2026-10-20
HomeEkintza SindikalaZubietako erraustegiko langileek lanuzteak iragarri dituzte martxorako eta ez dute balizko greba...

Zubietako erraustegiko langileek lanuzteak iragarri dituzte martxorako eta ez dute balizko greba bat baztertzen apirilerako

6 urte pasa dira Zubietako erraustegiko CMG1 planta martxan jarri zenetik eta Gipuzkoako Foru Aldundiak EKOBAL enpresari kudeaketa esleitu zionetik. Orduz geroztik, enpresako langileen batzorde ezberdinek Gipuzkoako Kale Garbiketako hitzarmenak jasotzen ez dituen lan baldintza bereziak eta zehatzak arautu eta gure osasuna babestuko dituen enpresa hitzarmena negozitzeko saiakerak behin eta berriz egin izan ditugu baina tamalez, enpresaren ezezkoa eta mespretxua besterik ez dugu jaso.

Erraustegiko langileok arautu gabeko txandakotasun, arrisku eta toxikotasun handia daukan ingurune batean lan egiten dugu eta babestu eta ordaindu gabeko baldintzak ditugu. Enpresak 12 ordura arteko lanaldi jarraituak egitera behartzen gaitu jada gure osasunerako kaltegarria den 24/7 txanda sistemako langileoi, aurreko edo hurrengo txandako lankideak lanera ezin badira etorri, Non Stop zerbitzua bermatuz langileen osasunaren kontura. Bestalde, mantentze lanetako langileoi asteburuetan erretén-zerbitzua egitera ere behartzen gaitu enpresak, arautu eta ordaindu gabeko zerbitzu eta prestasuna ezarriz. Hori gutxi balitz, EKOBAL enpresak zaborrarekin zuzenean lan egiten dugun langileoi egunero jasaten dugun benetako arrisku biologikoa ez digu ez aitortzen ezta saritzen ere.

Guzti honengatik daramagu hilabete bat borrokan EKOBAL enpresa errudun bezala izendatzen baina jakin badakigu azken arduraduna Gipuzkoako Foru Aldundia dela, beraz GHK eta EKONDAKIN erakundeei ere luzatzen dizkiegu gure aldarrikapenak.

Bukatzeko, jakin berri dugu enpresak hurrengo bilera baterako gonbidapena egin digula eta eskertzen eta onartzen dugula. Hala eta guztiz ere, gure borroka areagotzeko asmoaren berri ere eman nahi dugu: Martxoan ostegunero lanuzteak egiteko prest gaude eta ez baldin badugu enpresaren aurrerapausorik ikusten apirilean greba deialdia egitera behartuak egongo gara. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

EAEko mahai orokorra: Eusko Jaurlaritza kudeaketa irizpideen bila joaten da Madrilera

Langile publikoen soldata igoera, erretiro-txanda kontratua, egonkortasunaren kalte-ordainak, lanaldi murrizketa... Madrilek zer esango zain gelditzen jarraitzen du Eusko Jaurlaritzak, inolako ekimenik hartu gabe.

Nafarroako langileei dei egiten diegu azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzaten

Larunbatean Iruñean 2.000 lagun baino gehiago mobilizatu ondotik, LABek CENi eta Nafarroako Gobernuari pobretzearen eta errentismoaren aurkako egiturazko neurriak eskatu dizkie, eta eskaera zehatza egin dio Nafarroako Gobernuari: Testa funts putreak bereganatutako etxeak desjabetu ditzala eta parke publikora igaro daitezela.

Euskal Herrian indarkeria matxistak eragindako azken heriotza salatzeko mobilizazioetan parte hartzera dei egiten dugu

Angelun, 19 urteko emakume batek bortxatu egin zutela salatu eta egun gutxira bere buruaz beste egin izana erabat lazgarria da eta, beste behin ere, erakusten du indarkeria matxistak hil egiten duela.