2026-06-18
HomeLAB SindikatuaIpar HegoaManu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek mintegia egingo dute "Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata...

Manu Robles-Arangiz eta Ipar Hegoa fundazioek mintegia egingo dute “Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa aztergai” izenburuarekin maiatzaren 16an Bilbon

Mintegia 9:00etatik 14:30era izango da eta EHUko Bizkaia Aretoan egingo da.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioaren aldeko jarrera zabala agertu da Euskal Herriko jendartean. Patronalen itxikeriak ezinbesteko eztabaida politiko, ekonomiko eta sozial honi ateak itxi nahi badizkio ere, agerikoa da bide hau egitea gure herriarentzako eta langileriarentzako garrantzitsua dela.

Horregatik, antolatzaileak garen bi fundazioek gogoeta honi espazioa eman nahi diogu eta Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata propioa hainbat ardatzetatik aztergai jarri dugu. Hiru bloketan antolatuko dugu mintegia:

Lehen atalean, testuinguruari erreparatuz, nazioarteko analisi konparagarria, Euskal Herrian egin daitekeen bide juridiko-politikoaren azterketa, eta burujabetzan aurrera egiteko tresna gisa duen gaitasuna jorratuko dira. Horretarako Isidro Esnaola, Iñaki Lasagabaster, Endika Alabort, Jone Etxeberria eta Jule Goikoetxea izango ditugu hizlari.

Lanbide-arteko Gutxieneko Soldata (LGS) propio bat lortzeak aldaketak eskatzen ditu, baina aldaketak eragingo ditu ere. Hego Euskal Herrian lekutzeko LGS propio bat, eskumena izan behar dugula aldarrikatzen dugu. Hego Euskal Herrirako LGSaren zenbatekoa finkatzeko orduan irizpide ezberdinak erabili litezke, baina argi dagoena zera da: Espainia mailan finkatutakoa Hego Euskal Herriko langileei bizi baldintza duinak bermatzetik oso urrun geratzen da. Baina zenbatekoaz harago, LGS propioa erabakitzeko gaitasuna, burujabetzarekin estu lotuta dago zalantzarik gabe. Zenbateko inpaktua du LGSak lurralde batean? LGSa ezartzeko eskumena izateak zein onura ekar ditzake Euskal Herrira? Nola indartu dezake bertako lan harremanen esparrua eta negoziazio kolektiboa LGS propio bat adosteak?

Bigarren bloke batean, hainbat begiradetatik aztertuko dugu LGS propio batek izan ditzakeen onurak: sexu-genero arrakala, langile migratu eta arrazializatuak, gazteak, ikuspegi ekologikoa, lehen sektoreko langileak… Xiomara Souza, Txefi Roco, Jon Ormaetxea, Andoni García, Jaime Nieto, Jon Bernat Zubiri, mugimendu feministako kide bat eta ESK sindikatuko kide bat izango ditugu gurekin atal honetan.

Gizartearentzat babes-dimentsio zabala du. Lehenik eta behin, soldatapeko langileentzat zuzeneko eragina du, negoziazio kolektiboz gutxieneko erreferentziarik bermatua ez duten edo erreferentzia hori baino soldata txikiagoa duten jarduera guztietan ezartzen den heinean. LGS-ren zenbatekoak, honenbestez, erabateko inpaktua du soldatarik txikienengan, baina horretaz gain, LGS-ren igoera batek, modu orokortuago batean soldata mailaren igoera ekarriko luke berekin: legezko lan-baldintzak baino handiagoak dituzten sektoreetan soldaten goranzko negoziazioa bultzatzen duena. LGSa lurraldean bertan erabakitzeak zein onura izan ditzake? Politika sozial eta ekonomikorako tresna ere bada LGS. Zentzu horretan, aberastasun banaketa eta gizarte kohesiorako mekanismoa izanik, pobreziaren mugaren azpitik dauden pertsona kopurua murrizteko gaitasuna du. LGS baten igoerak, berebiziko inpaktua izango du beti, sektorerik pobretu eta prekarioenetan: sektore prekarizatuenak, sektore feminizatuak ere izan daitezke zenbaitetan, eta baita ere herrialde pobretuetatik migratutako pertsonak jarduten diren sektoreak.

Hirugarren eta azken tartean, ELA eta LAB sindikatuek, LGS propio baterako dituzten proposamenak azalduko dituzte. ELA Sindikatuaren izenean Roser Espert Alba arituko da eta LAB sindikatuaren izenean Martin Arbeo Sarriugarte.

Zergatik LGS propio bat? Modu desberdinetan proposa liteke LGSaren kalkulua? Zer proposamen daude mahai gainean eta zer zentzu ematen diegu proposamen horiei? Nola erabili nahi ditu sindikatu bakoitzak bere proposamenak?

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Amiantoak hil egiten duela salatu dute CEMOSAko langileek

Joan den maiatzaren 9an hil zen Juan Mazorriaga Maguregui, Matxorri, CEMOSAko langilea, lanean ari zela amiantoaren eraginpean egotearen ondorioz. Honen harira, amiantoarekiko esposizioak eragindako...

Grebaren jarraipen masiboa Etxebarri-Ibiñako PEPSICOren botilaratze plantan

PEPSICOko langileak greba egiten ari dira gaur, enpresa batzordeak deituta, enpresa diziplina-araubidea gehiegikeriaz eta arbitrariotasunez erabiltzen ari dela salatzeko. Enpresa langileen aurkako politika zigortzailea gauzatzen...

LABetik exijitzen dugu lehenbailehen zuzendu dezatela familia-langileen soldaten finantzaketa

Nafarroako Gobernuko Eskubide Sozialetako Departamentuan eskaera aurkeztu ondoren, martxoan jaso genuen departamentuaren erantzuna, non esan baitziguten 48/2020 Foru Dekretuan jasotako familia-langileen finantzaketa-moduluen "azterketa" egingo zutela. Hiru hilabete geroago, oraindik ez dugu erantzunik jaso, eta oinarrizko gizarte-zerbitzuen kolektibo horrek konparaziozko bidegabekeria onartezina jasaten jarraitzen du.