2026-06-30
HomeEkintza SindikalaLABek 600.000€ko kalte-ordaina lortu du eraikuntzako “autonomo” batentzat, lan-istripu larri baten ondoren

LABek 600.000€ko kalte-ordaina lortu du eraikuntzako “autonomo” batentzat, lan-istripu larri baten ondoren

LABek aurrekaririk gabeko akordio bat lortu du eraikuntzako langile batentzat hiru metroko altueratik erori zena. Obran detektatu ziren segurtasun-gabezi larriak eta erorketen aurkako babes-neurri ezak. Obraren enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordainarekin konpentsatuko du langilea.

2023an, langile batek lan-istripu oso larria izan zuen, hiru metroko altueratik lurrera erori zen, eta horrek ondorio ugari, larriak eta etengabeak eragin zizkion. Langile horrek eraikuntzan betetzen zituen bere eginkizun profesionalak obraren titularrak azpikontratatutako enpresa batentzat, praktikan kooperatiba faltsu bat bezala funtzionatzen zuena. Epaitegiak ez zuen onartu kooperatibista faltsua zenik, eta autonomo izaera onartu zioten.

Hala eta guztiz ere, bigarren auzi-eske baten ondoren, LABek berriki lortutako inoiz ez bezalako akordio batean, onartu da erortzeko arriskuaren aurrean babesteko neurri kolektiborik ez zegoela; arnesa ainguratzeko gunerik ez zegoen eta enpresa kontratistak ez zuen bete obraren Segurtasun eta Osasun Plana. “Azken finean, Laneko Arriskuen Prebentzioari buruzko Legea nabarmen ez betetzea, nahitaezko segurtasun-neurririk ez izatea eta obra behar bezala ez antolatzea”, adierazi dute LABetik. Hori dela eta, enpresa titularraren aseguru-etxeak 600.000€-ko kalte-ordaina emango dio langileari, jasandako ondorio medikoengatik.

Adostutako kalte-ordaina bereziki garrantzitsua da, judizialki lan-harremana aintzatestea lortu ez zen arren, erreklamatutakoaren pareko ordain ekonomikoa lortu baita. Aseguru-etxeak hain konpentsazio handia onartzeak agerian uzten du eragindako kaltearen larritasuna eta Lan Ikuskaritzak atzemandako segurtasun-hutsuneen garrantzia. Langile “autonomoa” izanik, ezohikotzat jo liteke lortutako akordioa, baina lortu izanak agerian jartzen du eskubideak eta segurtasuna ezin direla kalifikazio formal baten menpe egon.

LAB sindikatuaren jarrera irmoa ezinbestekoa izan da akordio hau lortzeko, bide guztiak sindikatuak hasi baitzituen: Lan Ikuskaritzaren ikerketa, kalteen balorazio zehatza eta langilearen benetako egoera egiaztatzean irautea. Hori guztia erabakigarria izan da lortutako emaitzara heltzeko eta langilearentzat eta bere ingurunearentzat duintasuna eta babesa bermatzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu irakasle zuzentzaileak babesteko eta euskararen kontrako oldarraldia ez elikatzeko

Bide beretik, Hezkuntza Sailari eskatzen diogu egiturazko neurriak ezartzeko ikasle guztiek DBH bukatzean B2 maila eskuratu dezaten eta D ereduan oinarrituriko ikas-eredua orokortzeko.

UGTk EHUko ordezko irakasleen lan baldintza prekarioak betikotu nahi ditu

Salatu egiten dugu ordezko irakasleek pairatzen zuten egoera larria zuzentzeko hartutako erabakiak bertan behera uzteko UGTk hasitako bidea.

Maderas de Llodioko enpresa batzordeak eta Garnica enpresak akordioa erdietsi dute 284 greba egunen ostean gatazkari amaiera emateko #LortuDugu

Gaur, ekainak 29, Maderas de Llodioko langileek eta enpresa batzordeak Laudioko Herriko plazan agerraldia egin dute 283 greba egunetan zehar aurrera eramandako borrokaren balioa nabarmentzeko. Maderas de Llodion enplegua defendatzeko eginiko borroka izan da, baina baita Aiaraldea eskualde osoan lanaren eta industriaren etorkizuna defendatzekoa ere.