2026-07-15
HomeIdazkaritzakHEGOAK plataformatik Kubaren kontrako blokeo kriminala salatzen dugu

HEGOAK plataformatik Kubaren kontrako blokeo kriminala salatzen dugu

Berriro ere, inperialismoak Kubari begira jarri du bere etsaitasun iraunkorra. Oraingoan, uhartearen petrolio-hornidura guztiz blokeatuz.

Ez dira kasu isolatuak edo une bateko gertakariak: Kubako subiranotasunaren aurkako mehatxuak politika historiko baten jarraipena dira; politika hori ekonomia itotzeko, diplomazia erasokorra egiteko, komunikabideetan kanpaina gatazkatsuak sustatzeko eta egonkortasun politikoa hausteko diseinatuta dago, herri bat zigortzeko helburuarekin, bide propio bat aukeratu duelako.

Blokeo ekonomiko, komertzial eta finantzarioa —ilegala eta urtero nazioarteko komunitatearen gehiengo handiaren aldetik gaitzetsia— eraso horren tresna nagusia izaten jarraitzen du. Bere eragina kontzienteki eragindakoa da: elikagai, sendagai, energia, finantzaketa eta garapen teknologikorako sarbidea mugatzea, zuzenean Kubako herriaren eguneroko bizitzan eraginez. Ez dira “zigorrak”; gerra ekonomiko baten forma da, Kubako herriari oinarrizko hornidura guztietarako sarbidea erasotzen diona.

Hori guztia gezurren eta desinformazio-kanpainekin, nazioarteko isolamendu-saiakerekin, hirugarren herrialdeen gaineko presioekin eta giza eskubideen diskurtsoa xantaia-tresna gisa erabiliz osatzen da. Gaur Kubaren epaile gisa aurkezten direnak, kasu askotan, gerrak, baliabideen lapurreta, estatu-kolpeak eta Hegoalde Globaleko oinarrizko giza eskubideen urraketa sistematikoak sustatu edo babestu dituztenak dira.

Mehatxu inperialista hauek salatzen ditugu, ez bakarrik Kubaren aurka doazelako, baita Kubako herriaren subiranotasunaren eta Nazioarteko Zuzenbidearen aurkakoak direlako ere. Kubaren defentsa egitea edozein nazioren eskubidea defendatzea da: bere etorkizuna kanpoko esku-hartzerik gabe, presio ekonomikorik gabe eta aginte kolonialik gabe erabakitzeko eskubidea.

Nazioarteko ikuspegitik, gure elkartasun aktiboa adierazten dugu Kubako herriarekin, haren erresistentziarekin eta duintasunarekin. Blokeoa berehala kentzea, eraso-politikak amaitzea eta Kubaren subiranotasun osoa errespetatzea eskatzen dugu. Eta nazioarteko komunitateari dei egiten diogu halako inposaketarik ez onartzeko; izan ere, horrek Kubarekin merkataritza egin nahi duten estatu subirano guztiei ere eragiten die.

Inperialismoaren eta haren mehatxuen aurrean, mezu argi bat berretsi nahi dugu: Kuba ez dago bakarrik. Herriaren aurkako zigor kolektiboa amaitu beharra dago.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Arabako esku-hartze sozialeko sindikatuok negoziazioa desblokeatzeko aurkezturiko proposamena aurkeztu dugu, aldarrikapenei erantzun gabe segitzen duen patronalaren aurrean

ilabete eta erdi baino gehiago patronalaren aldetik inolako proposamenik gabe egon ondoren, atzoko mahaian AISAk uztailaren 29rako proposamen bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen, eta, bertan, sektorearen aldarrikapen ugariri behingoz erantzutea espero dugu.

Patronala Gipuzkoako gasolindegien hitzarmenaren negoziazioa blokeatzen ari da

LAB, ELA eta UGT sindikatuok, ordezkaritzaren % 70,27 dugunok, elkarretaratzea egin dugu gaur Donostian, AEGA patronalaren jarrera salatzeko asmoz; izan ere, sektorean dauden benetako arazoei ez die erreparatzen patronal horrek. Hitzarmenaren negoziazioa hasi zenetik urte eta erdi baino gehiago igaro ondoren, AEGAk negoziazioa blokeatu du, eta Gipuzkoako gasolindegietan lan egiten duten pertsonen lan-baldintzak duintzeko akordio bat lortzea eragozten ari da.

Langileen osasuna bermatu dadila eskatzeko mobilizatzen ari dira Siban enpresaren lantegietan

Abanto Zierbenan kokaturiko Siban Peosa eta Siban Innobelting enpresetako langileek greba partziala egiten ari dira gaur, uztailak 15, 12:00etatik 16:00etara arte, hilaren 1ean Siban Innobelting lantegian izandako lan-istripua salatzeko.