2024-04-29
HomeZerbitzu PribatuakGarbiketa"Soldata-arrakala toxikoa da, eta bere aurkako borrokan jarraituko dugu"

“Soldata-arrakala toxikoa da, eta bere aurkako borrokan jarraituko dugu”

Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegien garbiketaz arduratzen diren emakumeek gaur emango dute amaitutzat astelehenean abiatutako kanpaldia, Donostiako Bulebarrean. Hain zuzen ere, gaur bertan bederatzi hilabete bete dituzte greban hasi zirenetik; soldata arrakala salatzeko, besteak beste.

Grebaren deitzaile LAB, ELA, UGT eta ESK sindikatuok salatu bezala, dagoeneko bederatzi hilabete igaro dira Gipuzkoako komisaldegi eta epaitegien garbiketaz arduratzen diren emakumeak greban hasi zirenetik. Denbora honetan -greba 2018ko irailaren 19an hasi zen- hamaika mobilizazio egin dituzte, baina zerbitzu publiko honen arduradunek ez dute ezer egin gatazka konpontzeko. Grebalariak nazkatuta daude, eta euren mobilizazioetan urrats berriak egitea erabaki dute. Honen adibide, Donostiako Bulebarrean egin duten kanpaldia.

Greba honen helburua soldata arrakalaren amaitzea da; hau da, lan bera egiteagatik gizonen eta emakumeen artean dagoen soldaten ezberdintasunarekin bukatzea. Komisaldegietako langileekiko %13ko aldea dago euren soldatetan; %7koa eraikin judizialekiko.

Azken asteetan ez da inolako aurrerapausorik egon negoziazioan eta Eusko Jaurlaritzaren Justizia eta Segurtasun Sailek, zerbitzuaren arduradun nagusi direnak, ez dira langileekin biltzeko gai izan gaurdaino. Gakoa da ez dutela onartu nahi soldata-arrakala dagoenik. Aurrekari arriskutsua izango litzateke, izan ere, EAEko garbitzaile guztiek pairatzen baitute arrakala hein batean ala bestean. Zerbitzuaren esleipendunak ere -Garbialdi enpresak- ez du negoziazio seriorik abian jarri. Orain arte gatazka konpontzeko borondatea agertu duten bakarrak langileak izan dira. Lehengo une batean, uko egi zioten hitzarmen honetan soldata arrakalarekin amaitzeari, baldin eta hurrengo hitzarmenean lortzen bazen helburua. Baina hori ere ez zuten nahi izan. Bigarren une batean, alde sozialetik argi utzi genion enpresari akordioa lortze aldera prest geundela hitzarmen honetan soldata arrakalaren %70a gaindituko lukeen akordioa sinatzeko, soldata-arrakala bera aipatu gabe eta hurrengo hitzarmena baldintzatu gabe. Mugimendu horri esker, puntu horretan adostasunera heldu ginen. Une batean, bazirudien akordioa erdietsiko genuela; tamalez, ez zen horrela izan.

Non dago arazoa orain? Kontua da oinarrizko soldatan dagoen arrakalaz harago, osagarrietan ere arrakala dagoela. Indarrean dagoen hitzarmenean toxikotasun eta nekagarritasun plusak araututa egon arren, ez diete halako plusik ordaintzen ez dutelako onartzen langileek arrisku hori dutenik. Hala ere, argi dago arrisku hori egon badagoela, eta hala islatu da gutxieneko zerbitzuak ezartzeko egon diren dekretu ezberdinetan.

Sindikatuok eta langileok eskatzen duguna da legeak ezartzen duena aplikatzea. Eurak ez datoz bat gure irakurketarekin, eta ez dute hitzarmenean dagoena aplikatu nahi. Ados jartzen ez garenez, gaia negoziaziotik kanpo uztea proposatu diegu. Hau da, gaia epaitegietara eramatea eta epaile batek erabaki dezala nork duen arrazoia. Baina hori ere ez dute nahi. Gai honen inguruan langileok eskatzen duguna aplikatuko balitz, %20, %25 eta %30 bitarteko soldata igoera suposatuko luke, arrisku horien jasaten dituzten denboraren arabera.

Egoera hone aurrean, sindikatuok zera galdetu nahi diogu Eusko Jaurlaritzari eta haren buru den Iñigo Urkulluri. Nola da posible azpikontrata publikoan batean lan osasuneko gai bat izatea akordiorik ez egoteko arrazoia, noiz eta langileak prest daudenean Justiziak dioena onartzeko? Administrazio publikoek aukera ezinhobea dute praktikan jartzeko berdintasunaren alde egiten duten diskurtso politikoa. Legeriak aukera ematen die kontratazio publikoan diskriminazioari aurre egiteko, generokoak barne, klausula sozialen bidez. Baina euren jarrera oso bestelakoa izan da. Zentzu honetan, bereziki salagarria da Justizia Sailak eraikin hauen garbiketa agintzen zuen bi dekretu argitaratu izana. Gatazkaren epaile eta parte bihurtu dira. Soldata-arrakala toxikoa da, eta bere aurkako borrokan jarraituko dugu grebalariekin batera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.

Alex Aranzabalek egindako kudeaketa txarra salatu nahi dugu

Informazio-ohar honen bidez, azken hilabeteetan Aguirre y Aranzabal (AYA) enpresan eta Alex Aranzabal gerentearekin izandako gertakariak argitu nahi ditugu. Lehen pertsonan ikusi dugu nola igaro den denbora, eta nabarmenki gertatu da gainbehera kudeaketaren esparru guztietatik.

Bollera izatea, aske egiten gaituen erabakia. Askatasunez bizi nahi dugun erabakia. LANTOKIETAN ASKE!

Lesbiana izateagatik jazartuak eta zigortuak izatea oraindik orain gutako askok bizi dugun egoera da.