2026-09-30

[IRITZIA] “Hezkuntza SOS”

LAB Irakaskuntzako kide Maider Izagirrek, Aitor Nuñezek eta Ibai Redondok euskal eskola publiko komunitarioaren aldeko apustuari buruz idatzi dute. "Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatearen gehiengoak desiratzen duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea", iritzi dute.

Ikasle guztiei aukera-berdintasuna bermatzea, euskara eta euskal kulturaren transmisioa, hezkidetza, berrikuntza pedagogikoa, laikotasuna, doakotasuna eta eredu publiko indartsua sustatzea Hezkuntza Komunitateak bere egiten dituen oinarriak dira, besteak beste. Oinarri horien aldeko lan handia egin da gure herrian, aurrerapauso nabarmenak egin ditugu, baina azken urteotan nahi eta ezin ari gara. Paulo Freire pedagogoak esan zigun: «Inuxenteak ginateke pentsatuko bagenu klase dominatzaileak zapalduen mesedetarako hezkuntza antolatuko duela».

Baina ez gara inuxenteak, eta begi aurrean duguna ikusten dugu, estatuak zentralizazio prozesua indartu eta hezkuntza publikoa murrizten saiatzen ari dira. Gero eta gehiago dira (eta izango dira) atzerritik Euskal Herrira etorriko diren haur eta nerabeak, administrazioen utzikeriaren aurrean, segregazioa indartu egin da eta ghettoak sendotzen ari dira, ez dago etorri berriak diren ikasleen inklusioa lortzeko inolako planik; euskararen kalitatean eta erabileran atzeraka ari garela erakusten dute azken urteotako ikerketek; Euskal Herrian erabiltzen diren testuliburuen %80 atzerrian ekoitziak dira, eta Espainiako eta Frantziako curriculumak inposatzen zaizkigu; sexu bidezko banaketa eta erlijio irakasgaiaren derrigortasuna (publikoan) legez bermatu berri du Espainiako Auzitegi Konstituzionalak; berrikuntza pedagogikoa oztopatzen dute selektibitatea eta baxoa ikur duten azterketa-kalifikazioan oinarritutako ebaluazioek…

Zer egin?

LABek, urtebeteko hausnarketaren ondoren, euskal eskola publiko komunitarioa nolakoa izan behar den definitzeaz gain, berau lortzeko bidea proposatu die hezkuntza komunitateko eragile guztiei. Euskal Herriko Hezkuntza Komunitatearen gehiengoak desiratzen duen Hezkuntza Sistema eraikitzeko ezinbestekoa zaigu guk gure hezkuntzaren inguruko erabakiak hartzea, hezkuntzan ere burujabetza eskuratzea. Ezinezkoa da Euskal Herriak behar duen euskal eskola publikoa eraikitzea Madril eta Parisek hezkuntzaren inguruan erabakitzea onartzen badugu, are eta gutxiago jakinda bi estatuen jarrera zentralista-jakobinoa izateaz gain erabat neoliberala dela. Espainiak ez du eskola publikoa indartu nahi bere lurraldean, are eta gutxiago euskal eskola publikoa. Entzun besterik ez dago Madrilen esaten direnak, ditugun hezkuntza eskumen apurrak ere lapurtu nahi dizkigute: «Hezkuntzako eskuduntzak zentralizatzera goaz», dio Espaniako eskumak. Gehiago?

Euskal eskola publikoa euskal hezkuntza sistemaren ardatz bilakatu nahi dugunok estrategia berria jarri behar dugu mahai gainean: hausnarketa, adostasuna, elkarlana, auzolana, konfluentzia, ilusioa, indarra, batasuna… Herri honek bere onena jarri beharra dauka euskal hezkuntza sistema propioa lortzeko eta bertan euskal eskola publikoa ardatz izan dadin. LABetik proposamena egin dugu, gainontzeko eragileen proposamenak ezagutu, elkarrekin hausnartu eta adostasunetara iristeko irrikaz gaude.

