2026-10-01
HomeEkintza SindikalaLAB, STEILAS, ELA eta CGT-LKN sindikatuok gaur hasi dugu EHUk pairatzen duen...

LAB, STEILAS, ELA eta CGT-LKN sindikatuok gaur hasi dugu EHUk pairatzen duen azpifinantzaketa salatzeko mobilizazio kanpaina

Leioako campusean lehenengo lanuztea egin dugu, jarraipen zabalarekin, eta Mikel Laboa plazan kontzentratu gara.

Hurrego lanuzteak eta kontzentrazioak: Abenduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu; lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. 

Eusko Legebiltzarrean 2026ko EAEko aurrekontuak ixtear daudenean ezinbestekoa da berriro ere unibertsitate publikoaren azpifinantzaketa agerian jartzea. Izan ere, finantzateko EHUko beharrak betetzetik oso urrun egoten jarraituko du, baita USLOk helburu moduan markatutako BPGren % 1etik ere. Azaroaren 20an EHUko klaustroak unibertsitate publikoak azpifinantzaketa salatu zuen, eta nabarmen igotzeko eskatu zion Eusko Jaurlaritzari.

Unibertsitate publikoarekiko utzikeria interesatua dagoela berretsi behar dugu, EHUk dituen gabezi endemikoei aurre egitea ahalbidetzen ez duena

EHUko irakasle-ikertzaileon soldata 2008tik hona KPIa igoera dela eta, % 24,3ko galera izan dute, eta horri, 2006an soldatak duintzeko sortu ziren osagarriak gaur egun oraindik izoztuta daude. 

Gainera, prekarietate egoera lazgarriak ditugu oraindik. Ordezko irakasleak arduraldi osoan kontratatu ahal izateko bidea topatu bada ere, arduraldi partzialean jarduten duten irakasleek 400-800 € kobratzen jarraitzeaz gain, ez zaizkie aitortzen beraien jardunerako ezinbestekoak diren eta egiten dituzten hainbat lan. Horrek guztiak ez du lanbide hau erakaragarria egiten, eta, gero eta irakasle lanpostu gehiago geratzen dira hutsik. 

Teknikariak eta Kudeaketako eta Administrazio eta Zerbitzuetako Langileen (TEKAZELen) erosahalmenaren kasuan berriz, %18,2 galera jasan du azken 15 urteetan. Gainera, zerbitzu edota unitate askok langile gehiago behar dituztenez, gero eta zailtasun gehiago dago ordezkapenak betetzeko – gogoratu, IRI/TEKAZEL ratioa Europako beste herrialdeetan 2koa den bitartean, EHUn 2,76koa dela – eta horri guztiari, ordainsari-maila baxueneko lanpostuak berrikustea premiazko kontua dela gehitu behar zaio. TEKAZELen lana irakaskuntza, ikerketa eta gainerako aktibitateak era egokian garatzeko ezinbestekoa da, eta horrexegatik da garrantzitsua kolektibo honi ere soldata- eta lan-baldintza duinak bermatzea.

Unibertsitate publikoak euskal jendartearen formazioa, ikerketa edota ezagutzaren transferentziaren beharrei erantzun ahal izateko, lan-baldintza duinak eta plantilla egokia izatea, promozionatzeko eskubidea bermatzea edota langileak zaintzea ezinbestekoak dira. 

Era berean, errektoretza taldeari EHUrako beharrezkoa den finantzaketa lortzeko jarrera irmoa exijitzen diogu. EHUko zuzendaritzaren erantzukizuna baita Eusko Jaurlaritzaren aurrean, jendartearen zerbitzura dagoen unibertsitate publikoaren beharrei erantzuten dien finantzazioa kemenez defendatzea. 

Aldi berean, hezkuntza unibertsitarioaren eredu elitista sustatuz, alfonbra gorria jartzen die Jaurlaritzak unibertsitate pribatuei. EHUko langileen ahaleginak dira guztion itsasontzi indartsua izan beharko litzatekeen hau ez hondoratzea lortzen dutenak. 

Horregatik guztiagatik, LAB, STEILAS, ELA eta CGT/LKN sindikatuok, euskal jendarteak behar duen unibertsitate publikoa beharrezkoa duen finantzaketa bermatzea exijitzen diogu Eusko Jaurlaritzari. Gaur, Leioan, egin dugu lehenengo mobilizazio eguna. Bihar, abeduaren 2an Donostian, 3an Gasteizen eta 4an Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzaren aurrean, Bilbon, egingo ditugu lanuzteak 11:00etatik 12:00etara, eta, kontzentrazioak 11:15etan izango dira. EHUko kideok badugu eskaera hau ozen adierazteko garaia! 

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari!

Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

LAB – STEILAS – ELA – CGT-LKN 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.

LABek eta ESK-k Arabako Esku-Hartze Sozialeko IV. Hitzarmena baztertu dugu eta Aldundiari ekiparazioaren bidean benetako aurrerapausoak exijitu dizkiogu

Gaur, urriaren 1ean, LAB eta ESK sindikatuok Arabako Foru Aldundiaren aurrean elkarretaratzea egin dugu, sektorearen finantzatzaile nagusia baita, esku-hartze sozialeko langileek IV. Hitzarmen Kolektiboaren sinaduraren aurrean duten jarrera argi adierazteko. Sinadura gaur goizeko 12:30ean egitekoa da, ELA, CCOO eta AISA patronalaren artean. LAB ez da negoziazio-mahaira joango eta ez du hitzarmen hau sinatuko; bi sindikatuok erabat baztertzen dugu akordioa.