2026-10-02
HomeEkintza Politikoa“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

“Nazioa gara. Euskal langileak gara”, Aberri Eguneko adierazpena

Jarraian irakur dezakezue LAB sindikatuaren 2025eko Aberri Egunerako adierazpena:

Klase berekoak izatea da munduko gainontzeko langileekin lotzen gaituena. Eta euskal nazioko kide izateak egiten gaitu euskal langile. Oinarrizko bi ideia hauen arabera eratu da euskal sindikalismoa; munduko gainontzeko langileekin solidarioa; Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialarekin konprometitua.

Euskal sindikalismoa, egun, estatuekiko arras desberdinak diren koordenadetan aritzen da. Estatu frantses eta espainiarrean sindikatu gehienak politikoki asimilatuak izan diren bitartean, Euskal Herrian burujabetzaren eta eraldaketa sozialaren aldeko langile sektore zabalak daude. Sindikalismo independentistaren ardura da aspirazio horiek egikaritzeko estrategia eraginkorra garatzea.

Nazioarteko testuingurua geroz eta korapilatsuagoa da. Kapitalaren logika planeta nahiz herritarren bizitza kolokan jartzen ari da. Hala erakusten digu krisi anizkoitzak (ekologikoa, energetikoa, sozioekonomikoa), militarismoren gorakadak, gerra komertzialek, behartutako migrazio prozesu erraldoiek, indarkeria matxistak edota prekarietatearen hedapenak.

Testuinguru honetan, are eta garrantzitsuagoa da Euskal Herriak ahalik eta burujabetza handiena izatea. Errepublika independente bat behar dugu, gainontzeko herriekin parez pare, datozen hamarkadetako erronka global itzelei aurre egiteko. Nahi ez ditugun erabakiak gure izenean har ez daitezen bermatzeko. Norabide erabat ezberdina behar duen mundu honetan gure alea ereiteko. Gerra ez, baizik eta bakea sustatzeko. Harrera herri izateko. Euskal Herria izateko.

Euskal Herriaren nazio aitortzan eta erabaki ahalmenean urrats berriak emateko aukera dugu parez pare. Ipar Euskal Herrian, Euskal Hirigune Elkargoak baino eskumen handiagoak izango lituzkeen egitura administratibo baten aldeko jarrerak indartzen ari dira. Ikuspegi sindikaletik, hiru herrialde hauetan negoziazio kolektiborako esparru propioa eratzeko proposamen zehatza jarri dugu mahai gainean.

Hego Euskal Herrian, berriz, egungo marko juridiko-politikoak gainditzeko baldintza berriak sortzen ari dira, sortzen lagundu dugu. Hamar urte bete dira Nafarroan aldaketa instituzionala egin zenetik; abertzaletasunaren aurkako apartheida gaindituta, burujabetzan eta eraldaketa sozialean urrats berriak emateko tenorea da. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE), aldiz, berriz ere zabalik da estatus juridiko-politikoaren inguruko eztabaida; eztabaida hori behingoz bururaino eramateko unea da.

Sindikalismo independentistaren ikuspegitik, hiru dira erronka nagusienak: (Hego) Euskal Herriaren nazio izaera aitortzea; erabakitzeko eskubidearen formulazioa zehaztea; eta ahalik eta autogobernu mailarik handiena lortzea, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko eskuduntza berriak eskuratuz.

Aipatutako erronkak ez dira nolanahikoak; azken mende erdiko borrokaldi politiko eta sindikalaren ardatz izan dira. Eta, horiek eskuratzeko, ezkerretik eta inde pendentismotik, eremu sozial eta sindikaletik, badugu zer egina. Iniziatibaz jokatu behar dugu; indar harremanak hobetzeko baldintzak sortzeko lan egin behar dugu.