LABen proposamenak euskal eskola publiko komunitarioa du izena. Aukera berdintasuna bermatzeko hezkuntzak publikoa izan behar duelako. Espainia eta Frantziako publikotasun ereduak ez dira munduan inorentzat eredu, guretzat zergatik? Proposatzen dugu Estonia edo Finlandia gisako hezkuntza ereduetatik ikastea; hamarkadetan pilatutako esperientzia eta proiektuak balioan jartzea eta gurea egitea. Euskal administrazioen legeen araberako publikotasuna eta hezkuntza komunitateak botere askoz handiagoa izango duen hezkuntza eskuratzea. Ez gara utopiaz hitz egiten ari; EAEko estatus berriaren proposamenean jasotzen den «hezkuntza konpetentzia esklusiboak» Euskal Herri osora hedatzeaz hitz egiten ari gara. Dozenaka eskola eta ikastolatan egiten ari garena sistema osora zabaltzeko lege babesaz eta herri prozesuaz. Prozesua posible da, baina, horretarako, elkarlana eta akordioak beharrezkoak dira. Bi estaturen aurrean, bulkada pribatizatzaile eta zentralistaren aurrean bakoitza berera eta elkarri mokoka ari bagara jai dugu, hezkuntzako egoera kaxkarra are eta okerragoa izango da.

Proposatzen dugun euskal eskola publiko komunitarioan lekua izan behar dute hasieran aipatutako ikuspegia duten eskola eta proiektu guztiek. Epe ertainean Euskal Herriko eskola publikoak eta ikuspegi komunitarioa duten Ikastola zein eskola libreak norabide honetan jartzeko apustua egiten dugu. Hau da, %50 publiko %50 pribatu-kontzertatu dikotomia apurtu eta euskal eskola publiko komunitariorako trantsizioa, konfluentzia egiteko apustua egiten dugu. Ezin dugu zatituta jarraitu, ezin ditugu lehian eta konfrontazioan jarri antzekoak diren herri proiektuak, deitu ikastola edo deitu eskola publiko, biek galtzen dutelako. Herri honetan, tradizio komunitario handia dago, elkarlanerako eta auzolanerako ohitura handia; tradizio hori berritu eta hezkuntzara eraman behar dugu, edo estatu zentralista neoliberalek txikitu egingo gaituzte, «euskal» ikuspegitik eta «publikoaren» ikuspegitik.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Langileen aldarrikapenei erantzungo dieten proposamen zehatzak eskatu dizkiogu Osakidetzari

Osakidetzako Zuzendaritzak aurkeztu egin du Mahai Sektorialeko sindikatuei bidalitako proposamena. Lan Baldintzak Arautzen dituen Akordioaren lehen zirriborro bat da eta dokumentuak ez du barneratzen sakoneko gaiei buruzko proposamenik, hala nola ordainsariak, lanaldi murrizketa edo lan kargak.Gai horiek sindikatuon aldarrikapenen artean daude.

Ez dugu onartzen patronalek akordioak ez betetzeagatik langileak kaleratuak izatea

