2026-11-14
HomeEkintza SindikalaSIDENORen lanpostuen defentsan eta negoziazioaren alde borrokan jarraituko dute langileek

SIDENORen lanpostuen defentsan eta negoziazioaren alde borrokan jarraituko dute langileek

SIDENORetik Azkoitia hiltzen uzten ari da. Azken urteetan 200 lanpostu inguru suntsitu dira Azkoitiko lan-zentroan. Nabarmena da Azkoitirako ez dagoela etorkizuna bermatuko duen plangintzarik SIDENORen zuzendaritzarentzat. Horri, azkenengo urteetan langileek pairatu duten eskubideen murrizketa gehitu behar zaio. Testuinguru horretan ulertu behar da SIDENOReko zuzendaritzak eman duen azkenengo pausoa.

Bi urte baino gehiago dira langileek hitzarmenaren negoziazioa abiatu zutenetik. Urte askoan aurrenengo aldiz, LAB eta ELAk gehiengoa izanda eman zioten hasiera negoziazioari. Zuzendaritzaren estrategia, beldur eta mehatxuan oinarritutakoa izan da hasieratik. Azkoitiko lan-karga desbideratu zuen lehendabizi, eta langileak beldurtzen ez zirela ikusita, Aldi Baterako Enplegu Erregulazio Espediente bat planteatu zuen. Luzapen eta guzti urte eta erdi egin zuten egoera horretan (pasa den urrira arte). Langileek tinko eutsi diote egoerari, eta zuzendaritzaren inmobilismoaren aurrean mobilizazioak berrekin dituztenean (duela bi aste beste salto kualitatibo bat eman zuten), hurrengo kolpea eman du zuzendaritzak. Azkoitiko Tren Handia itxi eta gure 36 kide Reynosara (Kantabria, Espainia) lekualdatuko dituztela mehatxu egin diete. Garbi daukate: isilpeko 36 kaleratze dira horiek. Horrez gain, Azkoitiko Tren Handia gelditzeak, Lan-Zentro osoaren etorkizuna kolokan jarriko luke nahitaez. 

Negoziazioaren baitako mehatxu eta Azkoitiko lan-zentroaren abandonatzearen baitan kokatu behar da, beraz, pauso hori. Horregatik langileek garbi adierazi nahi dute beren mezua: 

• Ez dute negoziaziorako beren borondatea bertan behera uzterik lortuko. 

• Lanpostuak indartzeko, eta Azkoitiko lan-zentroak etorkizuna izateko borrokan jarraituko dute.

Langileon Batzordetik jada eskatu dituzte instituzioekin bilerak (Azkoitiko Udala, Gipuzkoako Aldundia eta Eusko Jaurlaritza). Instituzioek Azkoitiko lanpostuen etorkizuna bermatzeko inplikatu beharra daukate, beste aldera begiratu gabe, eta orain arte eraginkorrak izan ez diren politikak aldatzea ezinbesteko dela garbi daukagu. Jainagari (SIDENORen jabea) alfonbra gorria jarri izan zaio instituzioetatik eta horrek aldatu beharra dauka. Bertako lanpostuen defentsa exijitu behar zaio instituzioetatik ere. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Leioako Foru Egoitzako langileak grebara doaz lankide falta eta baldintzen okertzea salatzeko

Azaroaren 16an deitu dute greba; izan ere, zuzendaritzak planteatutako langile-kopurua ez da nahikoa, lan-baldintzak okertu egin dira eta zuzendaritzak ez du zentroaren benetako beharrei erantzungo dien lanpostu-zerrenda negoziatu nahi.

Mobilizazioaren indarrak mugitzera behartu du Osakidetza, baina proposamenak oraindik ez dira nahikoa

LAB, SATSE, ELA, CCOO eta UGT sindikatuok balioetsi dugu urriaren 30eko greban profesionalek emandako erantzun irmoak Mahai Sektorialean posizioak mugitzen hastera behartu duela Osakidetzako...

Nafarroako Industria Foru Lege berriak inbertitzaile pribatuak lehenesten dituela kritikatzen dugu, baina ontzat jotzen ditugu jabetza publikoa, deslokalizazioa eta lanaldiarekiko aurrerapenak

Parlamentuak atzo onartutako Industria Foru Lege berriak inbertsio pribatua erraztera bideratuta dago, pizgarri, sinplifikazio administratibo eta kanpoko inbertitzaileak erakartzera bideratutako bestelako neurrien bidez. Hala...