2025-12-05
HomeEkintza SindikalaLABek salatu du Txibiteren Gobernuak gezurra erran zuela, Nafarroako osasun sistema pribatizatzeko...

LABek salatu du Txibiteren Gobernuak gezurra erran zuela, Nafarroako osasun sistema pribatizatzeko mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzea onartu baitu

LAB sindikatuko Zerbitzu Pribatuen federazioko dozenaka delegatu mobilizatu dira gaur Mutua Navarrak Iruñeko Landaben industrialdean duen egoitzaren aitzinean, salatzeko, LABek 2023ko martxoan azaleratu bezala, badela Espainiako Gobernuaren plan bat mutualitateen bidez osasunaren pribatizazio handiena gauzatzeko, Nafarroako Gobernuak onartu duena. Hala jasoa dago berriki sinatu duten Nafarroako enplegu planean, zeinak CENeko enpresarien eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuen babesa baitu. LABek aldarrikatu du jarraitu beharreko bidea enplegu planak markatzen duenaren kontrakoa dela, eta mutualitateak publifikatzearen eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde egin du.

2023ko martxoan, LAB sindikatuak Espainiako Osasun Ministerioak Nafarroako Gobernuari bidalitako hitzarmenaren lehen zirriborro-dokumentua azaleratu zuen. Bertan, bertze gai larri batzuen artean, Nafarroako osasun sistema publikoaren aurkako erasorik handiena jasotzen zen. Dokumentu haren arabera, osasun zerbitzu publikoek mutualitateen esku utziko lukete langileen kontingentzia arrunten arreta.

LABen salaketa irmo eta egiazkoak konpromisoan jarri zuen Jose Luis Escriva Espainiako Gizarte Segurantzako ministro bera, eta berehala atera zen plana errefusatzera, eta ziurtatu zuen hitzarmena ez zegoela Gobernuak “balioztatuta”. Egun batzuk geroago, oihartzun mediatikoaren eta LABek eginiko presioaren ondorioz, Nafarroako Gobernuak –ez zuen gezurtatu zirriborro salatuaren existentzia–, Carlos Artundo Osasuneko zuzendari nagusiaren bitartez, ziurtatu zuen Nafarroak “ez duela asmorik” mutualitateekin sinaturiko Espainiako hitzarmenean sartzeko.

Nafarroako Parlamentuko osoko bilkurak, PSN, EH Bildu, Geroa Bai eta Zurekin taldeen aldeko botoekin, UPNren abstentzioarekin eta PPN eta Vox-en aurkako botoekin, ebazpen bat onartu zuen, zeinaren bidez Nafarroako Gobernua eta Osasun Departamentua premiatzen baitziren bazter zezaten Gizarte Segurantzako Ministerioaren eta mutualitateen elkartearen arteko akordioa, langileen gaixotasun arruntak mutualitateen esku uzten zituena.

Hala ere, sinatu berri duten Nafarroako enplegu planak jasotzen du mutualitateek tratatuko dituztela traumatologia izaerako bajak, “autonomia-erkidego bakoitzeko Osasun Kontseilaritzen, Gizarte Segurantzaren mutua laguntzaileen eta Gizarte Segurantzako Institutu Nazionalaren arteko lankidetza-hitzarmenak eginez”. Hala, Nafarroako enplegu planak agerian uzten du Maria Txibiteren Gobernuak gezurra erran ziola Nafarroako gizarteari eta entzungor egin ziola Nafarroako Parlamentuari. Espainiako Gobernuak ere egin zuen, eta Escrivaren ordezkoa, Elma Saiz ministroa, osasungintza pribatizatzeko hitzarmenaren inplementazio lanak gidatzen eta zuzentzen ari da.

Neurri honek aurrera egiten du langile klasearen osasuna enpresarien esku uzteko estrategian. Ondorioz, sistema pribatizatzeko ezagutu dugun prozesurik handienaren aurrean gaude, langileen osasun eta osotasun fisikorako eskubidearen kaltetan. Gaur egun Osasunbidearen bidez kudeaketa publikokoak diren traumatologiako jarduera guztiak (interbentzioak, tratamenduak, errehabilitazioa, jarraipenak eta alta-proposamenak) mutualitateen esku geldituko lirateke (diru publikoarekin finantzatutako irabazi-asmoa duten enpresa-elkarteak), haien enpresa-politika ezagunaren arabera: alta goiztiarrak eta tratamendu lasterrak eraginkorrak baino lehen.

Osasunbidearen zati garrantzitsuenetako baten desegite hau Nafarroako enplegu planaren barnean iragarri da, non enpresariek Txibiteren Gobernuari, eta UGT eta CCOO sindikatuei inposatzen baitiete osasun arloa pribatizatzeko elkarlan publiko-pribatuaren estrategia.

Zalantzarik gabe, Espainiako Estatuak autonomiei eskaintzen dien zirriborroaren bertze kapitulu bat da hau. Eredu neoliberalaren agindupean dauden gobernuek egonezina sortzen dute osasun sistema publikoa deseginez, horrela gehiengo sozialak ontzat eman dezan bere osasuna istripu eta gaixotasun profesionalak eragiten liderrak diren enpresen esku uztea.

LAB sindikatuaren iritziz, langileen osasuna ez da negozio bat, eta ez du onartuko Osasunbidea hankaz gora jar dezaten. LAB ez dator bat inolaz ere Nafarroako Gobernuak, CENeko enpresariek eta UGT eta CCOO kontzertazio sindikatuek proposatzen duten osasun publikoaren aurkako proiektuarekin.

LABek osasun publikoaren eta Osasunbidearen alde egiten du, eta, horregatik, mutualitateak nazionalizatzearen alde egiten du, Osasunari buruzko 14/1986 Lege Orokorraren azken xedapenetako hirugarrenean aurreikusten dena, eta Gizarte Segurantzak erakunde horiei ematen dien dirua Osasunbidea indartzera bideratzearen alde dago. Neurri subsidiario gisa, publifikazio osoa lortu arte, enpresek kontingentzia guztiak Gizarte Segurantzarekin berarekin kontratatu behar izatea proposatzen du LABek, horrela, Osasunbideak indartuko luke langile guztiei kontingentzia guztietarako arreta eskaintzeko bermea.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek irmo salatzen du Donostiako Martutene auzoan 111 lagun kale gorrian utzi izana

Herritar orok bizitza bizigarria izateko duen eskubidea gogoratu du LABek, hori bermatzeko eskatu die instituzioei, eta horren alde antolatzeko deia ere egin du. Donostian...

Eusko Jaurlaritza: bermatu beharrezko finantzaketa unibertsitate publikoari! Legebiltzarreko alderdi politikoak: irmo defendatu EHU!

Gaurko lanuzte eta elkarretaratzea aste honetan EHUko campusetan garatutako mobilizazioetako laugarrena da, eta jarraipena ematen dio beharrezko finantzaketa lortzeko aldarrikapenari. Izan ere, Eusko Legebiltzarrean 2026ko...

Nafarroako langileriaren lan eta bizi baldintzak: bi nafarretik batek prekarietate egoeran bizitzen jarraitzen du

Nafarroan batez besteko soldata igo da azken urtean, baina desberdintasun sozial zein pobrezia egoerak handitzen ari dira. Hortaz, sortzen den aberastasuna gero eta modu...