2024ko otsailean Greba Amaierako Akordioa (GAA) sinatu genuen. Hurrengo egunean langileok gure lanpostuetara bueltatu ginen. Baina patronalek ez zuten akordioa bete, fede txarrez negoziatu eta sinatu baitzuten, hau da, sinatutako akordioa beteko ez zutela jakinda. Lehenik eta behin, ez zituzten soldatak eguneratu nahi, gero ez zituzten sortutako atzerapenak ordaindu nahi, eta, ondoren, uko egin zioten ordu bateko eskola ordua murrizteari eta lan pertsonalerako ordu bateko igoera aplikatzeari. Horrenbestez, epaitegietara jotzera behartu gintuzten, sinatutakoa bete zezaten. Hiru aldiz jo behar izan dugu Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusira (EAEAN), eta hiruretan epaileek arrazoia eman digute, argi eta garbi utziz KEk (Kristau Eskolak), AICE-IZEAk eta ikastetxeek bete behar zuten akordioa urratzen zutela. Epaiek patronalek erabili dituzten argudioak desmuntatzen dituzte, honako baieztapen hauek jasotzen baitituzte: 1. Akordioak hitzarmen maila duela, sinatzaileek nahitaez bete behar dutela eta 2024ko otsailaren 5etik, hau da, sinatu zen egunetik aurrera, indarrean zegoela. 2. Itundutako soldata eta lan-baldintzak ez daude finantzaketa publikoari lotuta eta ez daude finantzaketa publikoaren menpe. Zehazki, eskola-orduak ordubetez murrizteko neurriak, adostua eta sinatua dagoenak, bi helburu zituen: 1. Langileen lan-karga izugarria murriztea. 2. Matrikulazioen jaitsieragatik ikasgelak galtzearen ondorioz hurrengo ikasturteetarako aurreikusitako inpaktua eta langileen kaleratzeak murriztea. Izan ere, horrela ahalbidetuko litzateke ikasgelaren bat ixten den ikastetxeetan kaleratzeak saihestea. Nola? Bada, eskola-ordu murrizketa aplikatzearen ondorioz egin beharko liratekeen kontratazio berriekin konpentsatuz. Gainera, ikasgelarik ixten ez den ikastetxeetan kontratazio berriak egongo lirateke, eta Birkokapen Akordioaren bidez, beste ikastetxe batzuetatik kaleratutako langileek lehentasuna izango lukete. Horrela egin behar zen, baina KEk eta AICE-IZEAk uko egin diote. Publikoki esaten dute kezkatuta daudela ikasgelak ixteagatik, baina ez da horrela, beren ez-betetzeekin eta fede txarrarekin 160 kaleratze baino gehiago eragin baitituzte. Joan den ikasturtean 100 langile inguru kaleratu zituzten, eta ikasturte honetan 160 baino gehiago. Ikasgela galtzearen ondoriozko kaleratze “objektiboak” salatuko ditugu, bidegabeko kaleratzeak direla argudiatuz; izan ere, kaleratzea ez da ikasgela galtzeagatik gertatu, baizik eta ikasgela galtzeagatik eta sinatutako irakastordu murrizketa ez aplikatzeagatik. Hau da, patronalek Greba Amaierako Akordioa bete ez izanaren ondorio zuzena da 160 langile baino gehiago kaleratzea, baita horiek birkokatzea oso zaila izatea ere. Gaur, irailak 30, arratsaldez, ikasturte berria ospatuko du KEk Gasteizko San Viator Ikastetxean. STEILASek, CCOOk, LABek eta UGTk garbi dugu ez-betetzeekin eta kaleratzeekin ez dugula ezer ospatzeko, eta bai asko aldarrikatzeko. Hori dela eta, arratsaldean ospakizunaren atarian esango diegu, argi eta ozen, sinatutako akordioa bete behar dutela eta negoziazio mahaira hitzarmen proposamen bat eraman behar dutela, atzerapausorik gabekoa eta GAAn sinatutako eskubide guzti-guztiak jasoko dituena. Eskola-orduen murrizketa eta lan pertsonalerako bost orduak jaso beharko ditu. Horrek, neurri handi batean, gelak ixteagatiko kaleratzeak murriztuko lituzke. 2026ko maiatzean, berriro ere, patronalek seriotasun faltaz eta fede txarrez jokatu zuten. Negoziazio mahaian hitzarmen-proposamen bat aurkeztu zuten, arreta zuzeneko orduak murriztea eta lan pertsonalerako bosgarren ordua ezartzea jasotzen zituena. Bost egun geroago erretiratu egin zuten, baina zer gertatuko litzateke sindikatuek proposamena sinatu izan balute? Jarrera hori errespetu falta ikaragarria da sektoreko 9000 langileekiko. Patronal serioak behar ditugu, sinatzen dutena betetzen dutenak. Horrenbestez, beste behin ere honakoa exigitzen diegu KEri, AICE-IZEAri eta ikastetxe guztiei, aplikazioaren azken arduradunak baitira: 1. Sinatutako GAA osorik betetzea, eskola-orduen murrizketa barne, dagokion konpentsazioarekin. 2. Atzerapausorik gabeko hitzarmen-proposamena aurkeztea eta GAAn adostutako guztia jasotzea. Bide batez, sektoreko ikastetxeen %20 inguru ari dira aplikatzen eskola-orduen murrizketa, Elizbarrutiko ikastetxe guztiak barne. Egin daiteke, baina ez dago horretarako borondaterik. STEILAS, CCOO, LAB eta UGT sindikatuok patronalen ez-betetzeak salatzen jarraituko dugu, GAAn jasotako eta sinatutako eskubide guztiak bete arte.

Enpresaren kudeaketa negargarriak hartzekodunen konkurtsora kondenatu du Olazabal y Huarte

Gasteizko enpresa historikoak itxierari eta 30 lanpostu suntsitzeari egin behar die aurre. Olazabal y Huarte enpresa txarto kudeatua izan da hainbat urtez. Duela urte batzuk,...