2026-11-08
HomeEkintza SindikalaELAk eta LABek Confebaski negoziatzeko legezko obligazioa bete dezala eskatu diote EAEko...

ELAk eta LABek Confebaski negoziatzeko legezko obligazioa bete dezala eskatu diote EAEko Auzitegi Nagusian

Patronalaren autoritarismoak argudiorik gabe utzi du laugarren aldiz Eusko Jaurlaritza (EAJ eta PSE-EE). Confebaskek adiskidetzerako aukerari uko egin eta Eusko Legebiltzarrak Herri Ekimen Legegileari ezarritako betoaren ondoren, M17ko greba orokorra inoiz baino zilegiagoa da

ELA eta LAB sindikatuak hiru aldiz saiatu dira Confebaskekin EAErako gutxieneko soldata ezarriko duen lanbidearteko akordio bat negoziatzen. Saiakera guztietan patronalak uko egin dio negoziazio mahaia eratzeari, eta ondorioz, sindikatuek Confebask auzitara eramatea erabaki dute. Gaur, EAEko Auzitegi Nagusiak bi sindikatuek jarritako demanda aztertu du, Confebaskek laugarren aldiz epaiketa aurreko adiskidetze-prozesuari uko egin ostean.

Oihana Lopetegi LABeko Ekintza Sindikaleko idazkariak azaldu duenez, “Confebaskek behin eta berriz itxi dio atea negoziazioari, eta horrek agerian uzten du ez duela betetzen autonomia erkidego mailan patronal gisa duen negoziatzeko betebeharra”. Bere esanetan, patronalak estatu mailako marko juridikoa baliatzen du “langileen prekarizazioa ahalbidetzeko”, eta jokabide hori ez da salbuespena izan: “Etxeko langileen hitzarmen kolektiboan, kimikaren sektorean edota beste hainbat esparrutan ere negoziatzeari uko egin dio”.

Epaiketan, ELAk eta LABek defendatu dute Langileen Estatutuak EAEko hitzarmen eta akordioei lehentasuna ematen dien unetik, bi aldeek bertako negoziazio kolektiboa garatzeko obligazioa dutela. Demandak jasotzen duen bezala, 84. artikuluaren interpretazio sistematiko eta teleologikoak ondorio argi batera eramaten du: autonomia-esparruko akordio bat negoziatu nahi denean, negoziatzeko betebeharra dago, eta sinatuz gero, legeak aitortzen dion aplikazio-lehentasuna izango du.

Patronalaren jarrera horrek zuzenean talka egiten du Eusko Jaurlaritzaren eta EAJ eta PSE-EE alderdien diskurtsoarekin. Izan ere, sindikatuek Eusko Legebiltzarrean aurkeztutako Herri Ekimen Legegileari betoa jarri zioten, gutxieneko soldata ezartzeko bide egokiena patronalarekin akordioa lortzea zela argudiatuta. “Lau aldiz egin dio uko Confebaskek negoziatzeari, eta hala ere, Jaurlaritzako alderdiek ez dute onartu 138.495 langilek eskatu bezala gutxieneko soldata ezartzeko eskumena behar dela”, salatu du Lopetegik.

LABeko ordezkariaren hitzetan, gutxieneko soldata propioa “ezinbesteko tresna da prekaritateari eta pobreziari mugak jartzeko, arrakala sozial eta ekonomikoen aurka egiteko eta aberastasuna modu justuagoan banatzeko”. Horregatik, sindikatuek argi dute borroka bide guztiak erabiliz jarraituko dutela: epaitegietan, kalean eta lan-zentroetan.

Azkenik, Oihana Lopetegik azpimarratu du martxoaren 17ko greba orokorra testuinguru honetan “inoiz baino beharrezkoagoa eta zilegiagoa” dela: “Enpresarien eta alderdi politikoen jarduera baldintzatzeko eta Hego Euskal Herriko langileen kohesio soziala posible egingo duen gutxieneko soldataren eskuduntza irabazteko tresna erabakigarria izango da”. Horregatik, Euskal Herriko langile guztiei greban parte hartzeko deia egin die.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.