2026-09-30
HomeEkintza SindikalaLABek Pikete Feminista aktibatu du, Euskal Herriko administrazioei zaintza zerbitzuak pribatizatzeari uzteko...

LABek Pikete Feminista aktibatu du, Euskal Herriko administrazioei zaintza zerbitzuak pribatizatzeari uzteko exijitzeko eta sektoreko langileen izaera publikoa aldarrikatzeko

LABek ekintza bat egin du Eusko Legebiltzarraren aurrean, eta, hala, ekainaren 11n pribatizatutako zaintzako langileen izaera publikoa aldarrikatzeko mobilizazio nazionalera dei egin du.

Ezaguna da eta orokortua dago Euskal Herrian zaintza zerbitzuak pribatizatuak daudela, eta hori Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Frantziako Estatuko administrazioek sustatutako politika pribatizatzaileen ondorio dela. Izan ere, zaintza zerbitzuen kudeaketa enpresari handien eta hirugarren sektoreko patronalen edo entitate konkretu batzuen esku uzten dituzte administrazio publikoek. Modu horretan, ez dira zerbitzu horien kudeaketaz arduratzen. Kontratuen edo pleguen bitartez, zaintza zerbitzu horietako langileak prekarizaziora eta enpresa pribatuekin lan baldintzak negoziatzera behartzen dituzte administrazioek.

LABek, gaur, erantzukizuna eta konpromisoa exijitu dizkie Euskal Herriko administrazioei; alde batetik, zaintza zerbitzuen inguruko ardura eta kudeaketa zuzena bere gain har dezaten, pribatizazioa eta negozioa zaintza zerbitzuetatik guztiz ezabatzeko; eta, bestetik, sektoreko langileen eguneroko prekarizazio eta lan baldintza kaxkarrekin bukatzeko berehalako neurriak har ditzaten.

Administrazio publikoari eta agintean diren alderdi politikoei interpelazio zuzena egin die gaur LABek, euren esku dagoelako pribatizatutako zaintzako langileen lan baldintzak hobetzea. Izan ere, LABentzat zaintza langileek zerbitzu publiko bat eskaintzen dute, eta, beraz, langile publikoak izan behar dute. Zaintza zerbitzuekin sortzen den negozioarekin bukatzeko eta zaintzak zerbitzu publiko bilakatzeko konpromisoak exijitzen dizkie LABek administrazioei. Norabide horretan, langileen lan baldintzen ekiparazioa eta lan baldintzak parekatzearen aldeko apustu politiko eta sindikalaren alde borroka egingo du.

Pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko konpromisoan, eta, era berean, Zaintza Sistema Publiko Komunitario bateranzko trantsizioan, lehentasunezko premia da LABentzat pribatizatuta dauden zaintzako langileen aitortza publikoa egitea eta horien borroka sindikala lehen lerroan kokatzea. Horregatik, pribatizatutako zaintzako langileen lan eta bizi baldintzak hobetzeko, mobilizaziora deitu du LABek, ekainaren 11an.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Kirol jardueren sektorean lanuzteak deitu ditugu urrian zehar Araba osoan

Iaz sinatu genuen 2024-2026 eperako hitzarmen kolektiboa, zeinaren bidez 2027rako ere hobekuntza batzuk adostu genituen. Akordio horrek aurrerapen nabarmena ekarri zuen langile guztien lan-baldintzen hobekuntzan.

Atxikimendua adierazten diogu Justizia Anderrentzat plataformak larunbatean deitu duen mobilizazioari

Santurtziko Kabiezes plazatik abiatuko da bortizkeria eta inpunitate polizialaren kontrako protesta, 12:00etan.

Gernikako Udaleko gardentasun falta salatu dugu

Informazioa lortzeko ukazio etengabeen aurrean, Informazio Publikoaren Sarbiderako Euskal Batzordera jotzea erabaki zuen sindikatuak, eta organo horrek aitortu du informazio hori jasotzeko eskubidea dugula.