2026-11-03
HomeEkintza SindikalaBilbao-Bizi zerbitzuaren pribatizazioak prekaritatea besterik ez dakar

Bilbao-Bizi zerbitzuaren pribatizazioak prekaritatea besterik ez dakar

LABeko Bilboko Udaleko Atal Sindikalak publikoki salatu nahi du Bilbao-Bizi, Udalaren bizikleta mailegu zerbitzuko langileek bizi duten babesgabetasun egoera larria. Gaur egun, 24 lagun kalera joateko arriskuan daude ekainaren 1ean, indarrean dagoen azpikontratazioa amaitzen denean. Langile hauek maiatzaren 19tik greban daude, subrogazioa eta lan duinak defendatuz. Hala ere, Bilboko Udaleko Mugikortasun Sailak beste alde batera begiratzen jarraitzen du, dagokion erantzukizunari uko eginez.

Onartezina den xantaia egiten ari dira mantentze lanetan diharduten langile batzuei. Esaten zaie greba utziko balute, agian subrogatuak izango liratekeela, hau da, euren lanpostuaren egonkortasuna baldintzapean jartzen ari dira, presio gisa. Hau guztiz onartezina da. Greba eskubidea funtsezko eskubidea da, eta inork ez luke presionatua izan behar eskubide hori ez erabiltzeko.

Ardura, zuzenean Bilboko Udalaren Mugikortasun Sailari eta haren arduradunari, Ignacio Alday sailburuordeari, egozten dio. Lotsagarria da langileak greban dauden bitartean Alday bera bulegoetara jaitsi eta herritarrak artatzen aritzea, normaltasuna irudikatzeko ahalegin patetikoa eginez eta, horrela, langileen lana eta eskubideak gutxietsiz.

Argi dago zerbitzu publikoen, hala nola Bilbao-Biziren, pribatizazioak prekaritatea besterik ez dakarrela, eskubideen galera eta gatazkak. Ezin da onartu zerbitzu publiko bat enpresa pribatu baten esku egotea, zeinak, egun batetik bestera, 24 familia kalean utz ditzakeen.

Gaur egungo egoerak erakusten du Bilbao-Bizi publifikatzeko bidea ez ezik, guztiz beharrezkoa ere badela. Greba hasi zenetik, udal langileak ari dira zerbitzua mantentzen: funtzionarioek deiak hartzen dituzte, arazoak konpontzen dituzte diru itzulketekin eta udal posta elektroniko korporatibo baten bidez erantzuten diote. Honek erakusten du zerbitzua zuzenean Udalak kudea dezakeela, eta, gainera, kalitate handiagoz eskaini dezakeela.

Horregatik, LABeko Bilboko Udaleko atal sindikaletik ondorengoa eskatzen du:

  • Bilbao Biziko 24 langileen berehalako subrogazioa.
  • Bizikleta mailegu zerbitzuaren publifikazioa, zerbitzua esku pribatuetatik atera eta Udalak zuzenean kudeatu dezan.
  • Erantzukizun politikoak Mugikortasun Sailak eta Ignacio Alday sailburuordeak beren gain hartzea, gatazka honetan duten paper lotsagarria dela eta.
  • Xantaiak eta presioak amaitzea Bilbao Biziko langileei.

Halaber, azpimarratu nahi du Bilbao-Bizi zerbitzuarekin herritarrek duten ondoeza orokortua dela. Kexa ugari jasotzen dira, eta zerbitzu hau hobetzeko modu bakarra kudeaketa publikoa da, langileek baldintza duinak eta bermatutako eskubideak izan ditzaten.

Bilbao Bizi publifikatu eta langile guztiak subrogatzea da irtenbide bakarra.

Prekaritaterik ez, xantaiarik ez, pribatizaziorik ez!

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Navarrabiomed – Miguel Servet Fundazioko plantillak bertan behera utzi ditu greba eta mobilizazioak, Osasun Departamentuak jakinarazitako aurrerapausoak direla-eta

Joan den ostegunetik, gure hitzarmen kolektiboaren aplikazioaren inguruan Osasun Departamentutik jakinarazi zizkiguten aurrerapausoak eta albisteak ezagutu ondoren, Navarrabiomed - Miguel Servet Fundazioko langileok erabaki dugu garatzen ari ginen greba eta mobilizazioak bertan behera uztea.

Udaltzain batzuk Intxaurrondon jasotako formakuntza ikertzeko eta berriro halakorik ez dadin gertatu eskatzen dugu

Gipuzkoako hainbat udaltzaingotako agenteek Intxaurrondoko kuartel nagusian, Gipuzkoako Guardia Zibilaren Komandantziaren egoitzan, egindako prestakuntza-ikastaro batean parte hartu izana salatzen dugu.

Etxebizitzarako eskubidea bermatu dadin, hiru eraldaketa eta sei ekintza lerro proposatu ditugu

Etxebizitza langileen eta herritarren beharren arabera antolatzeko, parke publikoa ardatz duen planifikazioa egin behar da; etxebizitza politiketan eman beharreko eraldaketak kapitalaren irabazi espekulatiboen bidez ordaindu behar dira; eta, jarduera espekulatiboak debekatuz, negoziorako erabiltzen diren etxebizitzak berreskuratu behar dira.