Ezegonkortasunaren erakusle argia da garai mugatu baterako sortu eta ondoren suntsitzen den enplegua prekarioaren gorakada, behin-behineko kontratuei lotua eta nagusiki zerbitzu sektorean sortzen dena. Gazteengan eta emakumeengan du inpakturik handiena.
Hego Euskal Herrian 137.559 langabetu zenbatu dira abuztuan, eta uztailarekin alderatuz langabezia %3,02 igo da. Pasa den urteko abuztuarekin konparazioan, ordea, langabezia jaitsi egin da. Herrialdeen artean aldea dago: Gipuzkoan (%5,85), Bizkaian (%3,43) eta Araban (%2,91) langabezia igo egin da, eta Nafarroan jaitsi (%0,53) egin da.
Azken urtearekin alderatuta, sektore guztietan jaitsi da langabezia, industria sektorean izan ezik, sektore horretan 133 langile gehiago baitaude lan bila. Datuak aurreko hilabetekoekin alderatuz gero, esan dezakegu industria sektoreak bizi duen egoera kezkagarriaren zantzuak azaleratzen ari direla. Izan ere, sektore guztietan langabezia igo arren, industria sektorean langabetu kopuruak igoera nabarmena izan du, 458 langabetu gehiagorekin azken hilabetean. Kopuruei erreparatuta, ordea, zerbitzuen sektorean jazo da igoerarik handiena, 3.965 langabetu baitaude izena emanda, uda garaiko kontratuak bukatuta.
Azken urtean, aurreko enplegurik gabe zeuden 450 langilek lana aurkitu dute; horietatik gehienak, 25 urtetik beherakoak eta emakumeak. Kasu honetan, 25 urtetik gorako emakumeen %78k aurkitu dute lana, aurrez enplegurik izan gabe. Dena den, langabetuen gehiengoa (%59,27) emakumeak izaten jarraitzen dute.
Migratuen artean, langabeziak behera egin du azken urtean zein hilabetean, nahiz eta oraindik orain migratu langabetuen artean %31,27 aurrez enplegurik izan gabekoa den.
Abuztuan sinatu diren kontratuen artean, gehiengoa behin-behinekoak (%79,62) eta zerbitzuen sektorekoan (%76,65) izan dira.
Afiliazioak ere behera egin du aurreko hilabetearekiko, baina pasa den urtean baino afiliatu gehiago daude erregimen orokorrean Hego Euskal Herrian abuztuko azken egunean; zehazki, 1.063.516. Afiliazioaren gehiengo nabarmena zerbitzuen sektorekoa da, %73,69 hain zuzen ere, eta azken urtean sortuko afiliazioaren %84,83 ere zerbitzuak sektoreari dagokio. Beraz, lan baldintza prekarioak eta ezegonkorrak nagusitzen diren sektorea sendotzen ari da Hego Euskal Herrian.
Arrakala lan-baldintzetan
Kontratu mota aztertzen badugu, lan baldintzetan ere sexu-genero arrakala egiturazkoa dela ondoriozta daiteke. Izan ere, lau emakumetik batek (%25,5k) jardunaldi partzialeko kontratua du, eta gizonen artean proportzioa 10etik batekoa da (%11,4a). Aldiz, jardunaldi osoko lan kontratuei dagokienean, kontrako joera nagusitzen da (emakumeen artean %58,7k dute jardunaldi osoa, eta gizonen artean %79,1ek).
Sortzen den enpleguaren ezaugarri nagusienak prekaritatea eta ezegonkortasuna dira, eta joera hori uda garaian areagotu egin ohi da. Ezegonkortasunaren erakusle argia da esku artean ditugun datuek adierazten duten enplegu suntsiketa, garai mugatu baterako sortu eta suntsitzen den enplegua. Enplegu horrek baldintza prekarioak ditu, eta inpaktu zuzena du gazteengan zein emakumeengan.
Era berean, zerbitzu sektorearen nagusitasunak eragin zuzena du lan harremanen zein enpleguaren kalitatean, lan baldintzak zuzendu ezinik, prekaritatea egiturazkoa bilakatu baita sektore horretan. Beraz, ikasturte berri honen atarian, LAB sindikatuak lan baldintza duinen aldeko eta eredu sozioekonomiko berri baten aldekoa borrokaren garrantzia azpimarratu nahi du.

