2024-04-29
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaTxalotu egiten dugu Osakidetzako lehen mailako arretako langileen mobilizazioa

Txalotu egiten dugu Osakidetzako lehen mailako arretako langileen mobilizazioa

Lehen Arreta Arnasberritzen Plataformak deitutako langileen asanbladak planteatu duen Lehen Arretako esparruan borrokatzeko eta mobilizatzeko beharra konpartitzen du LABek.

ESIen integrazio eredua (zeinetan ospitaleak eta anbulatorioak uztartzen diren) ezarri aurretik lehen arretako egoera oso ona ez bazen, eredua finkatu zenetik, egoerak txarrera egin du nabarmen. Horrela salatu du LABek behin eta berriro. Izan ere, LABen ustez, Lehen Arreta, osasun sistemaren atea den heinean eta populazioarekiko gertutasunagatik eta dauzkan komunitate funtzioengatik, Osakidetzako giltzarria da. Kontrako norabidean, gobernu ezberdinek (EAEan, EAJ eta PSE) ezarri dituzten osasun politikek, kapitalaren beharrei men eginez, lehen arretako arloa bigarren plano batean utzi dute eta lehentasuna eman diote ospitaletako esparruari, industria bioteknologiko zein farmazia industria pribatuentzat askoz erakargarriagoa dena, eta bide batez, txandako sailburuak propaganda politika egiteko askoz errentagarria.

Honek guztiak ondorio garbiak izan ditu: lan-baldintzen kaskartzea eta populazioari ematen zaion osasun arretaren kalitatearen galera, zerbitzu ezberdinetan ematen diren etengabeko murrizketekin, gero eta itxaronaldi luzeagoekin, eta oso azkar handitzen ari den pribatizazioarekin.

Denbora tarte honetan, Osakidetzari euskal jendarteak behar duen lehen arreta eredua bere osotasunean hartuko lukeen negoziazioa eskatu diogu; negoziazioa batek nahitaez lan-baldintzen hobekuntza ekarri behar duena, arloko langileek modu eraginkorrean lan egin ahal izateko eta baloratuak sentitzeko. Osakidetzaren aldetik jaso dugun erantzun bakarra honakoa izan da: eztabaidarik gabe argitara eman duten “Euskadiko Lehen mailako Arretarako estrategia” dokumentua, norabide okerra zuzentzea baino, aspaldiko zauriei behin-behineko hesgailua ipintzea helburu duena. Erantzunez, LABek dokumentu honen irakurketa kritikoa helarazi zion Osakidetzako zuzendaritzari eta gaur egun osasun zentroetara hurbiltzen ari gara “Lehen arreta defenda dezagun” kanpainaren barruan. Aipaturiko kanpaina duela hiru urte hasi genuen eta, harrezkero, egindako murrizketen kontrako mobilizazioak eta salaketak sustatu ditugu hainbat herritan, auzo eta erabiltzaile elkarteekin batera, LABen ustez, borroka honetan jendartearen parte-hartzea funtsezkoa baita.

Bestaldetik, orain dela urtebete LABek LOREA proposamena egin zuen publiko. Bertan osasun arloak kategoria guztientzako ratioak ezartzeko beharra jasotzen duena, Diziplina Anitzeko Taldeen osaketaren bitartez. Proposamenak hein handi batean Lehen Arreta zelan aldatu eta hobetu jasotzen du.

LABek bat egiten du Lehen Arreta Arnasberrtitzen plataformak egin dituen aldarrikapen nagusi askorekin. Guk lehen arretarako hobekuntza integralaren alde egiten dugu, bai arreta jasotzen duen populazioarentzat baita arloan lan egiten duten kategoria eta langile guztientzat, inor alboratu gabe eta berdintasunean. Horretarako, Osakidetzak negoziazio kolektiboa errespetatu behar du, inposaketen garaia atzean utziz eta Osasun Mahi Sektorialean honako puntuei begirako neurriak negoziatuz:

• Lehen Arreta eredua aldatu eta berritu.
• Erabiltzaileei eskaintzen zaizkien zerbitzuen murrizketak bertan behera utzi (anbulatorioetako ordutegiak
murriztea, adibidez).
• Mota guztietako pribatizazioekin amaitu.
• Lehen arretan ere osasun sistema perbertitzen duten peonadekin amaitu (“autokontzertazioak”
eufemistikoki deituta, baina urre-prezioan ordaindutako aparteko orduak baino ez direnak).
• Aurrekontu eta pertsonal nahikoaz hornitu, ratioak ezarrita eta kategoria guztion arteko taldea-lana
ideian oinarriturik.
• Erabiltzaile zein langileen hizkuntz eskubideak errespetatu.
• Genero ikuspegia kontuan hartu; etab…

LABen aburuz, puntu hauek guztiak oinarrizkoak dira lehen arreta dagokion lekuan benetan kokatu nahi badugu.

Osakidetzaren itxikeriaren aurrean lehen arretako langile askok mobilizatzeko eman duten aurrerapausoa oso modu positiboan baloratzen dugu. Bereziki baloratzen dugu mediku kopuru handi bat mobilizazio bideari lotu izana, zoritxarrez urte hauetan guztietan lehen mailako arretan zein espezializatuan murrizketen eta pribatizazioen kontra egin diren mobilizazio ugaritan medikuen presentzia oso eskasa izan delako. Bidea luzea da, eta zenbat eta kide gehiago, hobe.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok Gizardatzi eta Geroani eskatzen diegu alde batera utz dezatela 2022az geroztik sektorea hitzarmenik gabe egotera daraman jarrera boikotatzailea

Bizkaiko Esku-hartze Sozialeko langileok 2022. urteaz geroztik hitzarmenik gabe gaude, eta zortzi greba-egun baino gehiago egin ditugu, baita mobilizazio ezberdinak zein barau egunak ere, egiten dugun lana aintzat hartuko duen hitzarmen bat lortzeko helburuarekin.

CAFeko amiantoaren auzian lan osasuna bermatzeko urratsak eskatu ditugu

Lan Osasunaren Eguna pasa berri den honetan, CAF lantegiko beharginek agerraldia egin dute, gaiarekin zerikusi zuzena duen kontu bati buruzko argibideak emateko: amiantoa.

Enpresak Imegarreko grebalarien aurka erakutsitako jarrera onartezina salatu eta borrokaren zilegitasuna aldarrikatu dugu

Egun hauetan mobilizatzen aritu dira Imegarreko langileek, eta enpresari beren lankideak berriz onartzeko eta gatazka konpontzeko eskatu diote. Aldiz, enpresak, jarrera desafiatzailea eta mehatxagarria izan du. Behin baino gehiagotan, kontseiluko kideek aurre egin diete langileei, mehatxatu eta iraindu egin dituzte. Baina ez hori bakarrik; izan ere, salatu nahi dugu pikete batean parte hartzen zegoen LAB-eko kide bati salaketa jarri diotela, akusazio faltsupean. Horregatik, gaur, enpresak bere langileekiko eta langileei laguntzera joan diren pertsonekiko izan duen arduragabekeria publikoki salatu dugu.