2024-05-05
HomeIndustriaMetalgintzaAlconzako langileak mobilizatzen hasi dira, hitzarmen duinaren eta lantegiari Irizar taldearen barruan...

Alconzako langileak mobilizatzen hasi dira, hitzarmen duinaren eta lantegiari Irizar taldearen barruan balioa emango dion plan industrialaren alde

Mobilizazioa egingo dute bihar Ormaiztegin, Irizar-en egoitza nagusiaren aurrean.

Hauxe da Alconzako enpresa batzordearen oharra:

Alconza Berangon dagoen enpresa da, makineria elektriko birakaria egiten duena, eta 150 beharginei ematen die zuzeneko enplegua, ABLE bidezko 25 langileri eta azpikontrata bidezko 6 langileri.

Alconza Irizar taldearena da, zeinak lantokia 2014. urtean erosi zuen, taldeari balio erantsia emateko. Kooperatibaren arduradun gorenak, Jose Manuela Orcasitas, zioen 2018. urte amaieran, Deusto Business Alumnik antolatu eta PwCren lankidetzarekin egin topaketa batzuetan, balio erantsiaren aldeko apustu irmoa egin zuela, eta taldea osatzen duten langileez “harro” zegoela. Era berean, esan zuen, 2018. urtean, autobusen enpresak errekorra den 700 milioi eurotako fakturazioarekin itxiko zuela urtea; aurreko urtean lortu zuen ia %13ren gainetik. Ziurtatu zuen elektromugikortasuna “oso negozio errentagarria dela”.

Dena den, Taldea Alconzan sartu izanak honakoa ekarri zuen:

1.- Alconzan, 2013.urtean, haien akziodunen artean milioi eta erdi euro baino gehiago banatzetik, 2014. urtean, Irizar sartzearekin batera, enpresa kaotiko bihurtu da, non eta gero eta gehiago ekoitzita, galera gehiago sortzen diren.

2.- Antolakuntza eza erabatekoa da. Enpresa berritu eta modernizatu behar zela aitzakia erabiliz, Irizarrek aldaketa ezarri zituen gerentzian eta gainontzeko egituretan. Erabaki horrek etengabeko kaosa ekarri du enpresara, non langile bakoitzeko jasan behar izan den malgutasuna 600 ordu baino gehiagokoa izan den. Erosketak, salmentak eta ekoizpen sailetan nagusi den etengabeko nahasmenduak zalantzazko etorkizunera zigortzen dute Alconza.

3.- Irizarrek ez du lan-zamarik ekarri Alconzara. Gurea erosi zuten autobus elektrikoa ekoizteko prozesuari ekarpena egin geniezaion. 6 urte igaro direla, oraindik ez dakigu zertan datzan Taldearekiko dugun harremana.

Hau nahikoa ez balitz ere, duela 6 hilabete ekin genion, Alconzan, enpresa ituna berritzeko negoziazioari; Irizar Taldeak Alconzako langileei egin eskaintza bakarra lan baldintzak kaskartzean datza.

Beharginon argi eta garbi adierazi nahi diogu Taldeari, elektromugikortasuna “oso negozio errentagarria” izan dadin, ez dela oinarritu behar beharginen baldintzak kaskartzean.

Horrengatik guztiarengatik, Alconzako beharginok grebak eta mobilizazioak egiteari ekin diegu, hitzarmen zuzena eta industria egitasmoa lortuko dugun arte, zeinak Alconzari balioa emango dion Irizar Taldearen barruan. Bihar, ekainaren 20an, egingo dugu mobilizazio hauetako lehena, Irizarrek Ormaiztegik duen lantegiaren aurrean 13:00etatik 15:00etara.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Endanea Gardenen greban gaude, ez baitugu mehatxurik onartuko

Hondarribiako Endanea Garden enpresako langileak greban daude gaurtik (maiatzak 3) igandera arte. Hilabete daramate mobilizazioak aurrera eramaten eta enpresak, horiei kasu egin eta dagokion erantzukizuna bere gain hartu ordez, jazarpena darabil langile hauen kontra.

60 erakunde sozial eta sindikal baino gehiagok bat egin dute maiatzaren 11ko mobilizazioekin

Maiatzaren 11n manifestazioak egingo dira Bilbon eta Iruñean bidezko trantsizio ekosoziala aldarrikatzeko, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Emakumeen Mundu Martxak eta Gune Ekosozialista erakunde ekologistak deituta. Manifestazioak 12:00etan abiatuko dira Gaztelu plazatik Iruñearen kasuan eta 17:00etan Jesusen Bihotza plazatik Bilbon. Gainera, mobilizazioen aurretik, borrokak partekatzeko topaguneak antolatu ditugu, gizarte-kolektiboen azokekin eta zuzeneko irratsaioekin, kolektiboei egindako elkarrizketekin eta mahai-inguruekin. Iruñean 10:00etan izango da Gaztelu plazan eta Bilbon 12:00etatik aurrera Areatzan.

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.