2024-05-07
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakHezkuntza sailak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan daukan ardura bere gain hartu gabe...

Hezkuntza sailak Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako gatazkan daukan ardura bere gain hartu gabe eta gatazka bideratzeko proposamenik egin gabe jarraitzen du

Sindikatuon ustez, gobernuak gaurko bilera gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa egiteko erabili nahi izan du.

Maiatzak 8 eta 9ko greba egunen ondoren ez patronal ez Hezkuntza sailaren aldetik langileen eskaerei erantzunez gatazka bideratzeko planteamendu edo proposamen berri eta desberdinik ez zegoenez, sindikatuok hezkuntza sailburua eta sektoreko patronalak maiatzak 30 arratsalderako bilera batetara deitu genituen. Bilera deialdi hartan, bakoitzak daukan ardura bere gain hartuz, zintzotasunez jokatu eta akordioak erdiestea ahalbideratuko luketen planteamenduak eta proposamenak ekartzeko eskatu genien.

Deialdi honen aurrean, atzo bertan Hezkuntza sailak publikoki adierazi zuen ez duela sindikatuok deitutako bilera horretara joateko asmorik. Aldi berean aste honen hasieran, gaur izan den bilerara deitu gintuen sindikatuok.

Gaurko bileran Hezkuntza Sailak adierazitakoaren baitan, gizarte ekimeneko ikastetxeetako gatazkan duen ardura bere gain hartzeko asmorik gabe eta gatazka bideratzeko pausorik emateko asmorik gabe jarraitzen du. Gaurkoan ere, gela itxieragatik lanpostua gal dezaketen langileen birkokapenaren inguruan aritu nahi izan du soilik; eta gai honetan bertan ere, jadanik aldez aurretik eginda zuen eta gabezia nabariak dituen planteamenduarekiko aldaketarik ez du aurkeztu.

Horrela, Hezkuntza sailak lanpostua gal dezaketen langileen ustezko birkokapenerako aurkeztuta duen planteamenduak, ez du zerikusirik orain dela 4 urte sindikatuok helarazi genionarekin, egun indarrean dagoen birkokapenerako akordioak jasotzen dituen edukiekiko atzerapauso bat suposatzen du, eta birkokapen eraginkor eta kalitatezko baterako berme minimorik ez du jasotzen:

• Langile kolektibo ugari proposamenetik at uzten ditu: Lanbide Heziketakoak, Batxilergokoak, Hezkuntza laguntza espezialistak, eta bereziki larria gela itxieragatik lanpostua lehenengo galduko duten 0-3 etapako langileak ere.
• Birkokapenerako kontratazio irizpide objetiborik ez du zehazten
• Birkokapena ahalbidetzeko bultzatuko liratekeen lanpostuak prekarioak lirateke, lanaldi patzialekoak alegia
• Bi urterako indarraldia izango luke, ondoren aplikatzen jarraitzeko inolako bermerik gabe.
• Etab.

Sindikatuok gai honi buruz izan ditugun bileretan balorazio hau helarazi diogun arren eta bermedun birkokapen baterako proposamenak helarazi badizkiogu ere, hezkuntza sailak ez ditu momentuz aintzat hartu.

Agerikoa da beraz, gaurko bilera deialdiaren helburu bakarra, sindikatuok egindako bilera deialdiak suposatu dion interpelazioaren aurrean, gatazka honetan eskuhartzeren bat izaten ari denaren itxura hutsa ematea izan dela.

Beraz, egoera hau izanik, LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok, biharko bilerarako deialdian berresten gara, eta hezkuntza sailari eskatzen diogu, gatazka hau bideratzeko daukan ardura bere gain har dezala, eta biharko sindikatuok deitua daukagun bilerara langileen eskaerei erantzunez gatazkari irtenbide egoki bat emateko planteamenduak ekar ditzala behingoz. Patronalari ere, sindikatu guztiok martxoan helarazitako dokumentuan jasotzen diren edukien ildotik doazen proposamenak mahi gaineratzeko eskatzen diegu biharko bileran.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe

Atzo, Maiatzak 5, Bermeotik, Lekeitio, Durango eta Zeanurirarteko emergentziazko osasun asistentzia bermatzen duen Gernikako anbulantzia medikalizatua medikurik gabe egon zen, Osakidetzako Larrialdietako Zuzendaritzak duen kudeaketa txarra tarteko.

Dei egiten dugu aurtengo lehenengo hilketa matxistaren aurrean Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioetan parte hartzera

Maiatzaren 3an, 34 urteko emakumea* indarkeria zantzuekin hilda agertu zen Donibane Lohitzuneko hotel batean. 2024an Euskal Herrian izandako lehen hilketa matxista izan da eta LABetik, bat egiten dugu Emakumeen Mundu Martxak deitutako mobilizazioekin eta euretan parte hartzeko deia egiten dugu.

Osakidetzako zuzendaritzak ikuztegi lanak publifikatu behar ditu, Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusian LABi arrazoia eman dion epaiaren ondoren

LABek antzeman zuen Santa Marina Ospitaleko ikuzketa-lanak pribatizatuta jarraitzea nahi zuela Osakidetzak. Zuzendaritzak pribatizazioaren alde egindako apustu berri horren aurrean, sindikatuak errekurtso berezi bat jarri zuen 2023ko otsailean, eta Kontratu Errekurtsoen Administrazio Organoak onartu egin zuen. Horren aurrean, Osakidetzak EAEko Auzitegi Nagusira jo zuen, eta azken horrek ontzat jo du LABek aurkeztutako errekurtsoa. Hala, zeregin horiek egiteko kanpoko enpresa bat kontratatzen jarraitzea galarazi du.