2026-10-01
HomeZerbitzu PublikoakIrakaskuntzaPatronalak eta Hezkuntza Sailak gaurko bilerara ez joateko hartutako erabakia arduragabekeria hutsa...

Patronalak eta Hezkuntza Sailak gaurko bilerara ez joateko hartutako erabakia arduragabekeria hutsa dela salatzen dugu

Proposamenak definitibo gisa aurkeztuz, bileretara ez joanez eta Hezkuntza Sailak bere ardura sahiesteko bidea erraztuz adostasunak ez dira posible izango. LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok egoerari irtenbide egoki bat eman, negoziazioa bideratu eta langileen eskaerei erantzun serio bat emango dioten adostasunak erdiesteko helburuan berresten gara. Helburu horrekin eta bereziki azken asteetako gertakariak kontuan izanik gauzatu dugu gaur arratsalderako bilera deialdia.

Sindikatuon ustez, ez patronala ez eta Hezkuntza saila ere bilerara ez agertzeko erabakia oso larria da eta arduragabekeria nabaria erakusten du. Patronalak gaurko bilerara ez etortzeko hartutako erabakiak argi erakusten du adostasunetara iristeko eta negoziaketarako inolako borondaterik ez duela. Aldi berean, bilerara ez etortzeko erabakia Hezkuntza Sailak ezer esan aurretik publiko egin izanak, bide eman dio Hezkuntza Sailari gatazka honen irtenbidean inplikatu eta parte hartu gabe jarraitzeko.

Gogoratu behar da mobilizazio eta greba dinamika honetara iritsi aurretik, hamaika bilera eta mota guztietako ekintzak gauzatu bagenituen ere 10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe duten langileen eskaerek erantzun serio bat izan eta akordioak ixteko saikeran, patronala ez dela mugitu greba dinamika indartu arte.

Baita Urtarrileko greba egunen ondoren eta Martxokoen aurretik, sindikatuok Kristau Eskolarekin izandako bileretan adostasunak erdiesteko aukera eman zezaketen zenbait planteamendu egiteko prest agertu zela patronala ere. Tamalez ordea, eta zergatiak ezagutzen ez baditugu ere, patronalak atzera pasusu nabariak
eman ditu egindako planteamendu eta edukietan. Horrela, azken mahai negoziatzailera ekarritako eduki eta planteamenduek aldebiko bileretan egindakoekiko atzera pausoak ematea suposatzen dute eta adostasunak
erdiestea zailtzen dute. Gainera, patronalek mahai horretan erakutsitako jarrera erabat itxia izan da, azken
proposamen hau definitiboa eta aldaezina dela adieraziz.

Honi, Hezkuntza Saila gatazka hau bideratzeko erakusten ari den inplikazio eza eta parte hartze aktibo falta gehitzen zaizkio, bai guraso elkarte bai Eusko Legebiltzarrak berak ere luzatutako eskaerari muzin eginez. Hezkuntza Sailak sindikatuokin izandako bilerak sindikatuon eskariz izan dira, jadanik sektorean 18 greba
egun gauzatu ondoren gainera. Besteak beste, Hezkuntza Sailari eta patronalei gela itxieragatik lanpostua galdu dezaketen langileen birkokapenaren inguruko planteamendua orain dela 4 urte helarazi bagenien ere, orain dela bi hilabete inguru arte ez du eman Hezkuntza Sailak gai honi buruz hitzegiten hasteko inolako pausorik.

Testuinguru honetan, sindikatuok, bai patronal eta bai Hezkuntza sailari adostasun horiek lortzeko giltzarriak jasotzen dituen dokumentu bat helarazi genien pasa den asteko mahai negoziatzailearen ondoren. Dokumentu haren inguruko erantzun ofizialik jaso ez dugun arren, komunikabideen bidez egindako
adierazpenen baitan ez patronal ez eta Hezkuntza Sailaren aldetik ere inolako pausorik emateko asmorik ikusten ez genuenez, LHKan bilera deialdi bat luzatu genien gaur arratsalderako. Gaurkoan bilerara ez agertzeko erabakia hartu badute ere, sindikatuok bilera deialdia luzatzen jarraitzen diegu edozein leku eta unetan.

ELA, STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok argi daukagu adostasunetara iristeko eta langileen eskaerei tajuzko erantzunak emanez gatazkari irtenbidea emateko ezinbestekoa izango dela patronalen aldetik negoziaziorako borondate erreala eta hezkuntza sailaren inplikazioa. Gatazka honi irtenbide egokia
emateko ardura eta aukera patronal eta Hezkuntza sailarena da.

Beraz, sindikatuok bai patronal eta bai Hezkuntza Sailari galdegin nahi diegu bakoitzak bere ardurak bere gain har ditzala, eta behingoz bai langile, bai familia eta bai ikasleen onuran, gatazka honi irtenbide egoki bat emateko neurriak eta erabakiak har ditzatela.  

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...