2026-11-04
HomeEkintza SindikalaSEPEren itxiera Eibarren: publikoa dena abandonatzearen erakusgarria

SEPEren itxiera Eibarren: publikoa dena abandonatzearen erakusgarria

Azken hilabeteetan, Eibarko biztanleak, eskualdeko herri garrantzitsuena eta biztanle kopuru handiena duena izanik, gertaera kezkagarri baten lekuko izan dira: Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren (SEPE) itxiera Eibarren. Giza baliabide faltagatik itxi da enplegu-politikak kudeatzeaz, langabeziagatiko prestazioak eskaintzeaz eta lan-prestakuntza sustatzeaz arduratzen den erakundea. Egoera horrek, zalantza larriak sortzen ditu sistema publikoak herritarren eskubide sozialekin duen konpromisoari buruz.

Itxiera hau ez da kasu isolatu bat, azken urteetan garatzen doan tendentziaren parte baizik: publikoa dena interes pribatuen alde poliki-poliki ezabatzea. Eibarko SEPEak, bere itxieraren aurretik, gai zen langabezian zeuden milaka pertsonari babesa emateko. Orain, ordea, ez du zerbitzuak eskaintzeko gaitasunik, langile-kopuruari dagokion egiturazko hutsunearengatik. SEPEaren funtzioa lan-kalteberatasun egoeran dauden herritarron ongizatea bermatzea da, eta aipatutakoa gertatzea onartezina da.

Eibarren gertatzen ari dena ez da “doikuntza” administratibo hutsa. Arduragabekeria instituzionalaren islada da, eta tokiko, autonomia erkidegoko eta estatuko arduragabekeria honek, publikoa dena abandonaturik, herritarrak babesgabetasun egoeran utzi ditu. SEPEaren lana da langabeziagatiko prestazioa bezalako oinarrizko eskubideak bermatzea. Hori kontuan izanda, herritar guztiei arreta eskaintzeko behar adina giza baliabide eta baliabide material izan beharko lituzke, herritar hauek bizi diren zonaldea edozein dela ere. Eibar herriak nukleo industriala eta langabezia-tasa handia du, eta horregatik, zerbitzu hau horrelako herri batean ixteak argi erakusten du Administrazioa ez dela ari bere gain hartzen herritarrekiko erantzukizuna.

Gaur egun, enplegu-politika publikoak gero eta gehiago bideratzen dira zerbitzuak kanpora ateratzera eta enpresa pribatuekin lankidetzan aritzera. Testuinguru hori dugula eta, bereziki larria da SEPEaren itxiera. Estatuak, Euskal Autonomia Erkidegoak eta hau osatzen duten alderdi politikoek arlo publikoari bizkar ematen dioten bitartean, sektore pribatuko korporazio handiak kolektiboa eta soziala indartzeko diren baliabideez baliatzen dira. Pribatizazio prozesu horrek, lan-prekarietatea areagotzearekin batera, babesik gabe uzten ditu herritar ahulenak, besteak beste, enplegua eta gizarte segurantza bezalako oinarrizko eskubideak lortzeko Estatuko zerbitzuen menpe daudenak.

Erakunde publikoen desegitea, kontu ekonomikoa izateaz gain, kontu etikoa eta politikoa ere bada. Estatuaren presentzia murrizten bada, hala nola enplegua, hezkuntza edo osasuna bezalako funtsezko sektoreetan, interes pribatuek nahi dutena egiteko eskumena dute, eta, aldi berean, gizarte-ehuna eta gizartearen kohesioa ahultzen da. Eibarko SEPEa ixtea, beraz, ez da tokiko arazo bat soilik: Euskal Herrian eta Espainiako Estatu osoan hedatzen ari den joera pribatizatzaile baten sintoma da, eta ongizate-sistema modu kezkagarrian ahultzen ari da.

Testuinguru horretan, ezinbestekoa da administrazioei konpromiso erreal eta eraginkorra eskatzea arlo publikoa indartzeko. Erakundeek, aukera berdintasuna, enplegu duina lortzea eta babes soziala sustatzen dituzten politiken bidez, herritarren eskubideak bermatu behar dituzte. Beharrezkoa da Eusko Jaurlaritzak eta Espainiako Estatuak Eibarren SEPE ixteko erabakia lehengoratzea eta zerbitzu publikoei eraginkortasunez eta erantzukizunez funtzionatzeko behar dituzten baliabideak ematea.

Publikoa defendatzea eta berau indartzea da demokraziaren eta gizarte-ongizatearen etorkizuna. Ezin dugu onartu gure erakundeak eraistea gutxi batzuei bakarrik mesede egiteko asmoz. Gobernuaren lehentasunetan publikoak lehen tokia izateko unea da, eta behingoz alde batera uzteko guztiona izan beharko lukeena pribatizatzeko joera.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek ontzat jo du CAFek amiantoaren eraginpean langileak jartzeagatik egindako arau-hauste oso larria berresten duen ebazpena, eta enpresari erantzukizunak eskatu dizkio

Sindikatuak azpimarratu du gertakariak salatzeko eta langileen osasuna defendatzeko egindako lana, eta CAFri exijitu dio kaltetutako langileekin dituen erantzukizun guztiak bere gain har ditzala.

Bost langile hil dira lan istripuz azken 24 ordutan Euskal Herrian

Atzo, azaroak 3, bi heriotza gertatu ziren, Larrabetzun bata eta Laudion bestea, lehen ikerketen arabera biak istripu ez traumatikoak. Gaur, berriz, Nafarroa hegoaldean, Pitillasen, hiru langile hil dira gaur purina-gune itxi batean itota. Hala, 67 dira dagoeneko 2026an istripuz hildako langileak.

Calzadako maizterrek Farley funts putrearekin negoziazio kolektiboa abiatu nahi dute, eta Balmasedako Udalaren babesa eskatzen dute

Gaur, Farley funts putreari aurre egiten ari diren La Calzadako maizterrek hitza hartu dute Balmasedako udalbatzaren osoko bilkuran. Bi eskaera argi helarazi dituzte: Balmaseda behingoz tentsio handiko eremu gisa izendatzea, eta Farleyk negoziazio kolektiboa onar dezan eta alokairu-kontratu guztiak berritu ditzan lortzeko babesa ematea.