2026-01-31
HomeEkintza SindikalaArabako egoitzetako eta Enviser-eko borrokek, grebekin eta mobilizazioekin, LGS propio eta duin...

Arabako egoitzetako eta Enviser-eko borrokek, grebekin eta mobilizazioekin, LGS propio eta duin baten beharra erakusten dute

Ekainaren 4an, manifestazioa bateratua egingo dute LAB, ELA eta ESK sindikatuek Arabako adinekoen egoitzetako eta Enviser-eko langileen borrokak bultzatzeko eta Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko. 18:00etan izango da, Gasteizko Plaza Berritik.

Arabako adinekoen egoitzek urteak daramatzate herrialdeko lehen hitzarmena lortzeko borrokan, eta Enviser-eko langileek lan-baldintzak hobetzea eskatzen jarraitzen dute, eta bi hilabete baino gehiago daramate greban. Hauen antzera, Araban ere langile askok jasoko lukete Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propio baten onura, LAB, ELA eta ESK sindikatuok, STEILAS, HIRU eta ETXALDErekin batera, prekaritatearekin amaitzeko aldarrikatzen ari garena.

Datorren ekainaren 4an, asteazkena, LAB, ELA eta ESK sindikatuek deituta, Arabako egoitza eta etxebizitza komunitarioen sektorea eta Enviser-eko lorezainak kalera aterako dira batera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko. Bi kolektiboak borroka oso garrantzitsuen protagonistak dira, greba oso luzeen eta mobilizazioekin, eta beraien aldarrikapenen artean dago, besteak beste, beraien soldatak hobetzea, Estatu osoan indarrean dagoen LGStik oso-oso gertu baitaude.

Arabako adinekoen egoitzetako eta etxebizitza komunitarioetako langileek 6 urte baino gehiago daramatzate borrokan sektoreko lehen hitzarmen probintziala lortzeko. Enviser-eko lorezainek bi hilabete baino gehiago daramatzate greba mugagabean, lan-baldintza prekarioak hobetzea ekarriko duen enpresa-hitzarmena lortzeko. Errealitate desberdinak, baina antzeko aldarrikapenekin: beraien baldintzak hemen negoziatu eta erabaki ahal izatea, aplikatzen zaizkien Estatu mailako hitzarmenen gainetik. Bi kolektiboei, Araban dauden beste askori bezala, bete-betean eragingo zion prekaritatearekin amaitzeko nahikoa izango zen LGS propio baten konkistak. Horregatik deitu dute sindikatuek ekainaren 4ko manifestazio bateratua. Bertan, sinadurak bilduko dira, hemen LGS ezarri ahal izatea helburu duen HEL Gasteizko Legebiltzarrean erregistratzeko.

Araban, enpresa asko ari dira negozioa egiten lan-baldintzen eta langileen soldaten kontura. Prekaritatea, zerbitzu publikoen pribatizazioarekin batera, enpresa-onurarako erabiltzen dute. Patronalaren diru-goseagatik gertatzen da hori, uko egiten baitio LGS negoziatzeari; eta baita instituzioek hala baimentzen dutelako ere. Araban, adinekoen egoitzetan, Aldundiak ez du behar besteko borondate politikoa erakusten zaintza-sektore honen lan-baldintzak duintzeko. Enviserren, Gasteizko Udala ez da gai izan langileen aldarrikapenei erantzuteko.

Gauzak horrela, LAB, ELA eta ESK sindikatuek dei egiten dute ekainaren 4an, 18:00etan, Gasteizko Plaza Berritik abiatuko den manifestazioan parte hartzera. Batetik, Arabako adinekoen egoitzetako eta Enviser-eko langileen borrokak bultzatzeko. Bestetik, eta horrekin batera, Lanbide arteko Gutxieneko Soldata propioa eta duina aldarrikatzeko, Arabako prekaritatearekin amaitzeari begira.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...

Espainiako Gobernu Ordezkaritzaren aurrean mobilizatu da LAB, milaka herritar etxegabetze arriskuan jarrita Madrilen “ezkutu soziala” bertan behera utzi dutela salatzeko 

Langileon aldeko politikak, Madrilek inposatu beharrean, Euskal Herrian hartzearen beharra aldarrikatu du LABek Bilbon; hala nola, etxegabetzeak geldiarazteko neurriak, pentsio justu eta duinak bermatzea...

LABek adierazten du Udalen sektorerako Udalhitz hitzarmeneko negoziazio mahaia deitu gabe eta blokeatuta dagoela azaroaren 7az geroztik

Udalhitzen blokeoa gainditzeko otsailean hasiko den mobilizazio dinamika bati ekingo dio LABek Urte bat igaro da EUDELen zuzendaritzak sektoreko sindikatuoi dei egin zigunetik eta mahai...