Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun Sailburuak EGAB Euskadiko Ekonomia eta Gizarte Arazoetako Batzordean gaur egin duen agerraldia baliatu du Pradalesek Confebasken neurrira egin dituen aurrekontuak azaltzeko. Alabaina, LABek salatu du sailburuak hurrengoa ezkutatu duela:
Jaurlaritza, zerga erreformari uko egin eta gero, 1000 milioi eurotan zorpetu da, eta diru hori patronalari mesede egiteko baliatzen ari da; azken adibidea, dirua zuzenean Talgora bideratzea.
Aurreko urteko aurrekontuekiko diru igoera dagoela esaten badu ere, alderaketa hori iruzurtia da; izan ere, aurrekontuak ez dira igo BPG hazi den gisan.
Gogora dezagun 1.000 milioi euroko zorpetzea kapital errentei presio fiskala igotzeari uko egin ondoren gauzatu dutela. Hortaz, hurrengo urtean langileok interesak ordaindu beharko ditugu Confebaski injektaturiko dirua ordaintzeko. Guztiz injustua den diru-bilketaren ondorioa da hau, langileon ekarpenetan oinarritzen dena eta ez kapital errenten ekarpenetan.
Euskal Herrian bertan baditugu erreforma fiskalarekin hasitako adibideak. Nafarroan gobernuak eta EH Bilduk adostutako aldaketa fiskalak progresibitatea indartzeko balio du. EAEn, ordea, kontrako norabidean ari direla adierazi dio LABek sailburuari: bankuek zergarik ez ordaintzeko neurriak hartu dituzte, langileak babesteko baldintzarik ez duten onura fiskalak eman dizkiete, eta ez dute progresibitatean sakondu.
Hortaz, LABek salatu du Confebasken neurrira egindako aurrekontuak direla, hiru eskaera nagusi egin baititu Confebaskek eta Pradalesek azken asteotako erabakiekin (gutxieneko soldataz nahiz pentsioaz eztabaidatzeari ezetz esan eta gero) hiruei egin die men: bat, enpresarientzat zerga baxuak; bi, langileentzat soldata baxuak eta hiru, diru publikoa negozioa egiteko bideratzea, izan nagusiki langileon errentekin ordainduko den zorpetzea enpresen errentagarritasuna bermatzeko erabiliz (Talgo horren adibide) edota zerbitzu publikoen pribatizazioaren bidez, enpresek Osakidetzaren edota zaintzaren kontura negozio egiten jarraitzeko.
Pradalesek Urkulluren Gobernuarekiko distantzia irudikatu nahi izan du baina azkenean ildo bera hartu du, bai formari dagokionez, baita funtsari dagokionez ere. Formari dagokionez, gutxieneko soldataz eta pentsioaz eztabaidatzeari ezezkoa eman dio Jaurlaritzak, kasik 300.000 herritarren babesa zuten bi herri ekimen legegileri muzin eginez; osasun mahaian muzin egin die sindikatuok egindako publifikazio eskaerei; eta aurrekontuetan ez dira aintzat hartuak izan azken hilabeteetako eskaera sozialak. Funtsari dagokionez, politika neoliberalei eutsi die Pradalesek, bai aurrekontu politikan baita osasungintza edota zaintza bezalako eremuetan.
Bukatzeko, LABek Ogasun sailburuaren agerraldia probestu du erreforma fiskalaren beharra azpimarratzeko eta EAEko aurrekontuei begira gure lehentasunak diren hurrengo eskaerak helarazteko:
- Gutxieneko pentsioa gutxieneko soldataraino osagarritzeko 310 milioiko diru partida.
- Jaurlaritzaren menpeko langile guztiek, zuzenak zein azpikontratatuak, bizitzaren garestitzearen dinamika betean, 1.600 euroko gutxieneko soldata jasotzeko partida sortzea (Osakidetzako zerbitzuetako langileen artean zelariak zein administrari laguntzaileak, Jaurlaritzako “Laguntzako Langileen Talde Profesionala” zein Enplegu Zentro Berezietako langile guztien %70 baino gehiago —esaterako, Katea Legaiako, Gureak Laneaneko, Lantegi Batuakeko, Ilunion Lavanderia Euskaldunako edota Centro de Ayuda Especialeko langileak—).
- Etxeko langileen kontratazioaren jarraipenerako, jardunaldiaren erregistrorako eta lan osasuneko neurrien kontrolerako ikuskaritza eta kontrol publikorako unitate espezifikoa sortzeko diru partida.
- Enplegu Zentro Berezietako langileen sektoreko lehen lan hitzarmenerako diru partida.
- Telelaguntza zerbitzua publifikatzeko diru partida.
- Gizarte zerbitzuen legearen baitako zaintza zerbitzuetan azpikontrataturiko langileen ratioak bateratzeko eta hobetzeko finantzazioa.
- Osasun sistema publikoa indartzeko finantzazioa, lehen mailako arretara eta publifikazioak egitera bideratua, eta ez pribatizaziora. Horrez gain, behin-behinekotasuna jaisteko salbuespenezko egonkortze neurrietarako finantzazioa, ezkutuan dauden 7000 lanpostu estrukturalak sortu eta langileak egonkortzekoa, plantilla dimentsionatzekoa, mediku-erizain ratioak gutxitzekoa eta zerbitzu-zorroa baliabide publiko eta propioekin zabaltzekoa.
- Osasun mentaleko zerbitzua publikotik indartzeko baliabide gehigarrietarako eta Osasun Mentaleko Sarea egituratu eta publifikatzeko finantzazioa.
- Anbulantziak publifikatzeko planerako eta zerbitzurako behar den diru partida.
- Eskola publikoa eta Haurreskolak Partzuergo Publikoa sistemaren ardatz izateko inbertsioaren gehikuntza. Azpiegituretan inpaktuzko inbertsioa behar da, eta lan hitzarmenak betetzeko eta garatzeko finantzazio nahikoa behar da: zerbitzuetako langileen ratioak betetzeko, plantillak esleitzeko irizpideen ondoriozko lanpostu eta neurri berriak ezartzeko haurreskoletan eta heziketa berezian; eta irakasle funtzionarioen kolektiboan ordu lektiboaren jaitsieraren ondoriozko konpentsazioak sortu ditzakeen lanpostu berrien sorkuntzarako.
- Ikastoletako langileak eta Gizarte Ekimenekoen soldatak langile publikoenekin 2027rako ekiparatzeko, urte honi dagokion finantzazioa.
- Hezkuntzan azpikontrataturik dauden eremuetan publifikazio planak egiteko diru partida (jangela, garbiketa eta garraioa).
- Trantsizio ekosozialean eragin asmoz, krisian dauden enpresetan edota langile batzordeen eskariz eraldaketa produktiboa gauzatzeko, erosketa publikoa gauzatzeko funtsa.
- EAEn babes publikoa galdu eta merkatu pribatuan sartuko diren etxebizitzak lehentasunez erosteko eskubidearen bidez erosteko funts berezia.

