2026-03-29
HomeZerbitzu PribatuakOstalaritzaEz dugu Nafarroako Ostalaritza hitzarmena sinatu ez dituelako kontuan hartzen sektoreko prekaritatea...

Ez dugu Nafarroako Ostalaritza hitzarmena sinatu ez dituelako kontuan hartzen sektoreko prekaritatea bukatzeko beharrezko ezaugarriak

Patronalak eta UGT eta CCOO sindikatuek aurreakordioa lortu dute Nafarroako Ostalaritza hitzarmena sinatzeko. Hitzarmen horrek soldata igoerak jasotzen ditu, baina horietaz landa, apenas jasotzen duen sektoreko errealitatea.

Negoziazio mahaia urtebetez geldirik egon eta gero, lau bilerako denbora errekorrean lortu dute akordioa. Baina errekor horrek kostua izanen du Ostalaritzako langileendako, hitzarmen horrek ez baititu jasotzen langile horien lan baldintzak egunero-egunero prekarizatzen dituzten inguruabarrak.

LAB sindikatua negoziazio mahai horretan izan da eta bertan aldarrikatu ditu lanaldi partzialak arautzeko neurriak, halako lanaldiekin gertatzen diren abusuak bukatze aldera, sektorean egun dauden gaitzen artean handienetarikoa baita, Iruñerriko Piztu Alarma lanabes aktibistak azkenaldian borrokatu dituen kasuetan ikusi den gisara: astean bi orduko lanaldia izateko kontratatzen zituzten langileak, baina benetan 30 ordu egiten zituzten.

Gainera, Ostalaritzaren errealitateari erreparatuta, hagitz garrantzitsua iduritzen zitzaigun hitzarmenean sartzea langile migratuek dituzten arazoei aurre egiteko baimenak, ia ezinezkoa egiten baitzaie milaka kilometrora dituzten senideekin egotea.

LAB sindikatuaren bertze negoziazio ildo bat izan da Estatalizazioari aurre egitea, hau da, Nafarroako hitzarmenak ezartzeko lehentasuna izatea, Espainiakoaren aurretik, eragotzi ahal izateko Nafarroari eta bere langileei dagozkien kontuak Madrilen arautzea. Era berean, gure asmoa zen Ostalaritzaren hitzarmermenean kolektibitateetako langileak sartzea, uste baitugu gai hori nahitaezkoa dela Nafarroako negoziazio kolektiboak edukia izaten jarrai dezan.

Eta bagenuen bertze aldarrikapen anitz ere langileen egunerokoak hobetze aldera: lanaldiak, baimen ordainduak, errelebo kontratua, kategoriak, malgutasuna… Baina Patronalak muzin egin die LABen aldarrikapen guztiei. Areago, ez die erantzunik ere eman. Horregatik guztiagatik, LABek ez du hitzarmen hori sinatu praktikan bakar-bakarrik jasotzen baititu soldata igoerak eta legeek edo epaiek dagoeneko finkatuak dituzten eskubideak.

Begibistakoa da Ostalaritzan gora doazela Patronalaren esplotazio eta abusuak. Eta horregatik deitoratu beharrekoa da hitzarmen honetan sektoreko arazoei seriotasunez eta zorroztasunez ekin ez izana. Argi dago soilik gehiengo sindikal borrokalari batekin posible izanen dela Ostalaritzako langileen arazoei benetan aurre egitea eta sektoreko prekaritatea murriztuko duen hitzarmen baten alde borrokatzea.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek kritikatu du Pradalesek aipamenik egin ez izana gutxieneko soldata ezartzeko eskumenari Sanchezekin izan duen bileran

Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariak eta Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak bilera izan dute gaur, eskumenen transferentziaz hitz egiteko. LABen ustez, Pradales lehendakariak dagozkion...

Martxoaren 30ean eta 31n eta apirilaren 1ean eta 2an greba egingo dute Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek

Gipuzkoako Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroko langileek ez dute beste aterabiderik ikusi, beren eskubideak aldarrikatzeko, grebara jotzea baino. Ahalegin handia egin dute elkarrizketaren...

LABek salatu du Tubos Reunidosek gatazka areagotu duela, azpikontratetan enplegu suntsiketa handiagoa eta lan iruzurra eraginez

LABetik salatu nahi dugu Tubos Reunidoseko zuzendaritzak beste urrats bat eman duela enplegua suntsitzeko eta lan-baldintzak okertzeko estrategian, azpikontratekin kontratuak eteten hasiz. Gatazkaren hasieran ohartarazi...