2026-10-29
HomeZerbitzu PublikoakOsasungintzaLarrialdietako zerbitzua mobilizazioetara itzuli da Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean

Larrialdietako zerbitzua mobilizazioetara itzuli da Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean

Zerbitzuko langileak Bilboko Euskalduna Jauregian elkarretaratu dira gaur, Euskal Osasun Zerbitzuaren 35. urteurrenaren ekitaldian.

Osakidetzako Emergentziak zerbitzuko langileak Bilboko Euskalduna Jauregian elkarretaratu dira. Osakidetzaren Emergentziak zerbitzuko Langileen Batzordeak, LAB, ELA, CCOO, SATSE, ESK, SME eta UGT sindikatuekin batera, mobilizazioetara itzultzea erabaki du Osakidetzaren erantzun ezaren aurrean.

Mobilizazio etapa berri honetan, gatazkaren erantzule nagusiengana eramango dituzte protestak, Emergentzietako arazoak konponduko dituen negoziatzaile egoki bat lortzeko helburuarekin. Zentzu horretan, gaur arratsaldean elkarretaratze bat egin dute Euskalduna Jauregiaren aurrean, Osakidetzaren 35. urteurrenaren ekitaldian. Langileen gutunari erantzunik eman ez dionez, kongresu jauregira hurbildu dira Juan Carlos Soto Giza Baliabideetako Zuzendariari negoziazio-bilera bat eskatzeko.

“Zuzendaritzaren helburu bakarra negoziazio prozesua luzatzea izan da. Hamabi puntu baino gehiago negoziatu behar dira. Oraindik aldarrikapen historiko ugari konpontzear daude, hala nola egokia eta nahikoa den prestakuntza programa bat zehaztea, lanpostu ezberdinen balorazio objektiboa, zerbitzuaren neurrien berrezarpena… Laburbilduz, lan-prekarietatea murriztu eta euskal gizartearen eskaerei erantzuteko neurri sorta bat”, salatu dute sindikatuek.

Mobilizazio gehiago
Emergentzietako langileek beste mobilizazio bat egingo dute datorren urriaren 5ean, Gasteizen. “Protestak Eusko Legebiltzarrera eramango ditugu, gure egoera legebiltzarkideen aurrean salatu eta Jon Darpon Osasun sailburuari bidezko lan-baldintzak exijitzeko”.

 

 

 

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Azaroaren 11n lantokiak hustu eta kaleak bete ditzagun dei egiten diegu euskal langileei

Euskal Herritik Euskal Herrirako greba orokorra izango da, bertako patronalei eta instituzioei pobretzearen eta errentismoaren kontrako neurriak eskatzeko.

Bidaideak enpresako langileak hitzarmen duin baten alde borrokan ari dira

Mobilizazio bat egin dute gaur, enpresaren aurrean, negoziazio mahaia hasi baino minutu batzuk lehenago.

Lan-arrazakeria, morofobia eta islamofobia badago, ez da benetako aniztasuna

Basquevolt enpresari lan-diskriminazio arrazista, matxista, morofobikoa eta islamofobikoagatik jarritako salaketaren epaiketaren aurrean elkarretaratzea egin dugu gaur Gasteizen.