2026-08-01
HomeZerbitzu PublikoakGarraioaUlertzen dugu Bizkaibus eta Bilbobuseko bidea ez dela edozein hitzarmen lehenbailehen sinatzea

Ulertzen dugu Bizkaibus eta Bilbobuseko bidea ez dela edozein hitzarmen lehenbailehen sinatzea

CCOO eta UGTk Bizkaibuseko EMBko hitzarmena sinatu dute. Horrek dakarrena salatzen dugu LABen.

Sinatutako hitzarmenak enplegu suntsiketa babesten du, ez du langileentzako hobekuntza sozialik aurreikusten, ebentualen arteko prekarietatea igoaraziko du eta gainera, enpresa pribatu bat diru publikoarekin are gehiago aberastea ekarriko du, aurrerapauso sozialik ez dagoelako eta soldata- igoera oso apala delako.

Hurrengo taulan ikus dezakegu nor ateratzen den irabazle, askogatik gainera, EMB enpresak Aldunditik jasotako diru publikoarekin, UGT eta CCOOekin lortutako akordioarekin.

Akordio honekin enpresak ziurtatuta dauka 2018an 7,5 milioi euro baino gehiago eskuratuko dituela, eta 3 milioi euro baino gehiago 2019 eta 2020an. Diru-sarrera hauek azken urtean irabazitan lortzen zituen 4 milioi eurei batu behar zaizkie.

Aldundiak igoera hauek onartu ditu EMB eta Bizkaibuseko beste emakideentzat. Hau, 2014an salatu zen aurrekontu-partida horren jarraipena baino ez da. Ondorengoak lirateke kopuruak beste sozietateentzat:

Zenbaki hauek mahai gainean jarrita argi geratzen da Aldundia enplegu suntsiketa eta lan- baldintzen prekarizazioa saritzen ari dela, kalitatezko zerbitzu publikoa ziurtatu gabe. Diru publikoz saritzen ditu enpresak igoera horiek suposatuko dizkien irabaziak banatu ditzaten eta gainera, diru gehiago irabaziko dute amortizatu edo azpikontratatuko dituzten lanpostuekin.

Lotsagarria da diru publiko guzti hau ez erabiltzea bizkaitarren onurarako, langileok barne, eta enpresa pribatuek poltsikoratzea, negozioa egin eta bidaiarien garraio publikoaren kontura irabaziak are gehiago handitzea besterik ez dutenak buruan.

Horregatik, LABetik dei egiten die PESA LUR eta GAM Txorierriko langileei, mahai gainean greba- deialdiak dituzten Bizkaibuseko enpresa biak, ez dezatela lortu edozein akordio enpresekin eta lanpostuak amortizatuko ez direla berma dezatela. Horrela, zerbitzu hobea emango zaie herritarrei eta lan-baldintza ekonomiko eta sozial hobeak bermatuko zaizkie langileei.

Beste alde batetik, LABek ohartarazi nahi du arazoa Bilbobusen birsor daitekeela, eta horregatik argi utzi nahi du Bilboko Udalak bere erantzukizuna onartu behar duela kalitatezko zerbitzua bermatuz lanpostuak amortizatu gabe, langilee ebentuales prekarietaterik gabe, langileentzako segurtasunarekin, etab. Bilbotarrei ziurtatuz Bilbobusera bideratutako diru publikoa kalitate sozial eta laborala duen zerbitzu baterako dela eta ez ALSA bezalako enpresak Bilbo eta Bizkaia aberasten jarraitzeko.

Horregatik, LABek jarrera oso argia izango du Bizkaibuseko enpresetako bakoitzean eta Bilbobusen, langileentzat onuragarriak izango diren akordioa lortzen saiatuz, CCOO eta UGTren akordioaren antzerakoak sinatu barik, egiten duten bakarra enplegua suntsitu, lan-baldintzak prekarizatu, garraioko zerbitzu publikoa kaltetu eta enpresa pribatuen irabaziak loditzea besterik ez denean. Baliteke honek zerikusia izatea Aldundian zein Udalean garraioaren ardura daukatenei egindako mesede politikoekin.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.