskumena eskuratzeko bide politikoari.

Horrekin batera, borrokan tinko jarraitzen dugu zerbitzu publikoak garatu daitezen, eta etxebizitza eskubidea ziurtatu dadin; enplegu industrialaren defentsan, eta trantsizio ekosozialerako industria-politika aldarrikatzen.

Aipamen berezia eskatzen du euskararen egoerak. Euskararen ofizialtasuna auzitan jartzen duen oldarraldi judizial eta mediatikoa bizi dugu. Alta, Korrikan parte hartu duen herritar andanak erakutsi du euskara zabaltzeko nahia eta borondatea indartsua dela. Lau haizetara zabaldu da honako aldarri hau: Euskara gara! Nazioa gara! Administrazio publikoan bi hizkuntzek izan behar dute ofizialak. Epaiz epai eragindako kaltea ikusita, euskararen ofizialtasuna errealitate bilakatzeko berme juridikoak behar dira; Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan martxan dira horretarako lege ekimenak. LABetik jarraituko dugu euskararen aldeko aliantzak eraikitzen eta mobilizazio soziala sustatzen.

Amaitzeko, Aberri Egunaren testuinguruan, gure babesa adierazten diegu Euskal Herria Batera ekimenari zein EH Bilduk Iruñean eta Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak Baionan deitutako mobilizazioei; deialdi horietan parte hartzera dei egiten diegu euskal langileei.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

CAF Turnkey & Engineeringeko langileek greba mugagabea hasi dute diskriminazioarekin amaitzeko

LABetik, CAF Turnkey & Engineeringeko Gasteiz, Lebario (Abadiño) eta Sopelako langileei gure animo eta babes osoa helarazi nahi diegu; izan ere, atzo, martxoak 30,...

LABek hitzaldiak eta erakusketa ibiltaria antolatu ditu Idazkaritza Feministaren 30. urteurrenean

Duela 30 urte sortu zuen LABek Emakume* Idazkaritza, gaur egun Idazkaritza Feminista dena. Arlo horretan ere aitzindaria izan zen sindikatua eta, bide horretan, ez...

ETB3 ixteko erabakian atzera egiteko eskatu dio LABek EITBri

ETB3 ez itxi! Haurrentzako euskarazko kate irisgarri bat bermatu! lelopean, agiri bateratua aurkeztu du LABek, beste hainbat eragilerekin batera egin duen agerraldian. Agirian jasotzen den moduan,...