2026-08-01
HomeEkintza SindikalaPropaganda utzi, akordioa bete eta ikastetxeak baliabidez hornitzeko exijitu dio LABek EAEko...

Propaganda utzi, akordioa bete eta ikastetxeak baliabidez hornitzeko exijitu dio LABek EAEko Hezkuntza Sailari

Hezkuntza publikoa indartuko duten eta hitzarmenean 2025-26 ikasturterako adostu ziren baliabideak ezarri ditzan exijitu du LABek, eta irakasleei ekainaren 12an lanuzteak eta mobilizazioak egiteko deia berretsi die.

Gaur Begoña Pedrosa Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak egindako adierazpenei erantzunez, LABek akordioa bere osotasunean bete dezan exijitu dio Sailari. Izan ere, 2025-26 ikasturterako zuzendaritzek osatu beharreko Lanpostu Zerrendetan ez dira adostutako irizpideak ikastetxe eta etapa guztietan ezarri.

Gaurkoan ere, greba eta mobilizazioen testuinguruan egin bezala, Begoña Pedrosa Hezkuntza sailburuak, baliabideen garrantzia erdigunean jartzeaz gain, goraipatu egin ditu; esaterako, euskara indartzeko neurriak diren EUSLE programa indartzea edota datozen ikasturteei begira sortu berri den Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileak. LABek gogorazi nahi du alor horretan egon diren lorpenak sindikatuak irmoki defendatu ondotik etorri direla, eta LAB izan zela adostasunera iristeko baliabideak ezinbestekotzat jo zituena, ez Hezkuntza Saila. Izan ere, herri bezala ditugun erronkei erantzuteko behar-beharrezkotzat jotzen du LABek aniztasunari erantzutea, euskalduntzean sakontzea eta hezkidetza bultzatzea.

LABek, hezkuntza publikoko lehen indarra izaki, STEILAS, ELA eta CCOO sindikatuekin batera borroka fase berri bat abiatu zuen urtarrilean, helburu zehatz batekin: lan baldintzak hobetzea, hezkuntza publikoa indartzea eta hezkuntza kalitatea hobetzea. 9 greba egun eta hamaika mobilizazioren ondoren Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hezkuntza publikoko irakasleetan lortutako akordioa irmoki defendatuko duela adierazi nahi du. Akordioa bere osotasunean betetzeak ikastetxeek egunerokotasunean bizi duten errealitateari erantzutea eta ehunka lanpostu sortzea esan nahi du, gaur-gaurkoz Hezkuntza Saila urratzen ari dena.

Izan ere, arestian aipatutako baliabidez gain, datorren irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22ra jaitsi behar dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko orduak 18tik 17ra murriztu. Era berean, HEDATZE programako orduak gehieneko 17 ordu lektiboen barnean txertatu behar dira. Ondorioz, ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortu behar ditu,, eta Lanpostu Zerrendan eragin zuzena izan.

Horrek planifikazioa eta hezkuntza publikoak urgentziaz behar duen inbertsioa egitea dakar berarekin. Eta Sailburuak hori behin eta berriz errepikatu arren, propaganda egiteari utzi behar dio, eta adostutakoa bete. Horrez gain, azken asteetan Hezkuntza Sailak izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez dituela sortu salatu du LABek, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Horregatik, urtarriletik hezkuntza publikoko irakasleek erakutsitako konpromisoaren eta indarraren bitartez, maiatzean erdietsitako hitzarmenaren alde determinazio berdinarekin borrokatzera dei egiten du LABek, eta ekainaren 12an lanuztea eta mobilizazioak egitera dei egiten du. Era berean, sindikatu sinatzaileak akordioaren defentsan batasun sindikala mantentzera deitzen ditu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

Helegiteak aurkeztu dizkiegu 1.200 milioitik gorako kostu estimatua duten anbulantzien makro-esleipenei, eta pribatizazioaren aldeko apustua salatzen dugu

Sindikatuak errekurtso berezi bat jarri du Osasun Sailaren pleguen aurka, Oinarrizko Bizi Euskarriko eta Garraio Programatu eta Hitzartuko zerbitzuei dagokienez. Bestalde, salatu du Alberto MartĂ­nez sailburuak Osasun Planaren ildoak alde batera uzten dituela, gizartearen eskaerari entzungor egiten diola eta beste autonomia-erkidego batzuetan osasun-zerbitzuen kudeaketa publikoa berreskuratzeko izandako esperientzia arrakastatsuak ere baztertzen dituela, lan-arloko ez-betetzeengatik ezagunak diren enpresa piratak saritzen jarraitzeko.

Patronalak Bizkaiko Arrain Kontserben eta Gazituen hitzarmenerako proposamen bat aurkeztu du, eta LABek langileen erabakipean jarriko du

Proposamenean jasotzen diren aurrerapenak urte eta erdi baino gehiagoko negoziazioaren emaitza dira, eta, batez ere, langileen egindako borrokaren eta greben ondorio dira.

Hezkuntza Sailak udal haur eskolei finantzaketa kentzeko aldebakarrez hartutako erabakiaren aurrean, bertako langileak babesten dituen akordioa lortu du LABek

Andoaingo, Usurbilgo, Oiartzungo, Ordiziako, Aretxabaletako eta Gaubeako langileek bertako haur hezitzaile izaten jarraitzeko akordioa sinatu du LABek; ez da kaleratzerik egingo, eta karrerako funtzionarioek tokiko administrazioan haien izaerari eutsiko diote jubilatu bitarte.