Urteotako lan militante nekaezinaren bidez, eremu askotako langileengana eraman du euskal sindikalismo eraldatzailea, baita lan eta bizi baldintzak hemen erabakitzearen aldeko aldarrikapena ere. Hori ospatzeko, egun osoko egitaraua antolatu du LABek urriaren 25erako, Lekornen, Ipar Euskal Herrian 25, enbor beretik zabaltzen lelopean.
50. urteurrena ospatu zuen iaz LABek, inoiz baino osasun hobearekin: 50.000 afiliaturen langa gaindituta. Sustraiei sendo eutsita, enborra sendotu zuen sindikatuak lehen hamarkadetan, eta, enbor horretatik adar berriak zabaltzen hasi ziren milurteko berriarekin batera. Horren adibide da, 2000. urtean Ipar Euskal Herrira zabaltzeko hartutako erabakia, LAB Euskal Herriko sindikatu nazional bakar bihurtzea ekarri zuena, eta sindikatuaren heldutasunaren eta nazio eraikuntzarako duen konpromisoaren erakusle dena. Hain justu, 25 urte dira aurten urrats horretatik, eta urteurrena egun osoko egitarau batekin ospatuko du LABek, Lekornen, urriaren 25ean.
Baionan eman du LABek horren berri, Ipar Euskal Herrian sindikatuak egindako lehen agerraldi publikoaren kokalekua izan zen zubitik metro gutxira. Maiatzaren Lehena zen, eta 50 bat laguneko mobilizazioa egin zuen sindikatuak. āEz zen erraza izan, lehen ekintzatik hasi baitziren lehen oztopoakā, azaldu du Argitxu Dufau LABen Ipar Euskal Herriko bozeramaileak. Dena dela, langile abertzaleak antolatzeko asmoa lehenagotik zetorrela gogoratu du Dufauk, eta 1980ko eta 1990eko hamarkadetan zenbait talde eta kolektibo sortu zirela; hala nola, EHLE Euskal Herriko Langileen Elkartea eta Atxik: āFrantses sindikatuen zentralismoa eta hegemoniaren aitzinean, bertako sindikatu abertzale eta euskalduna sortzeko beharra sentitzen zelako. Egiteko beste modu bat beharrezkoa zelako. Langileak lantokietan antolatzeko beste tresna bat ezinbestekoa zelakoā.
Helburu hori bera zuen LABek Ipar Euskal Herrira jauzia egiteko erabakiak. Aurrez zenbait gogoeta eta elkarrizketa izan ondotik, LABen 5. Biltzar Nagusian hartu zen erabakia, Donsotian, Ipar Euskal Herriko militanteek bultzatuta.
Ondotik, āxinaurri lanari eskerā, sindikatua zabaldu egin dela nabarmendu du Dufauk: āSail sindikalak sortu ditugu sektore guzietan, hauteskunde sindikaletan aurkeztu gira eta ordezkagarritasuna handitu dugu;ekintza sindikala bultzatu duguā. Bidean, baina, era askotako āoztopoakā eta āerasoakā jasan ditu sindikatuak, gogora ekarri duenez. āBaztekerta sindikala lehen minututik bizi izan dugu, eta patronalarengatik eta sindikatuengatik epaitegira jo behar izan dugu, sindikatu izaera frogatzera. Gainera, Ipar Euskal Herriaren aitortza sozial ezagatik eta frantses estatuaren ultrazentralismoarengatik, bidea ez da erraza izanā.
Hala eta guztiz ere, LABen ordezkariak eta afiliatuak eremuz eremu lanean ari direla azpimarratu du Dufauk, āsindikalismoa egiten, langileen alde borrokatzenā. Eta, horrekin batera, sindikatuak Hemen Erabaki proposamena ere garatu duela oroitarazi du, negoziazio kolektiboko eremuak Ipar Euskal Herrian bertan kokatu nahi dituena. āLan eta bizi baldintza duinak Euskal Herrian bertan erabaki nahi dituguā, aldarrikatu du Dufauk.
Horregatik guztiagatik, LABen parte diren guztiak zoriondu ditu, eta bidelagun izan direnak eta egun direnak eskertu ditu. ā25 urterekin ez da ezer bukatzen. Lantokietan antolatzen eta borrokatzen segitu behar dugu. Euskal Herriko langileok hemen erabakitzearen aldarrikapena aitzinera eraman behar duguā, aldarrikatu du.
Egun osoko ospakizuna
Urriaren 25ean Lekornen egingo duten ospakizunaren gaineko azalpenak eman ditu, bestalde, EƱaut Aramendi Ipar Euskal Herriko idazkariak. Sindikatuak Ipar Euskal Herrian egin duen ibilbidea aztertuko dute goizean, belaunaldi desberdinetako militanteen testigantzekin osatutako solasaldi baten bidez. Bazkaria izango da ondoren, eta txaranga batekin eta kontzertuekin itxiko dute egitaraua. Edozein kasutan, egunari buruzko informazio zehatzagoa aurrerago emango du sindikatuak.


