2026-03-18
HomeIrakaskuntzaGizarte ekimeneko ikastetxeakGizarte Ekimeneko ikastetxeetan jarraipen zabala izan du grebak, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko...

Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan jarraipen zabala izan du grebak, Jaurlaritzak ezarritako gutxieneko zerbitzuekin greba desitxuratu nahi izan badu ere

Urtarrilak 16tik 25era bitarteko 8 greba egunetara itundutako Gizarte Ekimeneko ikastetxeetako 9.000 langiletik gora daude deituak, EAEko itundutako ikastetxeen %70a inguru dira eta 120.000 ikasle ingururi ematen diote zerbitzua. Gizarte Ekimeneko ikastetxeetan ordezkaritza daukagun LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok negoziatzeko borondatea daukagu eta taxuzko proposamen baten zain jarraitzen dugu.

Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak igotzeko erabakiarekin greba desitxuratu asmoa izan duen arren, ez da horrela izan. Horrela, sektorean Lan Hitzarmenaren eguneratzearen alde aurrez gauzatutako 9 greba egunekin gertatu den bezala, aste honetako lehenengo greba egunari ere langileek emandako babesa eta jarraipena oso zabala izan da, %65 ingurukoa. Eta gaur Bilbon antolatu dugun manifestazioan langileek izandako parte hartzea ere itzela izan da, 5.000 langile inguru bildu direlarik berriro ere 9.000 langileko kolektibo batean.

10 urtez Lan Hitzarmena berritu gabe egonik, sektore honetako langileen lan baldintzen berreskurapena eta hotzekuntza dugu greben helburu, hobekuntza hauek gure ikastetxeetan eskaintzen den hezkuntza kalitatean eragin zuzena dutela eta beharrezkoak direla konbentzituta baikaude. Grebaren helburuak erabat argiak, bidezkoak eta aski ezagunak dira, beraz.

Mobilizazio eta greba dinamika indartsuak bultzaturik, patronalak mugitzera behartuak ikusi dira, baina momentuz patronalek egindako proposamenak eskasa izaten jarraitzen du, orain urte bete mahaitik altxatzea erabaki genuenean mahai gainean jarrita zeukaten proposamenarekiko aurrerapauso nabaririk ez du jasotzen eta grebara eraman gaituzten aldarrikapenetatik urrun egoten jarraitzen du. Enpleguari dagokionez, gela itxierek ekar dezaketen lanpostu galerari aurre egiteko birkokapen neurri bermatzailerik eskaini gabe jarraitzen dute. Irakasleen lan kargak arintzeko proposamena erabat eskasa da. Soldaten inguruko planteamenduari dagokionez, eroste-ahalmenaren berreskurapenetik oso urrun dago. Haur Hezkuntzako lehen zikloko langileen eta Hezkuntza laguntza espezialisten, hau da, feminizatuenak eta egoera prekarioenetan lan egiten duten kolektiboen lan baldintzen inguruko proposamenetan apenas dagoen aurrerapausorik, egindako ordu osagarrien eta lanaldi murrizketaren planteamenduak lan baldintzen hobekuntzan apenas eraginik dutelarik etab.

LAB, ELA, STEILAS, CCOO eta UGT sindikatuok bai patronalei eta bai Eusko Jaurlaritzari eskatzen diegu bakoitzak dagokion ardura eta erantzukizuna bere gain hartu eta gatazka honi irtenbidea emateko neurriak har ditzatela, langileen aldarrikapenei taxuzko erantzunak emanez eta akordioetara erdiestea ahalbideratuko duten planteamenduak eginez.

Aldi berean langile guztiak animatzen ditugu hurrengo greba egunetarako antolatu ditugun elkarretaratze, manifestazio eta gainerako ekintzetan parte hartzera.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Korrikan masiboki parte hartzera dei egiten die LABek euskal langileei

Hainbat kilometro erosi ditu LABek, eta bere kidegoa aktiboki ari da parte hartzen Korrikaren antolaketan, izan tokian tokiko batzordeetan zein lantegietan. Orain, errepidera salto egiteko garaia da. Horregatik, bihartik aurrera euskararen aldeko olatua indartzera dei egiten die LABek euskal langileei.

LABek burujabetza, ekonomiaren kontrol publikoa eta gutxieneko soldata propioa eskatzen ditu lan eta bizi baldintza duinak hemen ziurtatzeko

Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak (KES) ezohiko bilera egin du Irango gerrak Nafarroan izan duen eragina aztertzeko eta maila ekonomiko eta sozialean izan dituen ondorioak...

LGS propio baten aldeko jendartearen aldarriak gobernuak eta patronalak behartu behar ditu aurrera egitera, berehala ezar dadin

Grebaren arrakastak eta mobilizazio masiboek erakusten dute euskal jendarteak ez duela amore emango 1.500 euroen aldarrikapenean. LAB, ELA, Steilas, Etxalde eta Hiru, M17aren ondoren: “Gaur atzo baino indartsuagoak gara, ez gara geratuko helburua lortu arte”.