2026-09-29
HomeZerbitzu PublikoakZerbitzu SoziokomunitarioaErandioko Udaleko talde guztiek babesa erakutsi diete Loramendiko grebalariei

Erandioko Udaleko talde guztiek babesa erakutsi diete Loramendiko grebalariei

Bestalde, langileak egiten ari diren mobilizazioen harira, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko eta Berdintasun saileko diputatuengana zuzendu dira gaur, eta bilera bana eskatu diete.

Erandioko Sanitas Loramendi helduen egoitzako langileak greba mugagabean daude urriaren 20az geroztik, garbiketako lan taldeak pairatzen duen diskriminazioarekin amaitzeko. Hain zuzen ere, garbitzaileen lanaldia luzatzeko eskatzen dute, 15 urte eman baitituzte jada lanaldi partzialarekin. Erandiko egoitzan 131 pertsona bizi dira eta 70 langilek ematen diete arreta.

Azken hilabeteetan egindako mobilizazioen artean, instituzioetara zuzendu dira Loramendiko langileak; Erandioko Udalera, besteak beste. Bada, Erandioko udal talde guztiek babesa erakutsi diete grebalariei.

EAJk, PSE-EEk, Ganemos Erandiok, EH Bilduk, PPk eta atxiki gabeko zinegotziak sinatutako adierazpenaren arabera, “Erandioko Udalak babesa eskaini nahi die Loramendi egoitzako langileei; izan ere, egoiliarrak egoki zaintzeko, langileek baldintza egokiak behar dituztela ulertzen dugu”. Testuak nabarmentzen du langileek ez dutela soldata-igoerarik eskatzen: “Oro har, gauza bi aldarrikatzen dituzte: bata, garbiketa- taldeko langile guztientzat lanaldi osoak lortzea; bestea, zaintzaile gehiagok izatea oporraldia udan hartzeko aukera, lana eta familia bateragarri egitea errazteko. Laburbilduz, eskaera horiek egoiliarren arreta kalitate handiagokoa izateko egin dituzte”. Hala, Erandioko Udalak “dei egin die bi aldeei, beharrezko ahaleginak egin ditzaten gatazka hau ahalik eta azkarren eta behar bezala konpontzeko”.

Bestalde, Loramendiko langileek beste elkarretaratze bat egin dute gaur; Guggenheim aurrean, hain justu. Bertan, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekintza Sozialeko diputatu Isabel Sanchez Roblesi eta Berdintasun diputatu Teresa Laespadari bilera bana eskatu dietela jakinarazi dute, “zerbitzuaren titulartasuna aldundiarena delako eta, horregatik, ezin dutelako beste alde batera begiratu”.
 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Babacar Welleren heriotza arrazakeria instituzionalaren ondorio lazgarriena izan dela

Urgentziazko eta ezinbesteko eztabaidari heldu behar zaio: segurtasun eredua eta polizien esku-hartzearena errotik aldatu behar dira.

LABetik etxebizitzaren negozioaren aurkako mobilizazioak antolatu ditugu Hego Euskal Herriko hiriburuetan

Hainbat gatazka sindikal piztuta ditugu LABen, eta gatazka horietako maizterrekin batera antolatu ditugu mobilizazioak. Etxebizitzaren negozioak edonor mehatxatzen du, eta langileak pobretzeko eta prekarizatzeko arrazoi nagusietako bat bilakatu da. Hori horrela, eredua goitik behera eraldatu behar dela aldarrikatuko dugu, eta, horretarako, premiazkoa dela etxebizitzaren merkatuan eskua hartzea eta errentismoarekin amaitzea.

LABek, Izarkomek eta Goienerrek orain arteko elkarlana ospatu eta aurrera begira aukera berriak arakatzeko asmoa adierazi dugu

LABen, Izarkomen eta Goienerren iritziz energia eta komunikaziorako teknologiak oinarrizko eskubideak dira, eta zerbitzuok ezin dira boteredun gutxi batzuen menpe egon. Premiazkoa da guztionak...