2024-05-02
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaBizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak grebara itzuli dira, hitzarmen duin baten...

Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak grebara itzuli dira, hitzarmen duin baten alde

Grebara deitu dute gaurko, biharko eta etzirako, sektorearen defentsan eta hitzarmen duin baten alde. Honetaz gain, emakume guztiei, datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia zabaldu dute langileek eurek, atzo arratsaldean Bilbon egin zuten manifestazioan jakinarazitakoaren arabera. Hain zuzen ere, atzoko manifestazioa mugimendu feministak antolatu zuen, grebalariei babesa adierazteko. Gaur, berriz, manifestazio berri bat egin dute langileek, Unamuno plazatik abiatuta.

Hauxe da atzoko manifestazioaren eta aste honetako greba egunen harira osatutako oharra, LAB, ELA, UGT eta USO sindikatuok sinatuta:

Urteak aurrera joan ahala, jendartearen eboluzioa ematen da, baina zaintza lanak antzinako denboretan geldirik jarraitzen dute. Ematen zaien balioa, hutsa izaten jarraitzen du eta ondorioz, oraindik ere, lan hauek emakumeon eskuetan geratzen dira. Honen adibide argia da Etxez etxeko Laguntza Zerbitzua, non, plantillen %95a baino gehiago emakumeok osatzen dugularik. Nahiz eta, jendartearen ongizaterako ezinbestekoak diren jarduerak egin, gure lana, bigarren mailako enplegutzat hartzen jarraitzen da.

Etxez Etxeko Laguntza, udalei dagozkion zerbitzu publikoa da. Hauek, hein handi batean, lizitazioen bidezko pribatizaziorako bidea hartzea erabaki dute. Honekin, zerbitzuaren titularrak direnak, urteak daramatzate beste alde batera begiratzen langileon lan baldintzei dagokionez.

Zerbitzu honen beharrizana duten erabiltzaile kopurua gorantz egiten jarraitzen duen bitartean, zerbitzuaren kalitatearen gainbehera salatuz, langileok urte bat baino gehiago daramagu mobilizatzen, egindako 26 greba egunekin batera.

Sorospen arloari dagokionez, handitzen doan kolektibo baten babes maila gutxitzen ari da. Prestazio orduan jaisten dira, egin beharreko lanak handitzen diren heinean, honekin, zerbitzuaren kalitatean galera emanez. Lehen 10 orduetan egiten genuena orain 7 orduetan egin beharra daukagu. Nola da posible?

Lan arloari dagokionez, 7 urte daramatzagu soldata izozketa eta lan eskubideen galerarekin. Enpleguaren behin-behineko tasa handia da, lanaldi partzialak ugariak dira eta osasunerako kalte eta arrisku ugari dagoen lan batean, lan osasuneko neurriak ez dira existitzen. Labur esateko, gure lan-baldintzak prekarioak dira.

Azken mobilizazio urtean zehar, gatazkaren konponbiderako pausuak ematea dagozkien subjektu guztiak interpelatu ditugu. Bizkaiko Udal garrantzitsuenetan Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko kalitatea hobetuko zuten eta onartu diren mozioak aurkeztu ditugu, alderdi politikoekin bildu gara, Bilboko udaleko aurrekontuei egin dizkiegu, sektore feminizatu moduan gure problematika EMAKUNDEri helarazi diogu, eta Patronalak, zuzenean, interpelatu ditugu. Kontaktu guzti hauetatik ez dugu, jendarte osoaren arazoa den honentzako, inolako erantzunik jaso.

Arduradunak seinalatzeko unean, ez dugu beste alde batera begiratuko. Bizkaiko udaletako gobernu taldeak, mozioen erabilera partidista eta gerora hauen ez betetzearekin, eta patronalak, negoziaziorako gogo ezarekin, dira gatazka honen arduradun zuzenak. Lehenengoek, zerbitzuaren titular moduan, zein bigarrenek, zerbitzuaren prestatzaile moduan, ezin dute euren ardura albo batean uzten jarraitu.

Datorren martxoaren 8an, herri honetako emakumeak grebara aterako gara. Beste behin ere, emakumeon esplotazioan oinarritzen den sistema baten aurrean planto egingo dugu. Generoagatiko diskriminazioa ez da zerbait puntuala, jendartean tinko txertatuta dagoen arazo estrukturala baizik. Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzua bezalako sektoreekin, berdintasun erreal batera jotzeko benetako neurriak hartzeko aukerak zabaltzen dira. Emakumeen lan baldintzetan eta ondorioz, bizi baldintzetan, hobekuntzak sustatuz.

Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak, alde batetik, EUDELeri zaintza lanei dagokien balio eman eta bere ardurapeko zerbitzu honi kalitatea ematea eskatzen diogu. Beste alde batetik, PATRONALEI, emakume langileon lan baldintzen murrizketan oinarritzen diren, etekin ekonomikoei begira jartzeari uztea exijitzen diegu.

Honengatik guztiagatik, hasitako borroka honi eusteko argudioak soberan ditugula argi daukagu, eta hurrengo martxoaren 5, 6 eta 7an sektorearen defentsan eta hitzarmen duin baten alde, grebara bueltatuko gara. Honetaz gain, emakume guztiei, datorren martxoaren 8rako mugimendu feministak antolatutako ekintza guztietan parte hartzeko deia zabaldu nahi dugu.

Zaintza eta bizitza erdigunean jartzeko garaia heldu da! Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntzan, kalitatea eta lan baldintza duinak! Bizkaiko Etxez Etxeko Laguntza borrokan!

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen plataformak fase berri bat ireki du Iruñean

Gaur maiatzak 2, LABek Iruñean duen egoitzan Estaturik gabeko nazioetako sindikatuen bilera egin da, bertan LAB-ez gain Kortsikako STC, Aostako SAVT, Kanakiako USTKE, Bretainiako SLB, Sardiniako CSS, Intersindical Catalana eta Galiziako CUTek parte hartu dutelarik. Telematikoki Intersindical Canariak, Guadalupeko UGTG eta Martinikako UGTM ere bileran egon dira.

Patronalaren lawfarea salatzen dugu: espainiar poliziak Oscar Reina atxilotu du Iruñean, 2015eko adierazpen batzuengatik enpresa batek Sevillan jarritako salaketa baten epaiketaren data jakinarazteko

Maiatzaren Lehenaren karietara LABek Iruñean antolaturiko manifestazio eta ekitaldi nazionalean parte hartu eta hurrengo egunean, espainiar poliziako agenteak SAT sindikatu andaluziarraren bozeramaile Oscar Reinak ostatu hartu duen Iruñeko hotelean agertu dira eta atxilotuta eraman dute.
00:04:13

Sindikalismotik askapen nazionala eta soziala sustatzera goaz

Krisi ekosozialak alternatiba baduela berretsi eta enpleguaren, zaintzaren eta ondasunaren banaketaren alde egiteko garaia da, eta hala azpimarratu dugu gaur Anaitasunan, aldarrikapenerako ez ezik ospakizunerako ere tartea utzi duen Maiatzaren Lehen honetan.