2026-09-02
HomeEkintza SindikalaLAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek Nafarroak gutxieneko soldata propioa izateko benetako...

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek Nafarroak gutxieneko soldata propioa izateko benetako aukera defendatu eta posible egiteko deia egin dute

EH Bilduk eta Geroa Baik Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata finkatzeko eskumenak izateko Lege Proposamena Parlamentuan erregistratu zuten. Ekimen horren aurrean, Nafarroako Gobernuak inongo zorroztasunik gabeko txosten bat egin du, nafar langileen beharrak eta errealitateak aintzat hartzen ez dituena, lege proposamenaren tramitazioarekin ados ez dagoela adieraziz. Hala ere, ekimena sustatu duten sindikatuek oztopoen aurrean benetako aukera dagoela nabarmendu dute, eta hori defendatzera eta posible egitera deitu dute, martxoaren 17ko Greba Orokorraren deialdiarekin bat eginez, Parlamentuak legea onar dezan lortzeko.

Lege Proposamenak Langileen Estatutuaren 27. artikulua aldatu nahi du, Autonomia Erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezarri ahal izateko. Langileen Estatutuaren aldaketa hori lortzeko, lehen urratsa da Nafarroako Parlamentuak foru-lege bat onartzea Estatuko Gobernuari eskatzeko Madrilgo Kongresuan estatu-lege bat susta dezala, Espainiako Konstituzioaren 87.2 artikuluak jasotzen duen bezala.

Ondorioz, EH Bildu eta Geroa Bairen lege-proposamenean jasotzen denak legezkotasuna du, Parlamentuko zerbitzu juridikoek 2025eko urtarrileko txostenean egiaztatu zutenez. Gainera, LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek proposatutako formularen arabera, autonomia-erkidegoek bakarrik erabili ahal izango dute mekanismo hori Estatukoa baino gutxieneko soldata handiagoa ezartzeko, eta Estatuak eskumen esklusiboa mantenduko du gai horretan.

Onartezina eta ulertezina da, Nafarroako gizarte osoaren ikuspegitik, Gobernuak eta Lehendakariak, plazaratutako txostenaren bidez, duten jarrera beligerantea lan-merkatuko kolektibo ahulenentzako (pertsona migratuak, gazteak, kolektibo feminizatuak…) aldarrikapen eta ekimen justuen aurrean. Proposamenak soldatak hobetzen ditu eta gure lurraldeko aberastasunaren banaketa bidezkoagoa bultzatzen du, Nafarroako bizi-kostuarekin koherentea da eta autogobernuan oinarritzen da. Herritarrek zabal eta zorrotz babesten dute eta Nafarroako erakunde guztiek defendatu beharko lukete ere.

Beste era batera esanda, Nafarroako Gobernuak eta bere kontseilariek, baita PSN eta Zurekin alderdiek ere, ondo baino hobeto dakite ekimen honek ez duela inola ere zalantzan jartzen pertsona guztien duintasuna bermatuko duen gutxieneko soldata finkatzeko Estatuak duen eskumen esklusiboa. Gainera, Estatuko gainerako lurraldeak kontuan hartzen dituen arrazoizko proposamena da, ezin izango bailitzateke erabili beste eskualde batzuetako langileei kalte egiteko. Hala ere, betikoen alde (CEN, UGT eta CCOO) eta Nafarroako herritarren interesen kontra, modu alderdikoi eta korporatiboan jokatzea erabaki dute, gehiegizko zentralismo espainiarra defendatuz, nafar izate hutsagatik kalte egiten diguna.

LAB, ELA, Steilas, Hiru eta Etxaldek eskatuta, EH Bilduk eta Geroa Baik Parlamentuan erregistratutako lege-proposamenak aukera errealak ditu onartua izateko eta Nafarroak bere testuinguru ekonomiko eta sozialera egokitutako gutxieneko soldata baten inplementaziorantz aurrera egiteko. Eta hori horrela da, adostasunerako beharrezkoak diren oinarrizko elementuekin osatzen den planteamendua jasotzen duelako.

Hori lortzeko, funtsezkoa da borondate politikoa, eta UPN, PSN eta Contigo-Zurekin alderdi politikoak deitzen dituzte sindikatuek hura haien gain hartzera. Herritarren babes aktiboa nahitaezkoa da ere, batez ere langileena, funtsezkoak baitira ekimen hau defendatzeko. LGS propioa onartzeko aukera mahai gainean egotea 2025ean zehar mobilizatu diren eta martxoaren 17ko Greba Orokorraren inguruan aktibatzen eta antolatzen ari diren langileei esker da, eta haien garaipena. Jarraitu beharreko lana.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek Nafarroako zahar egoitzetako lehen hitzarmena sinatu du #LortuDugu

Borrokaldi luze baten ostean, joan den martxoaren 17an Hego Euskal Herri osoan egin zen greba orokorraren alderdietako asko gauzatu dira hitzarmenean, besteak beste, 1.500...

Irunen izandako sexu erasoaren aurrean, sexu langileen eskubideak aldarrikatu ditu LABek

Era honetako egoerei aurre egiteko beharra duten langileei bere baliabideak eskaini dizkiegu LABen, erakundeei indarkeria matxistari aurre egiteko neurri eraginkorrak eskatzearekin batera. Sexu lana indarkeriarekin parekatzeak sexu langileei ahotsa eta agentzia kentzea eragin dezakeela ohartarazten dugu.

Navarrabiomed kalera atera da Nafarroako Gobernuaren aurrean, herritarrei informazioa ematen jarraitzeko eta hitzarmen duin bat eskatzeko

Navarrabiomed–Miguel Servet Fundazioko Langileen Batzordeak, LABeko bederatzi ordezkarik osatua, elkarretaratzea egin du Nafarroako Gobernuaren egoitza den Nafarroako Jauregiaren aurrean. Ekimenak helburu bikoitza izan du: herritarrei argi erakustea Navarrabiomeden egiten duten lanaren garrantzia eta langile guztientzako lan-baldintza duinak aldarrikatzea. Horrela, ikerketa biomediko publikoaren errealitatea hurbildu nahi izan zaio gizarteari.