2026-04-20
HomeEkintza SindikalaLAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDEk alderdiei eskatzen diete gutxieneko soldata propioa...

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDEk alderdiei eskatzen diete gutxieneko soldata propioa lortzeko urrats eraginkorrak eman ditzaten

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuek kritikatu egin dute EAJk eta PSEk Eusko Legebiltzarrean hartutako jarrera gutxieneko soldata propioaren inguruan, euren ardurari uko egin, eta saihestu nahi dituztelako gaiarekiko benetako urrats eraginkorrak. Era berean, sindikatuek salatu dute eztabaida negoziazio kolektiboaren aipamen orokorretara mugatu nahi dutela, patronala interpelatu gabe, eta beharrezko eskumenak eskuratzeko konpromiso argirik hartu gabe.

Sindikatuek azpimarratu dutenez, azken urteotan nabarmen areagotu dira lan-prekarizazioa eta bizitzaren kostua. Estatutik ezarritako gutxieneko soldatak ez dio erantzuten Euskal Herriko errealitate sozioekonomikoari, eta enplegua dutenen arteko pobrezia gero eta hedatuago dagoela ohartarazi dute. Egoera horren aurrean, funtsezkotzat jo dute hemen erabakiko den gutxieneko soldata propio bat ezartzea.

Testuinguru horretan, EH Bilduren mozioak sindikatuek proposatutako hainbat neurri zehatz jasotzen dituela nabarmendu dute: patronala interpelatzen dute negoziazioari ekiteko deia eginez; Eusko Jaurlaritza ere bai, eskatzen baitiote, batetik, bermatu dezala gutxienez 1.500 euroko soldata diru publikoz finantzatutako enpleguetan, eta, bestetik, konpromisoa har dezala gutxieneko soldata propioa legez ezarri ahal izateko behar diren eskumenak Estatuko Gobernuarekin negoziatzeko.

Sindikatuen esanetan, EAJk eta PSEk, aurkeztutako osoko zuzenketan, azken urtean euskal gehiengo sindikalak egindako lanketa existituko ez balitz bezala jokatu dute. Negoziazio kolektiboari aipamen orokorra egin diote, baina patronala interpelatzea saihestuz.

Gogorarazi dute, gainera, 140.000 sinadurek babestutako Herri Ekimen Legegilearen bidea aztertzea eta, eskumena lortze aldera, sustatzea EAJ-PSEren esku egon dela. Gaurko eztabaidan berriro ere agerian geratu da Eusko Jaurlaritza sostengatzen duten alderdiek patronalaren jarrerarekin bat egin dutela, gutxieneko soldata propioaren aldarria errealitate bihurtzea zailduz.

Sumarrek aurkeztutako zuzenketa, egokia zanik ere, mugatua da sindikatuentzat, auzia negoziazio kolektiboaren esparrura mugatzen baitu, eskumenak eskuratzeko lege aldaketaren aferari heldu gabe.

Konpromiso zehatzak alderdiei eta interpelazio zuzena Confebaski

LAB, ELA, STEILAS, HIRU eta ETXALDEren arabera, gutxieneko soldata propioa ez da aldarrikapen sinboliko bat, baizik eta tresna eraginkorra langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko; lan-harremanak bertan erabakitzeko bidea; pobrezia eta prekaritatea mugatzeko bitartekoa, eta soldata-arrakala murrizteko gakoa.

Alderdi politikoei eskatu diete interes alderdikoiak alde batera utzi eta euskal langileriaren mesedetan erabaki politiko ausartak hartzeko, dagokien ardura beren gain hartuz eta patronala modu argian interpelatuz. Zentzu horretan, sindikatuek deialdia helarazi diote Confebaski martxoaren 24rako negoziazio-mahai berrirako, eta bertaratu dadin exijitu diote. 

Azkenik, sindikatuek adierazi dute mobilizatzen eta presionatzen jarraituko dutela, instituzioek eta patronalak euren erantzukizuna har dezaten, eta gutxieneko soldata propioa errealitate bihur dadin. Ildo horretan, martxoaren 17rako deitutako greba orokorrak aldarrikapen horri bultzada erabakigarria emango diola ziurtatu dute, eta Hego Euskal Herriko langileei greba babestu eta mobilizazioetan parte hartzeko deia egin diete. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Maiatzaren Lehena: gerraren eta bizitzaren garestitzearen aurrean, langileen aldeko politikak aldarrikatuko ditu LABek

26 manifestazio egingo ditu LABek Euskal Herriko eskualde eta hiriburuetan; Baionan eta Maulen intersindikalarekin mobilizatuko da. Deialdi bakoitzeko kide banarekin, 26 lagunekin batera, agerraldia egin...

LABek eta ELAk Eusko Jaurlaritzari exijitu diote euskal langileon hitza errespetatzeko

Bi sindikatuek (%60ko ordezkaritzarekin) Torres lehendakariordeak, Confebaskekin bat eginez, iragarritako eraso antidemokratikoa salatu dute. LABek eta ELAk agerraldia egin dute gaur Eusko Jaurlaritzak Mikel Torres...

Absentismoaren gezurra eta lan eskubideen defentsa uztartuko ditu LABek apirilaren 28an

Apirilaren 28a Laneko Osasunaren eta Segurtasunaren Nazioarteko Eguna da. Aurten ere manifestazioa egingo du LABek, lan osasuneko intersindikala osatzen duten beste sindikatuekin batera, hau...