Euskal Herriaren aitortza nazionala eta erabakitzeko eskubidea aldarrikatzeko iniziatibak indartzeko tenorea da, Aberri Egunarekin hasi eta ekainaren 7rako Gure Esku Dagok deitutako mobilizazio nazionaleraino. Nazio aitortza eta erabakitzeko eskubidea behar dugu, Euskal Herria bizi dadin, euskal herritarrok aske izan gaitezen, euskaraz bizi ahal izan dezagun. Nazio aitortza eta era bakitzeko eskubidea behar dugu, euskal langileon lan eta bizi baldintzak duintzeko bitartekoak izan ditzagun; eredu sozioekonomiko berri baterako trantsizio feminista eta ekosozialista abian jar dezagun.

Bigarrenik, Lan Harremanetarako eta Babes Sozialerako Euskal Esparrua eratzeko lan egin behar dugu. Izan da aurrerapenik azkeneko urte hauetan: borrokaren bidez negoziazio kolektiboaren estaldura maila hobetzea lortu dugu; bertako hitzarmenek lehentasuna izan dezaten lege aldaketa behartu dugu eta abian dira eremu berrietan bertako hitzarmenak sortzeko ekimenak; langile publikoen soldata eta lan baldintzak bertan erabakitzeko eskubidea aldarrikapen eta mobilizazioen erdigunean kokatu dugu; etxeko langileen negoziazio kolektiboaren alde borrokatu dugu; pentsioak KPIaren arabera eguneratzea lortu eta gutxieneko pentsioa ezartzeko lanean ari gara; Greba Feminista Orokorrarekin zaintzarako eskubide unibertsala aldarrikatu dugu.

Berriki, gutxieneko soldata propio eta duina ezartzeko iniziatiba sindikal bikoitza abian jarri dugu. Batetik, lanbidearteko akordio baterako proposamena egin dugu, eta, jakina denez, patronalak uko egin dio, gaur-gaurkoz, negoziazio mahaian esertzeari. Bestetik, Eusko Jaularitzak eta Nafarroako Gobernuak gutxieneko soldata ezartzeko eskumena izan dezaten herri ekimen legegilea sustatu dugu. Bide batetik nahiz bestetik, gutxieneko soldata propio eta duina eskuratzeko determinazio irmoa dugu, milaka euskal langileren bizi baldintzak hobetzeaz gain, Lan Harremanetarako Euskal Esparrua zabaltzeko urrats garrantzitsua litzatekeelako.

Laburbilduz, LABen ustez sindikalismo independentistak burujabetza maila handiagoa izango duen marko berri baterako aukerak sortzen lagundu behar du, eta, era berean, sortzen diren aukerak baliatu egin behar ditu langileen interesekoak diren gaietan aurrerapenak lortzeko, baita langileen artean gure bizi baldintzen gainean erabaki ahalmena handitzeak dituen onuren gaineko pedagogia egiteko ere. Hauxe da 2025eko Aberri Egunaren harira LABek berresten duen konpromisoa.

AZKEN ALBISTEAK | ÚLTIMAS NOTICIAS

Salatzen dugu Bilboko Portuko amarratzaileen aurka kaleratzeak, zigorrak eta presioa darabiltzala enpresak

Enpresak berriz ere marra gorri bat zeharkatu du: beste ordezkari sindikal bat kaleratu du bere eginkizun sindikala betetzeagatik eta langileen eskubideak eta lan-baldintzak defendatzeagatik. Enpresak mobilizatzen direnei eta lantaldearen alde aurpegia ematen dutenei ezarritako zigorren beste adibide bat da azken kaleratze hau.

Funts putreen esku dauden etxeak desjabetu ditzan eskatzen diogu LABetik Nafar Gobernuari

Testa funts Putrearen esku dauden etxebizitzei irtenbide iraunkorra emateko beharra azalarazi du sindikatuak, etxebizitzaren negozioari aurre egiteko egiturazko neurriekin batera. Larunbat honetan eta urriaren 17an borrokan diren maizterrekin batera mobilizatzera deitu dugu LABetik.

