2026-06-17
HomeEkintza SindikalaLGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.

Martxoaren 17ko greba orokorra euskal langile klasearen indar erakustaldi bat izan da, eta hala azpimarratu dute sindikatu deitzaileek (LAB, ELA, Steilas, Etxalde, Hiru) gaur Bilbon eta Iruñean egindako agerraldietan. Duela urtebete baino gehiago jarri zen martxan hemengo errealitateari egokitutako gutxieneko soldata baten aldeko dinamika, hiru arrazoirengatik:

1) Estatuko LGS ez da nahikoa elikaduraren, elektrizitatearen eta etxebizitzaren prezioei aurre egiteko.

2) Gutxieneko soldata igotzea soldata-arrakala matxista eta arrazistaren kontrako neurria da.

3) Tinko jarri behar da soldaten debaluazioaren aurrean, enplegu industrialaren galeraren aurrean eta inoizko irabazirik handienak lortzen ari den patronalaren aurrean.

Gutxieneko soldata propioa neurri beharrezkoa, bidezkoa eta bideragarria da. Patronalak eta gobernuek sindikatuen ekimena mespretxatu zuten, eta abian jarritako bi bideak ixtea adostu zuten: negoziazio kolektiboarena eta bide politikoa. Bada, M17ari esker, bi bideak berriro ireki dira.

Grebaren bidez, euskal gizarteak irmotasunez defendatu du gutxieneko soldata propioaren aldarrikapena, eta sindikatu deitzaileek honela azpimarratu dute: “Gaur atzo baino indartsuago gaude, eta bai alderdi politikoak, bai patronalak, horretaz ohartu dira. Ez gara geratuko helburua lortu arte”. Era berean, sindikatuek gogorarazi dute bide politikoak irekita daudela, hemengo parlamentuetan zein Madrilgo Kongresuan. Langileen Estatutuaren 27.artikulua aldatzeko aukerak badaude, greba orokorraren ondoren inoiz baino irekiago dago bidea.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak, baita alderdi politiko guztiek ere, beharrezko lege-aldaketa bultzatu behar dute bi gobernuek eskumena eskuratu dezaten estatukoa baino handiagoa den gutxieneko soldata arautzeko. Hego Euskal Herriko erakundeek langileen bizi- eta lan-baldintzen inguruan erabakitzeko duten ahalmena handitu behar da. Nafarroako Parlamentuak proposamen hori hiru botogatik atzera bota bazuen ere (PSNk eta Izquierda-Ezkerrak, PP-Voxekin batera, aurka bozkatuta), arlo guztietan tematzen jarraituko dute sindikatuek euren ekimenak aurrera egin dezan. Epe laburrean, egungo gobernuaren inbestidura ahalbidetu zuten hainbat alderdi politikoren eskutik Espainiako Kongresuan lege-proposamen bat aurkeztea aurreikusten dute.

Gainera, Confebask eta CEN patronalekin negoziazioak paraleloan izan beharko dira, eta horretarako bilerak deituta daude (martxoaren 24an eta 25ean; langileentzat 1.500 euroko gutxieneko soldata ezartzeko).

Greba orokorraren arrakasta

Greba orokorraren arrakasta neurtu daiteke lortu duen aktibazio sindikal eta sozialaren arabera: 1.700 enpresa batzorderen atxikimendua; ehunka asanblada lantokietan; 136 greba-batzorde herri eta auzoetan; 100.000 lagun baino gehiago eguerdiko sei manifestazioetan eta hamarna mila gehiago arratsaldean egindako 85 manifestazioetan.

Gainera, azpimarratzekoa da izan duen eragin mediatikoa, sozial eta politikoa. M17 ez da egun arrunta izan. Euskal langile klasearen ahotsa entzun da lantokietan eta kalean. Gutxieneko soldata propioa eta, oro har, aberastasunaren banaketa eztabaida politiko eta sozialaren erdigunean kokatu dira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Mobilizazioak egin ditugu elikagaien merkataritzako tokiko hitzarmenak defendatzeko

Patronalak eta banaketa kate handiek bultzatutako ekimenak Hego Euskal Herriko elikagaien merkataritzan adostutako lan baldintzak mehatxatzen dituela salatu dugu. Gaur mobilizazioak egin ditugu Hego Euskal...

Hezkuntza komunitateak Gimeno kontseilariaren kargugabetzeari emandako babes masiboa erregistratu dugu

Hezkuntza komunitatea osatzen duten ia 1.900 lagunen sinadurak aurkeztu ditugu LABetik, eta Chivitek fitxarik mugitzen ez badu, irailean mobilizazioei berriz ekingo diegula iragarri dugu.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitako Lurralde Oreka Berdeko Departamentua indartzeko eskatzen dugu

Gipuzkoako Foru Aldundiaren baitan nekazaritza, landa garapena, natura ingurunea eta lurralde oreka bultzatzeaz arduratzen den Lurralde Oreka Berdea departamentuko langileak hainbat urte daramatzate beren lan-baldintzetan ezartzen dizkieten atzera-urratsak pairatzen, eta egoera onartezin horren aurrean mobilizatzen ari dira. Oraingoa zazpigarren mobilizazio astea dute, eta gaur manifestazioa egin dute Zarautzen.