EAJk, EH Bilduk eta PSEk aurrekontu-akordioa lortu eta urtebetera, patronalek, Aldundiaren adostasunarekin, egiten ari diren blokeo egoerak, ez duela sektorea duintzen eta lehen hitzarmen probintziala aurrera ateratzeko aurrerapausorik ez dagoela salatu nahi dugu. Kokatzearren, 1.000 langile baino gehiago dituen sektore feminizatu batez ari gara, non soldatak LGSa oso hurbil dauden, non urteko lanaldia oso handia den, partzialtasuna oso handia da eta laneko osasuna ez den prebenitzen. Hau guztia, Estatuko hitzarmenak oso baldintza eskasak eta prekarioak markatzen dituelako.
6 urte daramatzagu greban, guztira, 50 greba egun baino gehiago, eta egoera erabat blokeatuta dago. ELAk eta LABek borondaterik eta interesik ez dagoela egoera hau konpontzeko uste dugu.
Astakeri bat da Aldundiak patronalak benetan negoziatzera behartzeko dituen mekanismo guztiak ez aktibatzea. Hemen patronalak dira errudunak, baina Urtaran diputatua da azken erantzulea. Esan bezala, 2025erako aurrekontu-akordioa ez da bete, eta Arabako Foru Aldundia ez da ari bere gain hartzen zaintza-sistema hobetzeko dagokion zeregina.
Azken negoziazio mahaian, funtsezko egun batzuen aurrean gaudela ulertuta, ELAk eta LABek beste proposamen bat egin dugu mahaian. Gatazka konpontzeko aldarrikapenak zehaztera gatoz. Besteak beste, hau proposatu dugu:
• Indarraldia 2025-2027
• Soldatak: 21.000 eurora iristea 2027an gerokultore kategorian
• Lanaldia: 100 ordu gutxiago 2027ra 1672 ordutara iristeko
• Urtean 15 asteburuko atsedenaldiak
• Aldi baterako ezintasunagatiko osagarria baja arruntetarako, Bizkaian egiten den bezala
• Ordu osagarriak kontrolatzeko neurriak ezartzea
• Ekonomikoak ez diren hobekuntza gehiago.
Erantzukizuna patronalen eta Aldundiaren mahaian egongo da. ELAren eta LABen proposamena oso errealista da, eta akordioaren bidean kokatzen da. Orain, erantzukizuna eskatzen diegu gainerako alderdiei. Negoziatzeko borondatea badute, hitz egingo dugu, baina orain arte bezala jarraitzen badute, sektoreko langileei eta, oro har, gizarteari azalpenak eman beharko dizkiete.
Egoera honetan baldin bagaude, sektorearen eta greben mobilizazioari esker izan da. ELAk eta LABek beste bi greba-egun deituko ditugu abenduaren 10erako eta 11rako, eta sektoreko langileei eta, oro har, Arabako gizarteari dei egiten diegu aktiboki parte hartzeko