Jaurlaritzak aurre-erretiro txanda murriztuta eta akordiorik gabe inposatu du aurten ere administrazioetan

LABek errelebistak finko egiteko proposamenak eramango ditu administrazioetara eta enpresa publikoetara. LABek salatzen du gutxiengoarekin adostua, murritza eta Madrilen menpekoa dela Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu duen Euskadiko Administrazio Publikoko lan-kontratuko langile finkoen erretiro partzialerako Plana. Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei eskatzen diegu Euskal Herriko zerbitzu publikoen eta bere langileen baldintzak hemen negoziatzeko eta adosteko nahia benetan defendatzeko, argazki hutsak saihestuz. • Administrazio publikoetako langile guztiei zabalik zegoen akordioa urratuta gelditu da aurten ere. Jaurlaritzak murrizketa inposatu zuenetik, LABek urtero eskatu izan du planak langile funtzionarioei, estatutarioei eta behin-behinekoei ere eragitea. • Sinatuta dagoen akordio bat ez da zertan urtero berretsi. Testuak, paradoxikoki, hala jasotzen du, eta propaganda hutsaren kutsua du. • Uztaileko Mahai Orokorreko bileran, Jaurlaritzak ez zuen proposamenak eztabaidatzeko aukerarik eman. Soilik presioaren ondoren onartu zuen sindikatuen ekarpenak jasotzeko astebeteko epe bat zabaltzea. Eztabaidarik ez da izan, eta ez da LABen eskakizunik jaso. Sindikatuak medioen bidez jakin du Jaurlaritzaren erabakia. • Jaurlaritzak erabakia dagoeneko otsaileko bileran hartu zuen, eta bere plana onartu egin zuten CCOOk eta UGTk. Sindikatu bat beraren sinadurarik gabe ere har zezakeen, inposatu zezakeen, erabakia Jaurlaritzak. Badirudi leialtasunak saritu nahi izan dituela, eta jokabide sindikala baldintzatu. • Lakuako gobernuak Madrilen menpe jarraitzen du. Plana otsailean onartu zuenetik gaurdaino, Madrilekin kontu teknikoak zuzentzen baino ez da aritu. Are, bere oharraren arabera, ez du plana langile funtzionario eta behin-behineko guztiei irekitzeko eskaerarik egin. Mahai Orokorrean eta gainerako negoziazio mahaietan bere aldarrikapenak eramaten jarraituko du LABek, eta legeak eta prozedurak aztertu ondoren aukera hauek ikusten ditu: 1. Lehen aukera LABek exijitzen du Hego Euskal Herriko administrazioek legeak baimentzen dituen EPE espezifikoak egin ditzaten, horretarako dagoen birjartze tasa espezifikoa erabiliz. Horrela, errelebista langile finkoa izango litzateke. Prozesu hauek luzatu daitezkeenez, beste bi modalitate egiteko aukera dago: 2. Bigarren aukera Errelebistari ordezkapen kontratu bat egitea. Kontratu hau bukatuko da errelebo kontratua egiteko egin den EPEa bukatzen denean. Kasu honetan, LABek defendatuko du errelebistaren kontratu hori ordezkapen zerrendetatik egitea, eta zerrendarik ez balego, administrazioak lan poltsa sortzearen alde borrokatuko du. 3. Azken bidea 2024ko apirilaren 1etik aurrera egindako kontratu laboral finko batekin binkula daiteke errelebo kontratua. Gerta daiteke errelebistaren kontratu hori erretiro partziala hartuko duen langile kategoria berekoa ez izatea. LABek eskatzen die Hego Euskal Herriko administrazio guztiei aurrerapauso bat emateko eta, legeak ahalbidetzen duen bezala, langileak errelebista finko egingo dituen EPEak martxan jartzeko. Eta, bitartean, erabili ditzatela dituzten lan-poltsa eta ordezkapen zerrendak erretiro partziala lortu dezaketen langileei eskaintzeko. LABek arazoa gure administrazioetan behingoz konpontzeko borondatea eskatzen die Jaurlaritzari eta sindikatu sinatzaileei, eta aukera langile guztiei berriz zabaltzeko borrokan jarraituko du.