2026-02-02
HomeEkintza SindikalaLangabeziak behera, prekaritateak gora

Langabeziak behera, prekaritateak gora

Hego Euskal Herrian 136.302 langabetu gutxiago daude duela hilabete zein urtebete baino. Enplegu prekarioa duten langileak, ordea, gero eta gehiago dira, sortzen ari den enpleguaren oinarriak prekarioak baitira.

Egoera zaurgarrian bizi diren kolektiboetan langabezia igo da. Langabetuen erdia baino gehiago, %58,56, emakumeak dira eta 25 urtetik beherakoen artean langabeziak %2,60 egin du gora pasa den urtetik hona. Azpimarratzeko beste datu bat da migratuen %30,27 aurrez enplegurik izan gabekoa dela.

Zerbitzuetan oinarrituriko ekonomiak lan baldintzen prekarizazioa dakar. Apirileko azken egunean 1.074.709 pertsona zeuden erregimen orokorrean afiliatuta Hego Euskal Herrian, aurreko hilabetean baino 1.632 afiliatu gehiago.

Sektoreei erreparatuz gero, lehen sektorean eta eraikuntzan jaitsi da gehien langabezia, eta, era berean, afiliatuen aldakuntza tasak ere bi sektore horietan egin du gora bereziki (%3,15 eta 4,47, hurrenez hurren). Zerbitzuen sektorean, berriz, 2.558 langabetu gutxiago daude, eta 13.708 afiliatu gehiago. Azken urtean sortutako afiliazioaren %86,95 zerbitzuen sektorean izan da.

Industria sektoreak bizi duen egoerak kezka iturri izaten jarraitzen du. Izan ere, ERTEak aplikatu izanaren ondorioz, ez da benetako egoera azaleratzen, gero eta maizago industria sektoreko enpresen itxieren berri izaten ari garen bitartean, erabatekoak zein partzialak. Egoera hori inpaktu zuzena izaten ari da zenbait eskualdeetan, eta, zalantzarik gabe, industria sektorearen baitan. Hori dela eta, ezinbestekoa da trantsizio ekosozial justua martxan jartzea, zeinak enplegu eskubidearen defentsa oinarri izango duen.

Sortzen ari den enpleguaren oinarriak prekarioak dira

Aurtengo apirilean iazkoan baino 8.397 kontratu gutxiago sinatu dira, eta horietatik %76,29 behin -behinekoak izan dira. Duela urtebete baino 6.025 behin-behineko kontratu gutxiago izan arren, proportzioa igo egin da.

Afiliazioa aztertuz, azken urtean kontratu mugagabeen kopuruak egin du gora bereziki, eta horrek azaltzen du apirilean kontratu gutxiago sinatu izana. Izan ere, aldizkako kontratu finkoen etetea dagoenean, langabezia igo arren, berauek berraktibatzeko ez da kontratu berri bat sinatu beharrik. Beraz, Espainiako Estatuko lan erreformak sabai bikoitza jo du: batetik, kontratu mugagabe eta behin-behinekoen arteko proportzioa zuzendu ezinik dago; eta, bestetik, aldizkako kontratu finkoek ez dute bermatzen egonkortasun laborala.

Jardunaldi partzialean jarduten duten emakume kopurua %25,4an mantentzen da; hau da, 4 emakumetik batek lanaldi partziala du (gizonezkoen artean, %11,5ekoa da). Jardunaldi osoko kontratuen kasuan, alderantzizkoa da proportzioa: emakumeen %56,4 dago jardunaldi osoan, eta gizonen %77,9. Era berean, aldizkako kontratu finkoa dutenen artean,%65,13 emakumea da.

Langabeziak lan merkatuaren adierazle nagusienetarikoa izateari utzi dio, langabezia jaitsi arren, 25 eta 64 urte arteko 2 herritarretatik bat prekaritate egoeran bizi baita, enplegua eduki arren, bizitza duina bermatzeko diru-sarrera nahikorik gabe, eta gero eta lan baldintza prekario eta ezegonkorragoekin. Hori dela eta, hemen bizi eta lan egiten duten langile guztientzat Lanbidearteko Gutxieneko Soldata propioa ezartzea ezinbestekoa da, lan eta bizi baldintza duinak eskuratzeko.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

LABek Tubos Reunidoseko enplegu suntsiketa oro gaitzesten du eta enpresari zein erakundeei erantzukizunak eskatzen dizkie

LABek erabat gaitzesten du Tubos Reunidoseko zuzendaritzak Amurrioko eta Trapagarango lantegietan iragarritako EEEa. Ez dugu onartzen egoera koiuntural baten eta erabaki estrategiko okerren kostua langileei...

Euskaraz lan egiteko eta bizitzeko eskubidea bermatzeko exijitu du LABek administrazio publikoen aurrean

Hego Euskal Herriko administrazio publikoetan euskarak gaztelaniak dituen eskubide berberak izan ditzan aldarrikatu du LABek Bilboko, Donostiako eta Gasteizko administrazio publiko nagusien aurrean. Iruñean...

Estaños Matiena enpresak langile baten heriotza eragin du, hainbat salaketa jasota bazituen ere

Ostiral arratsalde honetan laneko heriotz berri baten berri izan du LABek. Zumaiako Estaños Matiena enpresan. H.O.L. 32 urteko langileak pieza handi baten kolpea jaso...