2026-02-11
HomeEkintza SindikalaLAB Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan mobilizatuko daĀ Udalhitz hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoaren...

LAB Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletan mobilizatuko daĀ Udalhitz hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoaren kontra

Otsailaren 26an negoziazioaren blokeoaren kontra EUDELen mobilizatuko da eta edukiak mahai negoziatzailera ekarri ditzaten, grebak baztertzen ez dituen dinamika abiatuko du.

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako ordezkariekin egin duen bileran, LAB sindikatuak berretsi egin du Udalhitzen negoziazioak bizi duen blokeo egoera eta horren aurrean, mobilizazioei ekingo diela erabaki du. 15 urte pasa dira Udalhitzen lan-hitzarmena sinatu zenetik eta geroztik ez da lan-hitzarmena berritu.

Urte eta erdi igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta urte bat mahai negoziatzailea aktibatu zuenetik, 2010az geroztik iraungita dagoen Udalhitzen hitzarmena negoziatzeko. Alabaina, urte luze honetan gutxi izan dira egon diren aurrerapen eta bilerak eta azaroaren 7an mahai negoziatzailearen bosgarren bilera burutu zenetik mahaiak deitu gabe jarraitzen du. 

Azken bilera horretan, LABek EUDELi eskatu zion langileekiko arduraz eta begirunez joka zezala eta Udalhitz berrirako akordio-zirriborro integrala lehen bailehen bidaltzeko eta mahaira eramateko. Izan ere, bilerak egin bai baina gaur gaurkoz edukiak mahai gainean jarri gabe jarraitzen dute eta zirriborrorik ez dugu jaso.

Horregatik, mahaia deitu eta proposamen integrala jasotzeko asmoz, LAB otsailaren 26an EUDELen mobilizatuko da eta bere lehendakaritza duen EAJri eskatuko dio arduraz jokatzeko. Bide beretik, mahaia edukiz bete dezaten exijitzen du eta ez du baztertzen edukiak egon ezean mobilizazioak areagotu eta grebetara joatea.

Hauek dira LAB sindikatuak Udalhitz berrirako aldarrikatzen dituen lehentasunezko edukiak:

1.- Negoziazio-marko propioa. Hemen erabakitzearen premia, Estatuko inposizioak gaindituz. 

2.- Pribatizazioak gelditzea eta publifikazioak. Udalek berezko dituzten zerbitzuen kudeaketa publikoa garatzea eta publifikazioak sustatzea. 

3.- Enpleguarekin loturiko neurriak. Behin behinekotasuna jaistea, enplegua sortzea, %100eko jardunaldiak ezartzea sektore feminizatuetan eta hautaketa deialdi propioak eta lekualdatzeak egitea. 

4.- Gazteberritze-planak. Udal guztiek gazteberritze-planak jasoko dituzten giza-baliabide planak izateko derrigortasuna. Adinaren araberako lanaldi murrizketak adostea, soldata eta kotizazioan galerarik izan gabe eta lanaldi murrizketa horiek metatuak izateko eskubidea jasotzea. Errelebo kontratuak bermatzea lan-kontratuko langileentzat. 

5.- Jardunaldi jaitsiera. Lan astea 30 ordutara jaistea. Udal musika eskoletako eta Euskaltegietako jardunaldi eta irakastorduen murrizketa. 

6. – Lanpostu balorazioak egitea. Lanpostuen balorazioak egitea lan-kategorien arteko arrakala murrizteko. 

7.- Soldata-igoerak. Bizitzaren garestitzearen aurrean, galdutako erosahalmena berreskuratzea. Soldata igoerak berme juridikoekin egiteko formulak adostea. Soldata-igoerak lineak izatea. Eta azpikontrataturiko langilerik ez egotea 14 pagatako 1.500 €ko gutxieneko soldataren azpitik. 

8.- Klausula feministak. Berdintasun planak indarberritzeko neurriak. Soldata arrakalarekin amaitzeko neurriak. Jazarpenaren aurkako protokoloak eraginkorrak izatea. LGTBIfobiaren kontrako protokoloak adostea. Kolektibo maskulinizatuetan egoerari buelta emateko neurri zehatzak ezartzea, emakumeen* kontratazioa bultzatzeko. Kontziliazio baimenak zabaltzea familia lotura gaindituko duten binkulogramen bidez eta zaintzari loturiko baimen gehiago. 

9.- Euskararen normalizaziorako neurriak. Lanpostuetan euskara eta gaztelania parekatzeko segurtasun juridikoa duten tresnak adostea, lanpostu guztiak elebidunak izateko betekizuna ezarriz. Euskara lan-hizkuntza eta arreta-hizkuntza izateko eskubideak bermatu. Lehen aldiz lanpostu publiko bat betetzeko, sarbidean, bi hizkuntza ofizialak derrigorrezkoak izatea. Euskalduntzeko planak egun lanean ari diren langileentzat, epe zehatz eta baliabideekin. 12 urtean lanpostu guztiek hizkuntza-eskakizuna izatea. 

10.- Lan osasunerako neurriak. Kontingentzia profesionalak Gizarte Segurantzak kudeatzea. Bajak %100 ordaintzea baja amaitu arte. Arrisku psiokosozialen azterketak egitea eta hauek ekiditeko neurriak. Lan kargak arintzeko neurriak adostea. 

11.- Trantsizio ekosozialerako neurriak. Lehentasunez mugikortasun plan adostuak ezartzea. 

12.- Kolektibo espezifikoetan neurri konkretuak adostea. Euskaltegi, musika eskola zein oinarrizko lanbide heziketako zentroetarako lan-baldintzak hobetzeko neurriak, lanaldia eta lan zamak jaisteko. 

Hortaz, mahai-negoziatzailea deitu eta edukiz bete dezaten, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako udaletako langileak mobilizatzera deitzen ditugu. Eta mahaiko edukien arabera, mobilizazio horiek areagotuko ditugula iragartzen dugu. Hauek dira otsaila eta martxoan LABek deituriko mobilizazioak: 

  • Otsailaren 26an, 11:00etan, EUDELen, Bilbon. 
  • Martxoaren 17an Greba Orokorra. Hego Euskal Herriko langile guztiek 1.500 €ko gutxieneko soldata izan dezagun eta soldatei dagozkion erabakiak hemen hartu ditzagun, lantokiak hustu eta kaleak hartuko ditugu.
  • Martxoaren 26an eskualde guztietako udaletan mobilizatuko gara.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

112a zaintzea herritarrak zaintzea da: Kudeaketa publikoa eta lan baldintza duinak SOS Deiak-en

SOS Deiak larrialdiei aurre egiteko Euskadiko zentro nagusia da. Bere zeregina funtsezkoa da herritarren eta larrialdietako zerbitzuen arteko koordinazio azkar eta eraginkorrerako: Ertzaintza, osasun-langileak,...

Parlamentuan erregistratutako lege-proposamenak gutxieneko soldata propioa izateko aukera hurbiltzen dio Nafarroari

EH Bilduk eta Geroa Baik joan den astean lege proposamena erregistratu zuten Nafarroak bere Lanbide arteko Gutxieneko Soldata (LGS) ezartzeko eskumena izan dezan. LAB,...

LABek salatu du Haurreskolak Partzuergoko hitzarmenakĀ argitaratu gabe jarraitzen duela

Greba eta mobilizazio zikloari bukaera eman zion hitzarmen berria sinatu zuen LABek gaur urtebete. Gainera, Haurreskolak Partzuergoak irailaren 1ean lanpostuen zerrendan sortu behar zituen...