2026-11-07
HomeZerbitzu PublikoakUdal eta Foru AdministrazioaAldaketarako aukera galdu du Urtaranek

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek

Gasteizko Udaleko aurrekontuak prorrogatuko dituztenaren berria jaso genuen atzo eta ezin dugu esan ezustean harrapatu gaituenik. EAJ instituzioak gestionatzeko ahalmenaz eta akordiotara heltzeko gaitasunaz harro agertu ohi da, baina begi-bistan geratzen ari da gauzak ez direla horrela. Gasteizko Udalean ere ez du lortu babes nahikorik aurkeztutako zirriborroarekiko; hortaz, legealdi honetan aurrekontuak prorrogatzen diren bigarren aldia izango da honakoa eta honi gehitu behar dizkiogu Arabako zein EAEko aurrekontuen negoziazioen porrotak.

Gasteizko Ogasuneko zinegotzi den Itziar Gonzalok adosteko interes falta leporatzen dio oposizioari, guk ez dakigu hala den ala ez baina esan beharra daukagu EAJk orain arte demostratu duen interes bakarra izan dela patronalarekin adostekoa, adibidez Ekonomia Jardueren gaineko Zergan (IAE) enpresentzako hobari handiagoak aplikatzeko akordioa sinatu zuenean bezala PP eta PSE-EErekin batera.

Herritarron onurari begirako akordiotara heltzeko EAJk duen gaitasun edota borondate eskasa agerian geratu da, Gasteizen bizi dugun egoera sozioekonomikoa hobetuko duten neurriak gehien behar ditugun momentuan, hain zuen ere.

Bizilagunen ongizatea bermatu nahi dutela diote Udal Gobernutik, baina horretarako nahitaezkoa da apustu irmoa egitea zerbitzu publikoak kalitatezkoak izateko. Gaur egun, ordea, murrizketak dira nagusi eta udal langileen aldarrikapenei entzungor jarraitzen dute.

Gizarte kohesioa bilatzen dutela diote, baina gizarte larrialdiei erantzuteko baliabideak geroz eta urriagoak dira eta bai zerbitzu sozialetan lan egiten dutenen baldintzak, bai bertan daudenen bizi baldintzak, geroz eta prekarioagoak dira eta horrela ezinezkoa da bazterketa sozialarekin bukatzea.

Enpleguaren aldeko inbertsioa enplegu-plan berri baten bitartez gauzatzea aurreikusten zen aurkeztutako zirriborroan, baina benetan behar duguna da enplegu duina bermatuko duen plana eta ez prekarizazioan sakontzen jarraituko duena. Behin-behinekotasunarekin, diskriminazioarekin, pribatizazioekin, miseriazko soldatekin bukatuko duen plana behar dugu, horrek lagunduko luke gainera, gaur egun Udalak irekita dituen lan gatazka batzuei konponbidea ematen besteak beste, kale garbiketarena, rokodromoena, Biocompostekoa…

Aldaketarako aukera galdu du Urtaranek, herritarrok behar dugun hiri eredura hurbildu beharrean, urrundu egin gaitu eta bere legegintzaldi osoan burututako udal politikak PPren politikekin konparatuz gero, zaila egiten zaigu desberdintasunak antzematea. Urtaran Jauna, hauek ez dira gasteiztarrok behar ditugun aurrekontuak!.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Ezin da pertsona zaurgarrien izenean euskararen normalizazioa zalantzan jarri

LABek erabat arbuiatzen du GUFE Bizkaiko Foru Aldundiko Gizarte Urgazpenerako Foru Erakundearen gizarte-integraziorako teknikari lanpostuetako Lan Eskaintza Publikoa baliogabetu izana, eta horretarako argudiotzat erabili izana pertsona zaurgarrien artena euskararen erabiliera oso txikia dela. Denen eskubideak bermatzea da administrazio publikoaren betebeharra.

Dornier-eko batzordeak salatu du alde bakartasunez ezarri direla langileen kontziliazioa eta segurtasuna okertzen dituzten lan-baldintza berriak

Dornierreko ordezkaritza sindikalak (LAB, ELA, UGT eta CCOO) enpresak ezarritako lan-baldintzen funtsezko aldaketa errefusatu du, negoziazio-prozesua akordiorik gabe amaitu ondoren. Gainera, Iruñeko Udalari erantzukizuna...

Greba orokorraren egunean 70 herritan baino gehiagotan egingo ditugu manifestazioak arratsaldez

Goizez iragarritako manifestazioez gainera, arratsaldeko hitzorduen berri eman dugu gaur Bilbon eta Iruñean eginiko agerraldietan. Herrialdeetako hiriburuei dagokienez, mobilizazio guztiak 18:00etan abiatuko dira. Bilbon, Plaza Eliptikotik; Donostian, Bulebarretik; Gasteizen, Andre Maria Zuriaren plazatik, eta Iruñean, Baluartetik.