2024-04-30
HomeIdazkaritzakIdazkaritza FeministaDiskriminazio egoeren aurrean antolakuntza eta salaketa ezinbestekoak direla erakusten du haurdun egoteagatik...

Diskriminazio egoeren aurrean antolakuntza eta salaketa ezinbestekoak direla erakusten du haurdun egoteagatik kaleratutako emakumearen aldeko epaiak

Orain dela hilabete batzuk, urtarrilean, Arabako hiru enpresatan gertatutako sexu jazarpena zein diskriminazio kasuak salatu genituen. Bata, haurdun egoteagatiko kaleratze bat izan zen; beste biak, lanpostuan sexu jazarpen kasu bana. Horrelako egoerak aditzera ematearen eta salatzearen garrantzia nabarmendu genuen, uste dugulako lan munduan indarkeria matxista gertatzen denean, zailago suertatzen dela hau salatu ahal izatea. Botere harremanak, harreman hierarkikoak, gure hitza zalantzan jartzea zein enplegua galtzeko arrisku eta mehatxua atzean baitaude. Gaur publikoki zein juridikoki salatzearen garrantzia berretsi dugu, agerraldi baten bitartez. Salaketarekin batera, horrelako diskriminazio egoerak gertatzen direnean elkarren laguntza, antolakuntza eta elkartasuna ere ezinbestekoak direla nabarmendu dugu. Eta, era berean, berri on bat eman dugu. Haurdun egoteagatik kaleratutako emakumearen kasuan, epaiketa irabazi dugu. Epaiak arrazoia eman digu, lagun horrek ez zukeen inoiz kaleratua izan behar.

Emakumeok lan munduan diskriminazioak aurrez aurre ditugu, eta aurre egiten diegu. Eta, enpresaren gezurren gainetik, diskriminazio hauek guztiz errealak direla agerian geratu da.

Sistemak nahi duen bezala ekoizten ez dugunean, gu, emakumeok, erditik kentzen ahalegiten dira; sistemak, zerbitzu publikoak pribatizatzearren, zerbitzu hauek murrizten dituenean, emakumeok etxera bidaltzen saiatzen da, zaintza lan guztiak geure gai har ditzagun. Orduan bai, kapitalismoak primeran funtzionatzen du.

Baina guk oso ondo ezagutzen ditugu sistemaren tranpak eta estrategiak. Badakigu geure burua defendatzen, badakigu geure artean batzen zapalketa mekanismo horiek guztiak borrokatzeko, salatzeko eta suntsitzeko.

LABen ez dugu kasu bat bera ere pasatzen utziko. Kasu guztiak eta enpresa guztiak salatuko ditugu.

Emakume* guztiak animatzen ditugu diskriminazioak era antolatu eta kolektiboan salatzera. Emakume guztiak animatzen ditugu eraso bat ere pasatzen ez uztera. Elkarrekin eta antolaturik baino ez ditugu diskriminazio egoera hauek geldituko.

Aurreko prentsaurrekoan esan genuen bezala:

Erasoak salatzera animatzen ditugu emakume guztiak.
Lan ikuskaritzari zein beste erakundeei egoera hauen aurrean neurri prebentiboak martxan ipintzeko exijitzen diegu.

Enpresei sexu jazarpena zein diskriminazioa ekiditeko protokoloak martxan jar ditzatela exijitzen diegu, lantokiak gune libreak izan daitezen, indarkeria matxista eta diskriminaziorik gabekoak.

Hauek dira duela zenbait hilabete salatu genituen kasuak:

1. HOTEL PALACIO DE ELORRIAGA
Palacio de Elorriaga Hotelak langile bat haurdun egoteagatik kaleratu zuela publikoki salatu genuen pasa den urtarrilean. Publikoki salatzeaz gain, judizialki ere egin genuen salaketa eta honezkero sententzia atera da, langilearen alde.
Kasu honetan pikete feminista ateratzea erabaki genuen eta, sententzia ikusita, borrokatzeak merezi duela nabarmendu behar dugu.

2. FORU ALDUNDIKO AZPIKONTRATA
Azaroaren 2an, Arabako Foru Aldundiko azpikontrata bateko gizonezko langile batek emakume lankide bat sexualki erasotzen saiatu zela salatu genuen. Erasotzailea derrigortze arin delitu batengatik kondenatua izan zen eta urruntze agindua ere ezarri zioten. Erasotzaileak errekurtsoa aurkeztu eta gero, absolbitu egin dute eta urruntze agindua ere kendu egin diote, (in)justizia honek emakume langilea guztiz babesgabe utzita.

3. TRANSPORTES HOMBRES BARREIRA
Langile bat, hainbat hilabetetan zehar eta enpresaren konplizitatearekin, lankideek sexualki jazartua izan dela salatu genuen. Salaketa Lan Ikuskaritzaren eskuetan dago urtarriletik eta, bitartean, langilea oraindik dago baja medikoan.
Hori gutxi balitz, langileak salatutako erasotzaile horietako bat arrisku psikosozialen prebentzio plana osatzeko izendatu du enpresak.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Basogintza intentsiboak 22 urteko langilea hil du Artzentalesen

Joan zen astean Artzentalesen basogintza lanetan larriki zaurituriko M.A.A, 22 urteko langilea, azkenean hil egin da zauri larrien ondorioz.

Akordio historikoa #LortuDugu Ranzari Enplegu Zentro Berezirako, langile gehienek berretsita

Joan den martxoaren 22an, LAB sindikatuak aurreakordioa lortu zuen Santurtziko lantokiko gerentziarekin, eta apirilaren 19an langileen batzarrean berretsi zen. Bada, orain hitzarmena sinatu dute.

Jarraipen zabala Bizkaiko Grafikagintza sektorearen grebaren bigarren egunean

Lehen orduko piketea osatu duten 200 pertsona baino gehiagok egiaztatu ahal izan dute Cartonajes Erabil bezalako enpresa garrantzitsuetan ekoizpena geldirik dagoela.