2026-07-29
HomeEkintza SindikalaConfebaskek urrats berri bat egin du gutxieneko soldata propioaren negoziaketaren ukazioan

Confebaskek urrats berri bat egin du gutxieneko soldata propioaren negoziaketaren ukazioan

EAEko patronalak hirugarren aldiz eman dio ezetza gutxieneko soldata propioaren negoziaketari, ELA eta LAB sindikatuek sustaturiko kontziliazioan. 

Azken hilabeteetan, ELA, LAB, ESK, STEILAS, HIRU eta ETXALDE sindikatuok buru-belarri ari gara lanean gutxieneko soldata propio baten alde. Horretarako bi bide jorratu ditugu: batetik, bertako eskumenen baitan, langile guztientzat gutxieneko soldata propio bat ahalbidetuko lukeen lanbidearteko akordioa; eta bestetik, herri ekimen legegilea bultzatuz, langile estatutua aldatu eta autonomia erkidegoek gutxieneko soldata propioa ezartzeko eskumena eskuratzea.

Herri ekimen legegileak (HEL) 138.495 sinaduren babesa izan arren, Eusko Jaurlaritzak kontrako txostena aurkeztu du, eta ustez informe juridikoa zena argudio politiko hutsez jantzi du, aurka posizionatu ahal izateko. EAJk argi eta garbi azaldu du herri ekimen legegilearekiko aurkakotasuna, eta bizkarra eman dio langileen mesedetan eta burujabetzaren bidean eman zitekeen urratsari.

Eusko Jaurlaritzak eta patronalak, biek ala biek, gutxieneko soldata propioaren bidea blokeatzeko hautua egin dute. Confebaskek, gaur, ezezkoa eman dio berriz milaka langileren lan eta bizi baldintzak hobetzeari eta herri honek behar duen urratsari.

Premiazkoa da mugitzea blokeo egoera honen aurrean. Gehiengo sozial eta politikoa publikoki gutxieneko soldata propio baten alde agertu da, eta horrek ezin du hitz hutsetan geratu. Pobreziari mugak jarri behar dizkiogu, eta gero eta agerikoagoa den prekarietatea eta soldata arrakala murrizteko bitartekoak behar ditugu. Alderdi politiko guztiei dei egiten diegu Legebiltzarrean herri ekimen legegilearen alde bozkatzeko, ez baita posible hitzez gutxieneko soldata propioaren beharra defendatu eta ekintzetan herri ekimen legegilearen aurka posizionatzea.

Bestetik, Confebask mugiarazi behar dugu. Jaurlaritzak badu garaia Confebask benetan interpelatzeko eta gutxieneko soldata negoziatzera behartzeko. 

Datozen hilabeteetan mobilizazioen bidea indartuko dugu. Posizioak mugiaraztea ezinbestekoa da, eta gure esku dauden tresna guztiak erabiliko ditugu horretarako. Guk lanean jarraituko dugu, euskal langileen lan eta bizi baldintzak hobetuko dituen neurria dela uste dugulako, burujabetzaren bidean urratsa emateko modua delako. Confebask interpelatzen eta presionatzen jarraitu behar dugu, eta horretan Jaurlaritzak bere ardura hartzeko garaia da. 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kaleko afari solidarioak babesteko gaur arratsaldean Donostian egingo den mobilizazioan parte hartzera dei egiten dugu

LABek irmoki salatzen du Donostiako Jon Insausti alkate jeltzaleak udalaren izenean Kaleko Afari Solidarioak (KAS) debekatzeko hartutako erabakia, bidegabea delako Donostian egoera zaurgarrian bizirauten duten lagun askok egunean bermatua duten otordu bakarra ukatzea.

LABek, SATSEk, ELAk, CCOOk eta UGTk greba eta mobilizazioei ekingo diegu, Osakidetzak kolektibo guztien lan-baldintzak hobetu ditzan eskatzeko

Gehiengo sindikaletik ohartarazi dugu medikuen kolektiborako sinatutako akordioak ez dituela jorratzen fakultatiboen eta euskal osasun publikoaren egiturazko arazoak, eta lan-baldintza onik gabe kalitatezko zerbitzu publikorik ez dagoela defendatu dugu. Mobilizazio horiek profesionalen taldearen aldeko apustua egiten dute, eta aldarrikatzen dute hobekuntzak kategoria guztietarako lortu behar direla, negoziazio kolektiboko organo legitimoak errespetatuz.

Langabezia jaitsi arren, arrakalak sakonak dira

Lan harremanetan egiturazko ezberdintasunak mantentzen dira.