2026-10-05
HomeEkintza SindikalaLABek Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitzen Plana kritikatu du, langileen baldintzak eta herritarrei...

LABek Bizkaiko Foru Aldundiaren Egoitzen Plana kritikatu du, langileen baldintzak eta herritarrei arreta emateko eredua aintzat ez hartzeagatik

Bizkaiko Foru Aldundiak, 2024ko uztailean, Egoitzen Plana eguneratzeko zerbitzuen kontratua esleitu zuen. Honen helburua da foru egoitza eta lantokien egoera eta erabileraren diagnosia egitea, alternatiba posibleak identifikatzea, ekintza-plan bat zehaztea eta erabaki bat hartzea Etxanoberen agintaldia amaitu baino lehen, 2027an.

Esparru politikoan edo Batzar Nagusietan garatzen den eztabaidaz gain, LABek oso egokitzat jotzen du egungo Egoitzen Planaren ebaluazioa egitea, bai honek proiektatutako zerbitzu publikoaren eta/edo herritarren arretarako ereduaren inguruan, bai, batez ere, etorkizuneko egoitza edo lantoki horien barruan plantillak berak dituen baldintzei dagokienez.

Egoitzen Plan honen xedeari erreparatzen badiogu, begien bistakoa da diagnostiko hau Bilbon kokatutako foru eraikinen azterketan oinarritzen dela. Hau da, ez da arreta integratuko eskualde-bulegoaren ereduari edo “Gertu Ereduari” buruzko ekintza-planik aztertzen, ezta planteatzen ere. Eredu horrek lotura estua du aurrez aurreko arretarekin eta zerbitzuak ematearekin, Plan honek aipatzen duen ikuspegi omnikanaletik. LABek eredu hori garatzearen eta ezartzearen alde egiten du, gaur egun Durango, Gernika, Bermeo, Markina, Igorre, Balmaseda eta Mungiako bulegoetan gauzatzen dena. Eta laster bulego berri batera zabalduko da Bilbon, eta antza denez, gaur egun Foru Liburutegian kokatuta dagoen Laguntzako plantilla jasoko eta inplementatuko du.

Eta planteatutako alternatibak ikuspegi kuantitatibo eta ekonomizista hutsetik islatzen dira, hau da, Egoitzen Plana etorkizuneko agertoki batzuk aztertzera mugatzen da, honako parametro hauetan oinarrituta: eraikinen aurrekontu-kostua, okupazio-azalera edo egungo zentroetan lan egiten duten langileen kopurua. LABen ustez, Plan honen diagnostikoak beste irizpide batzuk jaso beharko lituzke, zuzenean eragiten dutenak bai langileen lan-baldintzen kalitatean, bai herritarren arretarako ereduaren kalitatean; besteak beste, aurrezpen eta efizientzia energetikoari dagozkionak, irisgarritasun unibertsalari edota langilegoaren beraren partaidetzari buruzkoak.

LABek administrazio elektronikoaren garapena eta herritarren eta foru-administrazioaren arteko interkonektibitatea defendatzen ditu, baina, aldi berean, eredu presentziala mantentzearen eta zabaltzearen defendatzaile irmoa da, bereziki tresna horiek ez dauzkaten edo erabiltzen ez dituzten gizarteko sektoreentzat.

Egoitzen Plan honetan jasotzen diren datuak larritzeko modukoak dira eta foru-gobernuek izan duten gaitasunik eza, eraginkortasunik eza eta xahutzea islatzen dute. Aldundiko eta 16 foru-erakundetako langileak Bilboko 31 eraikinetan sakabanatuta daude; horrek, besteak beste, 2,6 milioi euroko kostua dakar urtean alokairuetan foru-kutxetarako.

Argi dago Egoitzen Plan honetan planteatutako 3 egoeretako edozeinek sailen koordinazioa hobetzea ekarriko duela, eraikin eta energia kostuak aurreztea, arreta eta zerbitzu publikoa hobetzea. Hobekuntza izango da baldin eta irizpide ekonomizistez eta/edo eraikinez kudeaketaz gain beste parametro batzuk kontuan hartzen badira (aurrezpen eta efizientzia energetikoa, irisgarritasuna egoitzetan eta egoitzetatik kanpo…), zuzenean arretaren kalitatean eta langileen baldintzetan onura dakartenak.

Ildo horretan, LABek uste du funtsezkoa eta premiazkoa dela, besteak beste, Gizarte Ekintza Sailaren eta Enplegua, Gizarte kohesioa eta Berdintasuna sustatzeko Sailaren egoitza guztiak bateratzea esku-hartze sozialaren esparruarekin lotutako zerbitzuak eta arreta hartuko dituen egoitza bakar batean.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Estatu mailan argitaratu berri den grafikagintzako hitzarmenak Arabako eta Nafarroako sektoreko langileen prekaritatea betikotzen du

LABen beti defendatu izan ditugu Euskal Herrian lan egiteko eta erabakitzeko esparruak, hemen negoziatu eta erabakitzeak lan-baldintza hobeak lortzeko aukera emango ligukeelako.

Gipuzkoako suhiltzaile zerbitzuaren egoera salatu dugu Batzar Nagusien aurrean

2026ko irailaren 4an, Gipuzkoako Foru Aldundiko Suhiltzaile Zerbitzuko ofizial guardia-burua bere Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko etxean kokatutako komunikazio zentraleko lanpostu operatibotik bota zuen Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuko Zuzendariak. 2018tik indarrean zegoen bi administrazioen arteko hitzarmena pasa den abuztuaren 31n iraungi zela eta zerbitzuaren berrantolaketagatik Donostiako Suhiltzaile Zerbitzuak bulego hori beharrezkoa zuela izan zen horretarako eman zuen argudioa. Guardia-buruaren bulegoa bakarrik ez, hitzarmenean araututa zeuden bestelako lanetarako espazioak erabiltzeko debekua ere ezarri zuen.

Bizkaiko Foru Aldundiaren Gizarte Ekintza eta Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasun sailen plantilla handitzea eta zerbitzu horiek biltzeko egoitza espezifiko bat eskatzen dugu

2025eko urrian, LABen atal sindikaletik 2026ko Bizkaiko Aurrekontu Orokorren Proiektuari buruzko proposamena egin eta zabaldu genuen langileen artean. Bizkaiko Foru Aldundiak (BFA) aurrekontu horietako...