Gai soziolaboraletan erabaki ahalmena handitzearen beharra nabarmendu du Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak, gutxieneko soldata eta pentsio propioa, bertako negoziazio kolektiboaren irismena eta euskal zerbitzu publikoen garapena bermatzeko.
Azken asteotan albiste izan dira EH Bilduren, EAJren eta PSEren arteko elkarrizketak, EAErako estatus berri bat adosteko. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak nabarmendu du sindikatuek estatusaren eztabaidan parte hartzeak duen garrantzia: “Euskal sindikatuok badugu zer esana eta zer egina balizko estatus berriari dagokionez. Estatusa berritzeko prozesuak sindikatuon eta herri eragileon parte hartzerako mekanismo zehatzak eta eraginkorrak aurreikusi behar ditu”.
Bi arrazoi azaldu ditu; lehena, langileon lan eta bizi baldintzak eztabaida politikoaren erdigunean kokatzeko beharra: “Lau hamarkadatan patronalaren neurriko autogobernu eredua garatu du EAJk; kontzertu ekonomikoa eta zerga politika enpresariei mesede egiteko baliatu dira. Aberastasunaren birbanaketarako aukerei uko egin zaie. Langileon lan eta bizi baldintzak hobetzeko orduan, erabat mugatua izan da”. LABek hasieratik esan zuen EAEko estatutua langileon ikuspegitik ez nahikoa zela, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eta esparru sozioekonomiko propioa bermatzen ez zituelako. Gainera, estatutua higatu egin da, eta bere garapena oztopatu, besteak beste, negoziazio kolektiboa estatalizatuz, zerbitzu publikoaren garapenari mugak jarriz eta funtzio publikoan euskara ofiziala izan dadin eragotziz. Egiturazko gabezia horiei konponbidea jarri behar dio balizko estatus berri batek, LABek aldarrikatu duenez.
Bigarren arrazoia langileen parte hartzeari lotuta dago: “Estatus berri bat aurrera ateratzeko sor litezkeen oztopoak gainditzeko, ezinbestekoa izango da herri babes eta atxikimendu zabal bat, argudiatu du Arroyok. “Euskal Herrian bada aktibazio sindikal eta sozial handi bat. Jendarte eredu justuago bat eraikitzeko erregaia da hori, baita olatu erreakzionarioari muga jartzeko errezeta ere. Langileriak eta herri sektoreek, mugimendu feministak edota euskalgintzak egindako eskariei bide emanez gero, bertako instituzioak prestigiatuko lirateke, eta, eskuin muturrak elikatutako antipolitikaren aurrean, Euskal Herrian herri partaidetzan oinarritutako politika egiteko aukera izango genuke”.
LABek estatus berri baten eztabaidan eragile aktibo izan nahi duela berretsi du Arroyok. Orain arte sindikatuon ekarpena jasotzeko prozedurarik egon ez dela ikusita, estatusari buruz elkarrizketan ari diren hiru alderdi politikoekin (EH Bildu, EAJ eta PSE) biltzeko eskaria egin du LABek. EH Bildu eta PSE bilera egiteko prest azaldu dira, ez ordea EAJ; hark emandako ezezkoa deitoratu du Arroyok: “Estatusarena alderdien arteko afera dela argudiatuz bilera ukatu digu EAJk, eta horrek erakusten du alderdi batzuentzat traba bat dela sindikatuon eta herri eragileen parte hartzea. EAJk Pradalesekin aldaketa itxura eman nahi izan du, baina lehengo lepotik du burua. Osasun Mahaia akordiorik gabe itxi zuen eta Eusko Legebiltazarrean bi herri ekimen legegileri buruz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio. Estatusari dagokionez ere sindikatuon eta herri eragileon iritzia hutsaren hurrengoa da EAJrentzat”. Arroyok oroitarazi duenez, EAJk argudiatu zuen Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzeko bidea herri ekimen legegilea beharrean estatus berriaren eztabaida zela. “Hori esan eta LABekin estatus berriaz hitz egiteari uko egitea erabat kontraesankorra da; jarrera zuzentzeko deia egiten diogu EAJri”.
Edozein modutan, LABek euskal langileen eskariak aintzat har daitezen lan egiten jarraituko du. Alderdien arteko elkarrizketa fasean zein abian jar litekeen ibilbide instituzionalean, lan eta bizi baldintzak hobetzeko tresnak aldarrikatuko ditu LABek. “Badira hogeita hamar urte herri honen gehiengo sindikalak Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua aldarrikatu zuenetik. Euskal langile guztiei lan eta bizi baldintza duinak bermatzeko, bertako instituzioen eskumenak eta bertako negoziazio kolektiboaren ahalmena zabaltzea ezinbestekoa da”, azaldu du bozeramaile nagusiak.
Lan Harremanetarako eta Babes Sozialeko Euskal Esparruaren norabidean, LABek lehentasunezkotzat jotzen ditu honako neurriak:
- Gutxieneko soldata propioa ezartzeko ahalmena, euskal langile guztiei gutxieneko soldata duina bermatzeko.
- Bertako pentsio sistema osagarria garatzeko ahalmena, euskal pentsiodun guztiei pentsio duina bermatzeko.
- Tresna soziolaboral propioak, ondasunaren, enpleguaren eta zaintza lanen banaketarako politika burujabea garatu ahal izateko.
- Eremu publikoan zein pribatuan bertako negoziazio kolektiboaren babesa. Maila intersektorialean, sektorialean edo enpresetan, patronalaren betoak gainditzeko mekanismoak nahiz bertako patronal eta sindikatuen artean adostu daitekeen edozein gai inolako injerentziarik gabe errespetatzeko bermeak jasotzea.
- Zerbitzu publikoak mugarik gabe arautzeko aukera, herritar guztien osasuna, hezkuntza, zaintza eta etxebizitzarako eskubideak bermatzeko. Zerbitzu publikoen aurrekontuez, funtzio publikoko langileen kontratazioaz edota hizkuntza profilez erabakitzeko ahalmen osoa.

