2025-12-13
HomeEkintza SindikalaLABek lanuztera deitu ditu EAEko hezkuntza publikoko irakasleak, sinatu berri den akordioa...

LABek lanuztera deitu ditu EAEko hezkuntza publikoko irakasleak, sinatu berri den akordioa bete dadin

Hezkuntza Sailak, akordioa betetzeko behar diren baliabideek ezarri ez, eta ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez ditu sortu, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

LABek irakasleen akordio arautzailea sinatu zuen maiatzaren 9an, gehiengo zabal batekin batera, lan baldintzak hobetu, hezkuntza publikoa indartu eta hezkuntza kalitatea hobetuko dituena. Nahiz eta adostutako neurri eta baliabide guztiak txertatzeko 2028ra arteko epea izan, dagoeneko lizentziak eta baimenak ezarri dira, eta beste hainbat neurri 2025-26 ikasturtean bertan ezarri beharrekoak dira; esaterako, gazteberritze plana, ordezko irakasleen udako kobraketa, behin-behinekotasuna %5etik behera kokatzea, bitarteko irakasleak karrerako funtzionarioekin parekatzea, ordu lektiboen murrizketa eta baliabideak gehitzea.

Lan zamari dagokionez, desburokratizazio plana ezartzeaz gain, datorren irailetik aurrera Haur eta Lehen Hezkuntzan ordu lektiboak 23tik 22ra jaitsiko dira, eta Bigarren Hezkuntzan zein Lanbide Heziketan gehieneko orduak 18tik 17ra murriztuko dira. Ondorioz, ordu lektibo bakoitzaren murrizketak lanpostuak sortu behar ditu, eta lanpostu zerrendan eragin zuzena izan behar du. Izan ere, ehunka dira sortu beharreko lanpostuak.

Bestalde, hezkuntza publikoak eskatzen duen eraldaketarako baliabide gehigarriak txertatuko dira: euskalduntzean sakontzeko, inklusiorako edota pedagogia feminista bultzatzeko. Zentzu horretan, 2025-26 ikasturtean euskara indartzeko HIPI eta EUSLE ordu kreditu gehigarriak zein ratio berriak ezarriko dira, eta, hala, lanpostuak sortu eta jardunaldiak hobetuko dira. Era berean, Hizkuntza Proiektuetarako Koordinatzaileen lanpostuak sortuko dira. Azkenik, aniztasunari erantzuteko aholkulari, orientatzaile eta pedagogia terapeutikoetan ordu kreditu gehigarriak ezarri behar dira.

Akordioetara heltzeko, LABentzat ezinbestekoak izan da baliabide zein lan zama arintzeko neurriak jasotzea; finean, hezkuntza publikoa indartu eta kalitatea hobetzea. Aitzitik, Hezkuntza Saila medioetan agertu den bakoitzean hezkuntza kalitatea hobetzeko neurrietaz aritu bada ere, puntu gatazkatsua izan da negoziazio guztian zehar. Zentzu horretan, LABek azken unera arte irmoki defendatu ondotik jaso ziren akordioan neurriok. Hezkuntza Sailak, aldiz, gaur-gaurkoz ez ditu horiek txertatzeko beharrezko irizpide eta bitarteko guztiak aplikatu, eta, beraz, lanpostuak sortu eta zerbitzuaren kalitatea hobetu beharrean, kontrako norabidea hartu du. Are gehiago, sailak azken asteetan izandako jarrerak ikastetxeetan urduritasuna eta kezka besterik ez ditu sortu, presioaren, noraezaren, inprobisazioaren eta itxikeriaren ondorioz.

Izan ere, ikastetxeek izandako kezken aurrean, Hezkuntza Sailak komunikaziorako kanalak ireki eta zalantzak zein alegazioak erantzun beharrean, egunak igaro ditu erantzunik eman gabe edo okerreko erantzunak emanez. Era berean, online bilera bat deitu zuen maiatzaren 23an, zeinetan zuzendaritzen hitza entzun beharrean, egoera okertu besterik ez zuen egin.

Bestalde, Bigarren Hezkuntzan HEDATZE programarako erabiltzen diren orduak irakasleen gehieneko 17 ordu lektiboen barnean jaso behar dira. Ikas-prozesuan zailtasun gehien dituzten ikasleen laguntzetarako zenbait ikastetxek parte hartzen duten programa da hori. Hala ere, Hezkuntza Sailak ikastetxeen beharrak asetzen ez dituzten hiru aukera jarri zituen mahai gainean, sinatutako akordioari erantzuten ez ziotenak. Gainera, 24 ordutan erantzun bat eman behar izan dute, zuzendaritzengan presioa sorraraziz.

Nahiz eta Jaurlaritza berria izan eta lankidetza diskurtsoa erakutsi, egiteko modu zaharrak azaleratu ditu beste behin ere. Izan ere, borrokaren bitartez erdietsitako akordioa da orain bere osotasunean bete nahi ez duena.

Amaitzeko, LABek irmoki defendatuko du maiatzaren 9an hezkuntza publikoa indartzeko lortutako akordioa, eta hainbatetan adierazi izan duen bezala, bide judiziala zein ekintza sindikala aktibatuko ditu. Zentzu horretan, ekainaren 12an 10:30etik 12:30era lanuzteak egiteko deia egiten die hezkuntza publikoko irakasle guztiei Irakasleen akordioa bete! 2025-26rako ikastetxeak baliabidez hornitu! Hezkuntza publikoa indartu! lemapean. Akordioaren sinatzaileak diren gainontzeko sindikatuei ere hitzarmena bere osotasunean bete dadin exijitzeko mobilizaziora gehitzeko eta elkarlanean jarraitzeko proposatzen diegu, hurrengo ikasturtea sinatutako baliabide guztiekin hasteko denon beharra izango baitugu.

AZKEN ALBISTEAK | ĂšLTIMAS NOTICIAS

LABek astearteko mahai negoziatzailean borrokatuko ditu Arabako adinduen egoitzetako hitzarmeneko proposamenean falta diren edukiak

LABek Arabako adinduen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako lehen hitzarmeneko proposamenean lortutakoak modu positiboan baloratzen ditugu, izan ere, sindikatuak azken sei urtetan borrokatu dituen aldarrikapenak...

LAB sindikatuak Arabako adinduen egoitzetako hitzarmenaren inguruan jasotako proposamenaren aurrean, gaurko delegatu asanblada deitu du, posizio bat zehazteko

6 urteko borroka eta 60 greba egun ostean, sindikatuak balorazio egoki bat egin behar du, patronalak igorri duen proposamenaren inguruan.  LAB sindikatua sektoreko langileekin batera...

Pasaiako Udalak azpikontratatuta duen etxez etxeko laguntza zerbitzuaren inguruko akordioa lortu dugu

ELA eta LAB sindikatuek hitzarmen kolektibo berri bat sinatu dute Pasaiako udalak Matia Goxara enpresaren bidez azpikontratatzen duen Etxez Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileen lan-baldintzak arautzeko.